Migratzaileak D eredura erakartzeko kanpaina bat egingo dute Nafarroan

Kontseiluak, Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta Sortzen-ek euskara betidanik «integrazioaren eredu» izan dela azaldu nahi diete etorkinei

Josu Reparaz, Marta Diez eta Paul Bilbao, atzo, Antsoaingo Kulturgunean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
joxerra senar
<i>Iruñea</i>
2021eko martxoaren 12a
00:00
Entzun

Aurtengoan berandu dator hurrengo ikasturterako aurrematrikulazioa Nafarroan. Pandemiaren eraginez, apirilaren 21ean hasiko da, eta, epe horri begira, euskarazko irakaskuntzan aritzen diren eragileek mezu bateratu bat zabaldu nahi izan dute. Kontseiluak, Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta Sortzen-ek keinua egin nahi diete etorkinei, euskarazko D eredura erakarri asmoz. «Azkenean, euskara da gehitzeko, batzeko, jakintza gehiago izateko, mundu ikuskera berri bat emateko. Alegia, modu positiboan egiten dugu planteamendua», azpimarratu zuen Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak, atzo, kanpainaren aurkezpenean.

Testuinguru berezian dator kanpaina. Nafarroan, PAI ingelesezko programa hedatzen ari da apurka beste ereduetan, eta hura bultzatzen duten esparru politikoetatik maiz entzuten da D eredua etorkinei itxita dagoela. Horregatik, guztiz bestelako mezua zabaldu nahi dute Sortzen-ek eta ikastolek, eta aldarrikatu betidanik euskarazko irakaskuntza «integrazioaren eredu» izan dela, haur zein ikuskera guztiei irekia. «Euskara ama hizkuntza izan gabe etorri diren ikasleak euskaldundu dituen sistema izan gara, eta fruituak eman ditu. Horretan jarraitu nahi dugu», azpimarratu zuen Josu Reparaz NIEko zuzendariak, eta garrantzitsutzat jo zuen etorkinek ere euskara «hurbileko» ikustea.

Marta Diez Sortzen-eko ordezkariaren esanetan, «inoiz baino beharrezkoagoa» da hiru eragileak elkarlanean aritzea kanpainan. Bertan, etorkin komunitate desberdinei zuzendutako bideo mezuak zabalduko dituzte hainbat hizkuntzatan.

Gainera, martxoaren 17an, 18:00etan, Antsoaingo kulturgunean mahai inguru bat antolatu dute, D ereduaren inguruko zalantzak argitzeko. Bertan parte hartuko dute Paula Kasares NUPeko irakasleak, Richard Weyndling ingeles irakasleak, Txaro Etxetxipia erretiroa hartutako irakasleak, Maria Lopez neurozientzian doktoreak eta Iñaki Eizmendi gizarte langileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.