«Emakumeen aurkako indarkeria ez da soilik lekualdatzeen kausa. Prozesu osoan zehar gertatzen dira indarkeriak». Halaxe azaldu du Sara Diego Alboan gobernuz kanpoko erakundeko intzidentzia politikoko arduradunak. Kongoko Errepublika Demokratikotik itzuli berria da Diego, Euskal Herriko hainbat emakume kazetarirekin batera egindako bidaiatik, eta agerraldia egin du gaur Bilbon, Entreculturas, Ellacuria Fundazioa eta SJM migranteen zerbitzu jesuitako kideekin batera. Han izan dira Caddy Adzuba Kongoko Errepublika Demokratikoko abokatu eta aktibista eta Jenny Paula Tenorio kolonbiar jatorriko Euskal Herriko aktibista ere. Eskaera zehatzak egin dizkiote Europako Batasunari eta oro har gizarteari: emakumezko migranteen behar espezifikoei errepara diezaietela, eta genero ikuspegia kontuan har dezatela migrazio politikak egiterakoan. Ez baitira gutxi migrazio prozesu bati ekiten dioten emakumeak: Pilar Kaltzada kazetariak azaldu duenez, 280 milioi lagun dira migratzaileak gaur egun munduan, eta horietatik ia erdiak dira emakumezkoak —zehazki, %48—. Europara iristen direnen artean are gehiago dira, Diegoren erranetan: %51,6 dira emakumezkoak.
Lucia Rodriguez Entreculturas gobernuz kanpoko erakundeko intzidentzia politikoko arduradunak azaldu duenez, Europako Batzordea 2020an hasi zen Europako Migrazio eta Asilo Hitzarmena eztabaidatzen. Baina prozesua «motela» dela salatu du, eta ez dela batere «gardena» izaten ari: «Segurtatze eta itzulera politikek kriminalizazioa iraunarazten dute». Oroitu du Ukrainako gerraren harira Europako estatu ugari ari direla harrera politikak zabaltzen eta elkartasuna erakusten. Neurri horiek txalotu ditu, baina eskatu du bertze herrialde batzuetatik etortzen direnei ere neurri berak aplikatzeko.
Europako hitzarmen horretan genero perspektiba txertatzeko galdegin dute gobernuz kanpoko erakundeek. Horretarako, uste dute beharrezkoa dela migratzen duten pertsonak «erdigunean» jartzea, haien eskubideak errespetatuta. Eta zehazki emakume migranteen eskubideak: «Emakume izate hutsagatik pairatzen dute indarkeria. Neurriak behar dira emakumeak eta neskatilak babesteko». Adzubak azaldu du indarkeria horren adibideetako bat: Kongoko Errepublika Demokratikoan emakumeak gerrako arma gisa erabiltzen dituzte, eta horrek bultzatzen ditu lekualdatzera. Tenoriok bertze bat: Hego Amerikatik etorritako emakumeek maiz zaintza lanak egiten dituzte, aitortzarik gabe.
Rodriguezek eskatu du jatorriko eta helmugako herrialdeen arteko kooperazioa handitu dadila, eta kontuan har dadila martxan diren migrazio politikek emakumeengan zer eragin duten: «Emakumeak maiz salerosiak dira migrazio prozesuetan, edota bideko bortxaketen ondorioz haurdun gelditzen dira».
Mugetan egiten diren harrera prozesuetan denbora eta baliabide gehiago jartzeko ere eskatu dute, emakumeek jasandako indarkeria sexual eta salerosketa kasuak detektatu eta horiek kontuan hartuta asilo eskaerak bideratu ahal izateko. Harrerarekin lotuta, atxilotze guneak ez diren harrera zentroak sortzeko eskatu dute, ohartarazita atxikitze zentroetan emakume eta umeek baldintza okerragoak izaten dituztela. Migrazio politiketan lan egiten duten instituzio eta profesionalei genero perspektiba duen prestakuntza espezifikoa ematea exijitu dute, gainera. Eta, azkenik, Europako Batasunari eta herritarrei eskatu diete migratzen duten pertsonen ahotsak entzun ditzatela.
Izenpe bilketa
Gaur Bilbon agerraldia egin duten gobernuz kanpoko erakundeek sustatutako Emakumeok Martxan kanpainaren barnean egin dituzte eskaerok, eta horiekin bat egiten duten herritarrei galdearen aldeko sinadura emateko eskatu diete. Mujeresenmarcha.org webgunean eman daiteke izenpea.