Migratzaileak

Migratzaile bat hil da Bidasoa ibaian ustez itota, Irunen

 Irungo Harrera Sareak jakinarazi duenez, bi migratzailek uretara salto egin dute, eta hilik aurkitu dute horietako bat. Elkarretaratzera deitu dute biharko.

Uxue Rey Gorraiz.
2021eko maiatzaren 22a
13:28
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak emandako datuen arabera, Santiago Aurrera irlan aurkitu dute gorpua, ibaian barrena zihoazen kayakista batzuek,11:00 aldera. Irungo Harrera Sareak zehaztu du zendu den pertsona hori migratzaile bat dela. Gainera, sarekoek emandako informazioaren arabera, beste migratzaile batek ere salto egin du uretara. Bigarren hori bizirik erreskatatu dute, gorpua aurkitu duten ibai ertz berean. 16 urteko gazte bat da. Sarekoen esanetan, uretara salto egin duten pertsona horiek igerian Hendaiara iristea zuten helburu.

Irungo Harrera Sareak elkarretaratze batera deitu du biharko; gorpua agertu den lekuaren inguruan eginen dute,11:30ean. Sarekoek galdegin dute heriotza ez dadila uler «migrazioaren sinonimotzat». Gainera, instituzioei eskatu diete «migrazioaren eta egin beharreko harreraren erantzukizuna» beren gain har dezatela. Adierazi dutenez, nahi dute «eskubideak sistematikoki urratzen dituzten muga horiei irtenbidea aurkitzeko» urratsak egin ditzatela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.