Euskara

Migratzaileek euskara «gertuko» izateak eragina du hizkuntzarekiko duten jarreran

Gaiari buruzko ikerketa baten lehen datuak aurkeztu ditu gaur goizean Begirune fundazioak EHUren Udako Ikastaroen barruan egindako saio batean

jarraia232779.jpg
arantxa iraola
2023ko irailaren 14a
14:26
Entzun

1.006 andre eta gizon migratzaileri euskararen inguruan galdera egin die Begirune fundazioak. Ezagutza. Erabilera. Jarrera. Hiru aldagaiak aztertu dituzte. Adierazi dute oraindik xehe-xehe aztertzeko daudela datu guztiak, eta jasotako aldagaien artean egin daitezkeen alderaketa guztiak ere egiteko daudela, baina lehen aurrerapen bat egin dute. EHUren Udako Ikastaroen barruan egindako saio batean egin dute aurkezpena. Jose Antonio Oleaga eta Mario Hortal ikertzaileek aurkeztu dituzte datuak. Eta hainbat ondorio ere plazaratu dituzte. Nabarmenenetarikoa, hauxe: migratzaileek euskara «gertuko» sentitzea aldagai garrantzitsua da gero hizkuntzaren aldeko jarrera izateko.

21 herrialdetatik heldutako gizon eta emakumeei egin diete galdera. Datuek erakusten duten ezagutza maila apala da. Inkestan parte hartu zutenen %46,7k esan dute ez dakitela batere euskararik; %37k zerbait dakitela. Euskara ondo dakitenak «talde txiki bat dira». Ikertzaileek zehaztu dute, hain gutxi izanda, errazagoa dela haien «soslaiari» erreparatzea. Oro har, unibertsitate ikasketak dituzte, 18-29 urte artean, egoera ekonomiko onean bizi dira, eta paperekin-eta lotutako arazorik ez dute. Soslai horretan agertzen diren antzeko ezaugarriak agertu zaizkie beste hainbat aldagairi erreparatzeko orduan ere.

Erabilerara begira, %35ek onartu dute ez dutela inoiz euskara erabiltzen. %25ek ia inoiz ere ez. Inguruan euskararik entzuten duten galdetuta, migratzaileek ikusten duten errealitatea, oro har, erdalduna da: %65ek inoiz ez dutela entzuten esan dute; %15ek noizean behin bakarrik. Eta migratzaileek, batez beste, beren eguneroko martxan %3k bakarrik erabiltzen dute euskara gertukoekin.

Guraso direnei, galdetu diete seme-alaben euskara ezagutzari buruz. %35k esan dute beren seme-alabek ez dakitela edo deus gutxi dakitela; %40k, berriz, adierazi dute etxeko gazteek euskara maila altua dutela. Hor berriz ere, aldagai ekonomikoa eta ikasketena agertu dira; euskara dakitenen guraso gehienek, oro har, unibertsitate ikasketak dituzte, maila ekonomiko ona. 5.000-20.000 biztanle artean dituzten herrietan bizi direnen artean, halaber, errazagoa da seme-alabek euskara jakitea udalerri handiagoetan bizi direnek baino.

Seme-alabei dagokionez, inkestan parte hartu duten gurasoen %11,6k esan dute laguntza ematen dietela beren seme-alabei euskara ikasteko prozesuan. Gainerakoek, ez. Berriz ere, haurrei laguntzeko gaitasuna duten horien artean agertzen dira unibertsitate ikasketak eta maila ekonomiko ona duten migratzaileak. Euskara ere jakin behar dute, noski, laguntza eman ahal izateko. Hortik ondorioa: «Seme-alabei, ahal dutenek, laguntza ematen diete».

Jarrera: alde, baina ez oso bero
Jose Antonio Oleagak esaldi batean laburtu du zein jarrera duten migratzaileek, oro har, euskararen inguruan: «Aldeko jarrera epela da». Hainbat esaldi proposatu dituzte, horien inguruan alde edo kontra dauden adierazteko esan diete ikerketan parte hartu dutenei, eta horrela neurtu dituzte jarrerak. «Eta jende gehiena erdian dago», zehaztu du ikertzaileak. Hain justu ere, erantzunetan ez da ikusten, oro har, «polarizazio» handirik.

Hemen ere jendearen ezaugarri eta bizi baldintzek eragina dute. Jarrera hobea da herri txikietan bizi direnen artean, eta eragina dute, berriro ere, euskararen ezagutzak, ikasketa mailak eta egoera ekonomikoak. Jatorriak ere bai zenbaitetan, Hego Ameriketatik eta Magrebeko herrialdetatik etorritako migratzaileen artean, adibidez, oro har, jarrera onak ikusi dituzte; Txinatik eta Errumaniatik etorritakoen artean, uzkurragoak. Oraindik asko dago aztertzeko, ordea, datu horien atzean zer dagoen jakiteko.

Euskara eta immigrazioa. Ikerketa baten harira... izena du ikerketa plazaratzeko antolatu duten ikastaroak, eta ondoren hainbat aditu solastatu dira gaiaren inguruan. Xabier Aierdik zuzendu du ikastaroa; migratzaileen errealitatera begira euskararen auziari begiratzea «erronka» garrantzitsua dela gogoratu du eta, zentzu horretan, atzerritik heltzen diren gizon eta emakumeei zuzenduriko «harrera sistema» indartzeko bideak pentsatu behar direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.