Migrazio lankidetza indartuko dute Jaurlaritzak eta Elkargoak

Euskal Elkargoa igaroan doazen migratzaileen arretarako erakunde arteko mahaira batu da. Eusko Jaurlaritzak 55 Pabiloia aurkeztu du ukrainarrei harrera egiteko; 150 lagunentzako lekua du eraikinak

Ordezkari politikoak, migratzaileei harrera egiteko zentro berrian, atzo, Irunen. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Iosu Alberdi.
Irun
2022ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
«Iragatearen sinbolo» da Santiago zubia, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluren esanetan, «gerratik, pobreziatik eta indarkeriatik ihes egiten duten pertsonena». Hala, Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) artean irudikatu dute hark eta Euskal Elkargoko haren homologo Jean Rene Etxegaraik igarobidean dauden migratzaileen arretarako lankidetza indartzeko asmoa. Jaurlaritzak, gainera, martxan jarri du 55 Pabiloia, Hilanderasko harrera zentroaren osagarri izateko prestatua, eta datozen asteetan Ukrainatik ihesean iritsiko direnak artatzeko erabiliko da.

«Ukrainatik iristen direnak eta zubi hau aukera bila igarotzen saiatzen direnak berdin babestu nahi dituen gizarte bat izan behar dugu», adierazi du Urkulluk Irungo agerraldian, eta dei egin du gizarte «askotarikoa, bidezkoa eta solidarioa» eraikitzera. Izan ere, bilkuraren arrazoia igarobidean dauden migratzaileak artatzeko lankidetza izan arren, protagonismo berezia izan du Ukrainako gatazkak. «Gogoan daukagu Errusiak Ukrainari egindako inbasioa, pertsona errugabeak erasotzen dituelako, eta laguntza, babesa eta harrera bilatzen duten milaka pertsonen ihesa eragiten duelako», azaldu du Jaurlaritzako lehendakariak.

Etxegaraik, berriz, muga zeharkatzea helburu duten migratzaileengan jarri du arreta. Elkargoko presidenteak azaldu du «giza duintasunarekin eta legearen errespetuarekin lotutako eskubideak» bermatu behar zaizkiela. «Balio moralez ahazteak gaur egun gogoratzen ditugun bezalako egoera tragikoak berpiztera eramango gintuzke», nabarmendu du hark, eta gogorarazi Frantziako Konstituzioak eskubide gisa onartzen duela haienganako «senidetasuna».

Biek ere lore eskaintza egin dute Santiago zubiaren parean, gerretan bizia galdu dutenen eta «bizi hobe baten bila» Bidasoa zeharkatzen hil direnen omenez —zazpi azken hilabeteetan—. Haiekin batera, ekitaldian parte hartu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bizi diren bi ukrainarrek, Zehar Errefuxiatuekin elkartearen Oñatiko (Gipuzkoa) zentroan bizi diren Saharaz hegoaldeko bi errefuxiatuk eta 36ko gerra bizi zuten bi herritarrek.

Pasaeran dauden migratzaileei laguntza emateko erakunde arteko mahaiaren bileran ere parte hartu dute Urkulluk eta Etxegaraik. Han izan dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal eta Euskal Elkargoko kontseilari Joseba Erremundegi ere. Jakinarazi dutenez, gerora ere leku iraunkor bat izango du Erremundegik koordinazio mahai hartan. Bilerarekin, «migrazio krisiaren aurrean konpromiso humanitarioa» adierazteko eta iazko azaroan sinatutako adierazpen instituzionalean sakontzeko asmoa adierazi dute bi aldeek. «Borondatez jarraituko dugu igaroan doazen migratzaileei eta nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonei tratamendu duin eta gizatiarra emateko», adierazi du han Eusko Jaurlaritzako lehendakariak.

Beste baten beharra

Bi erakundeetako ordezkariek Jaurlaritzaren eskumeneko eta Gurutze Gorriak kudeatutako bi harrera zentroak ere bisitatu dituzte. Izan ere, Hilanderasko zentroaren osagarri gisa ireki berri dute 55 Pabiloia, lehenetik 200 metrora. 150 lagunentzako lekua du, baina, oraingoz, Ukrainatik ihesi iritsiko direnak artatzeko erabiliko dute. Han lau edo bost egun egingo dituzte gehienez, Jaurlaritzak azaldu duenez, ondoren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako beste harrera zentro batzuetara bideratzeko, kasuaren arabera. Hala, libre utziko dute Irungo erromesen aterpea, azken hilabeteetan migratzaileak jasotzeko erabili ostean.

Hilanderasko zentroak, berriz, ehun lagun inguru jasotzeko tokia du, eta hura egokitzeko lanak egiten ari dira. Jaurlaritzaren arabera, iaz 8.000 lagun baino gehiago igaro ziren handik, gehienak Kanaria uharteetatik (Espainia) iritsitako migratzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.