Migratzaileei laguntzeagatik auzipetutako zazpi ekintzaileei karguak erretiratzeko eskatu dute ehunka lagunek

Manifestari andana elkartu da Irundik Hendaiarako bidean. Migrazio politika «hiltzaileak» salatu dituzte, eta babesa erakutsi diete etzi epaituko dituzten zazpi ekintzaileei. Elkarretaratzera deitu dute astearterako, Baionako auzitegiko atarian.

Ehunka manifestarik gurutzatu dute Santiago zubia, Irun eta Hendaia artean. GORKA RUBIO / FOKU
Ehunka manifestarik gurutzatu dute Santiago zubia, Irun eta Hendaia artean. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Otaegi Leonet.
2025eko urtarrilaren 26a
13:00
Entzun

Iazko Korrikan, 36 migratzailek Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko muga pasatu zuten, eta zazpi lagun auzipetu zituzten «talde antolatuan migranteei muga pasatzen eta migranteak aterpetzen» laguntzea leporatuta. Asteartean epaituko dituzte zazpiak, eta, horren harira, 2.500 lagunetik gora lagun bildu dira gaur goizean Irungo Ficoba erakustazokan, auzipetuen kargugabetzea eskatzeko. Manifestazioa abiatu aurretik, Bidasoan hildako bederatzi migranteren izen-abizenak gogoratu dituzte, eta orduan hasi dute Hendaiarainoko bidea, hain zuzen, iazko martxoan bezala: Santiago zubia zeharkatuz.

Manifestariak bi helbururekin elkartu dira, Endika Perez LABeko Ekintza Sozialeko idazkariak azaldu duenez: batetik, «Europan eta Espainiako eta Frantziako estatuetan ezartzen diren migrazio politika hiltzaile eta arrazistak» salatzea, zeinek «milaka lagunen bizitzak arriskuan» jartzen dituzten; bestetik, berriz, elkartasuna adieraztea Bidasoaren bi aldeetan antolatuta dagoen elkartasun sareko kide auzipetuei.

«Etengabe eskatu dugu epaiketa bertan behera geratzeko; karguak erretiratu behar dizkiete», esan du Perezek, Irundik Hendaiarako bideari ekin aurretik. Horiek horrela, gaurko manifestazioaren deialdia egitearekin batera J'accuse (salatzen dut) autoinkulpazio kanpaina abiatu zuten azaroan. Duela lauzpabost egun, mila lagunek bat egina zuten kanpainarekin, eta gaur kopuru hori bikoiztea espero dute gutxienez, «baita hirukoiztu ere». Izena eman dutenek beren burua erruduntzat jo dute «sinbolikoki», zazpi auzipetuei egozten dieten ekintzan parte hartu zutela esanez. 

50 eragile politiko, sozial eta sindikalek bat egin dute kanpainarekin: Bizi, CIMADE, Ernai, EH Bai, EHE, ELA, ESK, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Ernai, LAB, Sortu, Steilas...

Etzi, asteartez, joan beharko dute zazpi ekintzaileek Baionako epaitegira, baina ez dira bakarrik egongo: 13:00etarako, elkarretaratzera deitu dute epaitegiaren atarian haiei babesa adierazteko, eta jasotako autoinkulpazio guztiak eramango dituzte. Kanpainaren arrazoia eman du Perezek: «Karguak erretiratzeko eskatzen dugu, uste dugulako ez dagoela inongo deliturik egin duten lan horretan guztian; eta zeragatik diogu j'acusse edo guk akusatzen dugu: epaitu beharrekoa ez da elkartasuna, baizik bederatzi pertsona Bidasoan hiltzera kondenatu dituzten migrazio politikak eta horiek indarrean jartzen dituztenak». 

LAB sindikatukoak adierazi du «migrazio politikek hiltzen dutela, ez mugek», eta Euskal Herria «harrera herria» izatea nahi dutela. Horretarako bidean, «jendarte antolatua da beste behin ere aurretik doana; hori da bidea: presio herritarra, mobilizatzea eta behingoz egoera iraultzeko baldintzak sortzea».

Auzipetuak

Zazpi lagun epaituko dituzte urtarrilaren 28an: Argitxu Dufau eta Eñaut Aramendi LAB sindikatuko kideak; Jakes Bortairu eta Dominika Dagerre, EH Bai eta Etorkinekin kolektiboko kideak; Aitzane Lasarte eta Fernand Perret Bidasoa Etorkinekin elkartekoak; eta Frantzia Intsumisoko kide bat. Horiek auzipetu zituzten arren, etorkinen aldeko kolektibo oso batek hartu zuen bere gain Korrikaren lehen eguneko «desobedientzia zibileko ekintza» —talde horren parte dira harrera sareak; LAB, Steilas, FSU64 eta Ipar Euskal Herriko SUD sindikatuak; Berdeak, EH Bai, Frantzia Intsumisoa eta Ipar Euskal Herriko Gauche Ecosocialiste alderdiak; eta Bizi, Attac eta Xuti Gazte herri mugimenduak—.

Atzo, auzipetuek artikulu bat igorri zioten Kazeta.eus atariari. Zera esan zuen bertan: «Elkartasun ekintza batengatik epaituko gaituzte», haien esanetan. «Euskal Herria zatikatzen duen muga honetan eta honengatik jada bederatzi pertsona hil dira. Zer egin beharko genuke? Beste norabait begiratu? Gizaki gisa eta politikoki ezinezkoa zaigu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.