Migratzaileak laguntzeagatik, hiru kide atxilotu ditu Poliziak Urruñan

Arratsalderako utzi dituzte aske. Dozenaka pertsona bildu dira Hendaian, Etorkinekin Diakite eta Bidasoa Etorkinekin elkarteek deiturik

Elkarretaratzea egin dute Hendaian atxiloketak salatzeko. GILLAUME FAUVEAU.
Garazi Aduriz Zuñeda.
Hendaia
2023ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Etorkinekin Diakite federazioak eta Bidasoa Etorkinekin elkarteak elkarretaratzea antolatu zuten atzo, «haien kideen aurkako errepresioa» deitoratzeko. Dozenaka lagunek hartu zuten parte protestan. Hain zuzen, Frantziako Poliziak hiru lagun atxilotu zituen goizean, etorkinei laguntzea egotzita. Arratsalderako askatu zituzten. Hala ere, ikerketak irekia segitzen du «talde antolatuan egonaldi irregularrean dauden pertsonak laguntzeagatik», Jerome Bourrier Baionako prokuradorearen arabera.

Hiru kideetako bat astelehen arratsean atxilotu zuten, etorkinak autoan eramaten zituela. Gainontzeko biak, berriz, Urruñako haien etxeetan atxilotu zituzten goizean goiz. «Etxeak miatu» ondotik, Hendaiako komisariara eraman zituzten, eta bertan atxiki zituzten hirurak atxiloaldian. Devi Martinez Bidasoa Etorkinekin elkarteko kideak Frantziako Poliziaren ekinbidea salatu zuen: «50 eta 60 urte arteko kideak dira; goizeko seietan joan dira haien etxeetara atxilotzera». Martinezek azpimarratu zuen lehen aldia dela elkarteko kideak modu «bortitz» horretan atxilotzen zituztela: «Hamabi polizia zeuden bi kiderentzat».

Amaia Fontang Etorkinekin Diakite federazioko kideak adierazi zuen ez dutela «larderiarik» onartuko, eta azpimarratu zuen pertsona bat Baionara eramatea ez dela «delitua». Horrez gain, gogoan izan zuen Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak aurkeztu lege proiektu berria: «Isilpean pasarazi nahi dute».

Immigrazio lege berria

Darmaninen «immigrazioa kontrolatzeko eta integrazioa hobetzeko» lege proposamen berriaren bidez, migranteak laguntzen dituztenen kontrako zigorrak handitu nahi ditu Frantziako Gobernuak. Frantziako Estatura sartzen laguntzea, zirkulaziorako laguntza ematea, edo egonaldi irregularrarentzako laguntza ematea hamabost urteko kartzelaldiarekin zigortzen ahalko dute, delitua «talde antolatu» batek egin badu.

Lege proposamen berriaren aurka, mobilizazioa antolatuko dute Ipar Euskal Herriko hainbat eragilek larunbaterako; 16:00etan izango da, Baionako herriko etxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.