Ipar eta Hego Euskal Herriko muga zeharkatzen duten migratzaileen egoera salatzeko, mobilizazioa egingo dute hilaren 29an, Harrera herria. Zubiak eraiki, ez harresiak. Inor ez da legez kanpokoa lelopean. Irundik (Gipuzkoa) eta Hendaiatik (Lapurdi) abiatuko dira bi manifestazio, 17:00etan, eta Santiago zubian elkartuko dira.
Irungo Harrera Sarea, Cimade, Etorkinekin, Diakite eta Bizi elkarteek deitu dute mobilizatzera. Irungo sareak atzo agerraldi batean azaldu zuenez, migratzaileei egiten zaien harrera salatuko dute. Euskal administrazioei egotzi die «oso rol eskasa» jokatzea etorkinei harrera egin eta politika horiek arintzeko orduan. «Gizarte politika publiko serio eta arduratsuak aplikatuko balira, erakunde publikoen lehentasuna lirateke egoera zaurgarrian dauden pertsona horien beharrak. Bide horretan lanean berehala hasteko eskatzen dugu».
Horrez gainera, salatu dute Frantziako agintariek aitzakia gisa erabili dituztela pandemia eta «terrorismoaren» aurkako alerta, «kontrol arrazistak» egiteko. Irungo Udalari, aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diete ez «ezkutatzeko» eskumenetan dituzten mugetan, eta politika aldaketa bat eskatzeko.
Azpimarratu dutenez, Europako Batasunak eta estatu kideek ezarritako migrazio politikak «arrazistak» dira, eta urtero moldatzen dituzte legeak, migratzera behartutako etorkinen etorkizuna zailtzeko eta «mingarriago bihurtzeko». «Horregatik guztiagatik egiten dugu deialdi hau».
Migratzaileen egoera salatzeko, mobilizatzera deitu dute hilaren 29rako
Irundik eta Hendaiatik abiatuko dira bi manifestazio, eta Santiago zubian elkartuko dira. Etorkinei ematen zaien tratua salatuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu