Igandean hasi eta martxoaren 24ra bitartean, nazioarteko Emauseko ordezkariek munduko biltzarra dute Lapurdin, Angelu herrian. Orain arte egindako lanaren bilduma egin, eta etorkizunerako lan ardatzak finkatuko dituzte. Gaur arratsalderako, ekimen bat antolatua dute, Baionako Herriko Etxearen aitzinean, eta han aipatuko dute Euskal Herriak gatazka gainditzeko duen abagune politikoari.
Lau kontinente eta 37 estatutan lanean diharduten ordezkariak bildu dira, Angelun. Zein dira bultzatu nahi dituzuen lan ardatzak?
Azpiegitura mugimendu xumea gara, eta, ekonomia aldetik ere, elkarteentzako erronka handia da lau urtero biltzea. Egitura pisuak baino gehiago, tokiko lana garatzea hobesten dugu. Hala ere, mugimendu orok behar du ideiak partekatzea eta eztabaidatzea, etorkizuneko lan ildoak finkatzeko. Tokiko taldeek hurbileko gaiak lantzen dituzte, haien errealitatea delako. Baina guztiek partekatzen ditugun erronkak badira. Urarena da horietako bat. Uraren kontrola eskuratzeko gerrak daude munduan, eta ipar hemisferioan ere gatazka iturri da. Osasuna bermatzea da bertze erronka bat. Mutualizazioa plantan ezartzen duten egiturak sortzen saiatzen gara. Hezkuntza eskubidea litzateke hirugarren ardatza. Toki anitzen politika publikoak ezdeusak dira, edo biziki ahulak. Kasu horietan, egitura irekiak sortzen saiatzen gara. Mikromailegu sareak osatzen ahalegintzen gara, jende anitzek ez baitu egitura ofizialen maileguak lortzeko paradarik. Espainian, Bosnian, Argentinan, adibidez. Banketxeek erraz uzten diete dirua enpresa klasikoei, baina nekez herritar xumeei. Gizarteratze egiturek, kooperatibek, laguntza txiki bat behar dute usu, haien lanari bultzada emateko.
Emausen kezka nagusietarikoak dira migrazioa eta etorkinen harrera.'Zero tolerantzia' eta kanporaketa kuotak ditu indarrean Frantziak. Zer egin horren aurka ?
Mundu zabalean arazo handiak daude ezberdintasuna onartzeko. Kanpotarra arrisku gisa hartzen da mundu zabalean. Alta, jendea kanpora joatera behartzen duten arrazoi ugari daude: klima, ekonomia, arrazoi politikoak, etnien arteko borrokak... Mundu zabalean urratzen dira nazioarteko itunak; eskubideak zangopilatzen dira. Europak, adibidez, jendeen zirkulazio askea aldarrikatzen du bere barruan. Giza eskubideen ituneko 13. artikuluak ere aipatzen du mugitzeko askatasun hori. Migrazioa aberatsen eskubidea da, gaur egun, eta abantzu ezinezkoa pobreentzat. Europan eta Frantzian, bereziki, eskubideen uzkurtze prozesu bat gertatzen da. Etorkinen gaia politikoki erabili dute, eta etorkina kriminalizatu, haren beldurra sortu. Etorkina aberastasunak lapurtzera datorrela pentsarazi nahi dute, bai gaizkile gisa aurkeztuz, bai bertakoei lana kentzera datorrela erranez.
Europako agintarien diskurtsoa gezurretan oinarritzen dela diozu?
Migrazio handiena ez da hegoa-iparra norabidean egiten, hegoa-hegoa norabidean baizik. Jendeak ez du etxea uzten gutizia duelako, baizik eta ezin delako bertan bizi. Europa aurreiritziz beterik dago, eta indar politiko batzuek horiek baliatzen dituzte, diskurtsoa biziki arriskutsua den arren. Etorkinen gaian, buruzagi politikoek inarrosten duten intoxikazioaren aurka borrokatu behar dugu, indartsu. Gezurrean oinarritzen dira diskurtso horiek. Frantzian, adibidez, frogatu da etorkinek jasotzen dituzten laguntzak baino gehiago direla haiek ordaintzen dituzten zergak. Etorkinak aberastasuna ekartzen digu, eta hori goraki erran behar da.
Gaur, Baionako Herriko Etxearen aitzinean eginen duzuen ekitaldian Euskal Herriko egoera izanen duzue aipagai.
Gatazka gainditu, eta normalizazioa lantzeko aukera duelako Euskal Herriak. Mundu zabalean, eta Europan ere, gatazken erdian lan egin dugu; adibidez, Bosnian. Elkar entzutetik eta bertzearen errespetutik hasten da bakea eraikitzen. Hitza askatzea da oinarria. Gatazka batean ikuspegi eta arrazoi anitz daude. Gainditzeko, ulertu behar dira.
Jean Rousseau. Nazioarteko Emauseko presidentea
«Migrazioa aberatsen eskubidea da, gaur egun; pobreentzat, ezinezkoa»
Emausen ustez, biziki arriskutsua da etorkinen gaia politikoki erabiltzea, gezurretan oinarrituz bertzearen beldurra sortzen delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu