Espainiako autonomia erkidegoetako ordezkariek lau ordu baino gehiago iraun zuen bilera egin zuten uztailaren lehenengo hamabostaldian, eta erabaki zuten Kanarietara eta Ceutara (Espainia) bakarrik iristen diren adin txikiko 347 migratzaile banatzea. Hego Euskal Herrira 33 iritsiko dira. Iritzi diferenteak eragin ditu erabakiak. Besteak beste, eragileek exijitu dute adingabe migratzaileak «merkantzia» gisa ez erabiltzea.
Haur migratzaileen auzia ez dela egoki jorratu, hala uste du Marisabel Albizuk, Ellacuria fundazioko zuzendariak. Izan ere, arazoa «oso handia» da, eta ezin da zenbaki batera murriztu. «Ezin dugu ikuspuntu hori erabili arazoa ikusteko, ezta arazo horren erdian dauden pertsonak ikusteko ere», kritikatu du. Gainera, arazoa ez da «berria»: «Pertsona horiek hilabeteak daramatzate uharteetan, ez aurrera ez atzera».
Erabakiaren atzean «atzerritarren inguruko politika batzuk» daudela uste du Albizuk. Politika horietan, gainera, «arbitrariotasun handia» dago: «Neurri batzuk hartzeko daude, eta ez dira aplikatzen; adingabeak direla onartzen dugunean, beste neurri batzuk ezarri beharko lirateke, baina batzuetan ez da egiten». Hori dela eta, Atzerritarren Legearen «gauzatzea» aztertzeaz gain, Atzerritarren Legea «berrikusi» beharko litzateke.
Bestalde, Albizuk gogoratu du giza eskubide bat dela munduan zehar mugitzeko aukera izatea: «Ni mugi naiteke, baina beste pertsona batzuek ez dute hori bermatua». Eskubide hori errespetatzea ezinbestekotzat jo du. Gizarteari dagokionez, «hospitalitatearen» alde egin du: «Baditugu esperientzia batzuk: 2022an Euskal Herriko herritarrek hasieratik ireki zizkieten ateak ukrainarrei; hori mantendu behar dugu».
«Jatorrizko tokitik kanpo, beste kultura, hizkuntza eta ohitura batzuk dituen espazio batean bizi proiektu bat hasi behar izan dute; horrek erronkak batzuk dakartza, eta esfortzu bat eskatzen du»
RIDOUANE CHAKOUCHAgharas elkartearen sortzailea
Ridouane Chakouchen arabera, onartutako neurria «solidarioa» da, eta posible egingo du «haur migratzaile batzuk modu duinean hartzea». Agharas elkartearen sortzaileetako bat da Chakouch. Esan duenez, esku hartze egoki bat egiteko, ezinbestekoa da «baldintza onak» egotea. Izan ere, haurren «bidezko banaketak» euren eskubideak bermatzea erraztuko duen arren, hori ez da nahikoa: «Haur horien eskubideak bermatu egingo dira, baldin eta autonomia erkidego bakoitzean haur horien premiei eusteko behar diren giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak hedatzen badira». Hau da, «banaketa» hori ez da neurri eraginkorra izango, erakundeek ez badituzte bitarteko egokiak ezartzen.
Chakouchek gogoratu du haur horiek pertsona helduen berezko egoera bati egin behar izan diotela aurre: «Jatorrizko tokitik kanpo, beste kultura, hizkuntza eta ohitura batzuk dituen espazio batean bizi proiektu bat hasi behar izan dute; horrek erronka batzuk dakartza, eta esfortzu bat eskatzen du». Gainera, senideen presentziarik gabe egin behar izan dute hori. Baldintza duinetan ematen badiete babesa, Chakouchek argi du gazteek euren gaitasun guztiak garatuko dituztela, eta trebetasun horiek harrera gizarteari eman: «Prestakuntza egokia jasotzen badute, funtsezko zeregina bete dezakete gizartearen eraikuntzan, hemen jaiotzen diren gazteek egiten duten bezala».
Eskuin muturraren jarrera kritikatu du Agharas elkarteko kideak. Izan ere, adierazi du «erabateko arduragabekeriaz» ari dela gaia lantzen, etekin politikoa ateratzeko helburu bakarrarekin. «Haurrak erabiltzen ari dira, kontuan hartu gabe ekintza horiek eragin negatiboa duela gizartearen bizikidetzan eta kohesioan; orainaldiaren eta etorkizunaren bizikidetza hipotekatzen ari dira, haurren eskubideei kasurik egin gabe». Hori lortzeko, bere esanetan, «migratutako haurtzaroaren kontrako narratibak sortzen dituzte, atzerritartasun izaera haur izaeraren aurretik jarriz eta gizatasuna kenduz, indarkeria, basakeria edota antzeko ezaugarriak esleituz».
«Adabaki bat»
Alderdi politikoek ere erabakiaren inguruko adierazpenak egin dituzte azken asteotan. Erabakia hartu berritan, Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak esan zuen banaketa hori «adabaki bat» besterik ez dela: «Horrela ez da migrazio politikarik egiten». Are, ohartarazi zuen ez dutela migrazioari buruz beste planik onartuko. Izan ere, haren ustez, erabaki horrek helburu bakarra izan du: PP Alderdi Popularraren gobernua erakartzea. Melgosaren sailaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoara hamazortzi gazte iritsiko dira, baina ez dakite noiz. Horretarako, hitzarmen bat sinatu behar dute Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak; prozesu hori «oso geldoa» izaten dela jakinarazi dute.
Bilera egin aurretik, Eusko Jaurlaritzak bakarrik dauden adin txikiko migratzaileen egoera erregulatzeko kontingentzia plan bat eskatu zion Espainiako Gobernuari. Plan horren helburua da «behin betiko irtenbidea» ematea migratzaile adingabeak lurraldeen artean banatzeko. Jaurlaritzaren arabera, egoera ez da koiunturala, «egiturazkoa eta giza eskubideei dagokiena baizik». Erabakia hartu ostean, kontingentzia planaren beharra berretsi zuen Melgosak, eta erantsi zuen lehentasunetako bat «adingabeen giza eskubideen urraketak saihestea» izan behar dela.
Nerea Kortajarena EH Bilduren legebiltzarreko eledunak ere erabakia kritikatu zuen, Radio Popularren egindako elkarrizketa batean. «Higuingarritzat» jo zuen muturreko egoerak pairatzen dituzten haurren banaketari erakundeek emandako «arintasuna». Halaber, eskatu zuen auziari giza eskubideetatik eta haurren eskubideen aitortzatik heltzeko, eta «eskuinari markoak ez erosteko». Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan migrazioaren aldeko itun bat sinatu zutela gogorarazi zuen Kortajarenak, «harrera herria izateko» helburuarekin. Hori lortzeko neurriak hartu nahi ditu koalizio subiranistak. «Migratzaileen etorrera modu demokratikoan kudeatu behar dugu, giza eskubideen ikuspegitik eta herritartasun unibertsalaren ikuspegitik», gehitu zuen.
«286 adingabe zeuden [Kanarietako zentro batean]; gizarte gisa, ezin dugu onartu adingabeak egoera horretan egotea»
MARI CARMEN MAEZTUNafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilaria
Nafarroako Gobernuak, berriz, ontzat jo du erabakia; hamabost gazte iritsiko dira bertara. Mari Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako kontseilariaren arabera, auzia ezin dute bakarrik Kanaria uharteek euren gain hartu: «Autonomia erkidegoen ardura ere bada, baita Europarena ere». Bilera egin zutenean, Kanaria uharteetako zentro bat ikusteko aukera izan zuen. «286 adingabe zeuden bertan; gizarte gisa, ezin dugu onartu adingabeak egoera horretan egotea», azaldu zuen. Eta gogorarazi du «7.000 adingabe» daudela egoera horretan.
Bileran hartutako erabakia «borondatezko banaketa» izango dela zehaztu du Maeztuk, eta horrek ez duela egoera guztiz konponduko: «Askoz adingabe gehiago daude». Izan ere, duela gutxi bost gazte migratzaile iritsi dira Kanaria uharteetatik Nafarroara; «aurreko banaketan» zehaztu zuten hori. Izapideei ekingo diete orain, beste hamabost gazteei babesa emateko.
Maezturen ustez, banaketak «derrigorrezkoa» izan beharko luke; horretarako, ezinbestekoa da Atzerritarren Legea moldatzea. Hain justu, horri buruzko eztabaida izan zuten Espainiako Kongresuan uztailaren 23an. Atzerritarren Legearen erreforma eztabaidatzen hasteko proposamena egin zuten PSOEk, Sumarrek eta Coalicion Canariak, baina Kongresuak ez zuen onartu. Alderdi Popularrak, Voxek eta Juntsek kontra bozkatu zuten. «Guri gustatuko litzaiguke aurrera atera izan balitz, garrantzitsua izango zelako Kanaria uharteetan dagoen egoerari erantzuna emateko», aitortu du Maeztuk.
Ezin da «presazko gaitzat» hartu
Erreforma hori azkarregi eztabaidatu dutela kritikatu du Erregularizazioa Orain mugimenduak. Sare sozialetan zabaldutako bideo batean, adierazi du auzi hori ezin dela «presazko gaitzat» hartu: «Migrazioa ulertzeko moduaren egiturazko politika da; kontuan hartu beharko lituzkete ahots propioa duten gizarte eragileak». Are, salatu du «merkantzia» gisa erabili dituztela gazteak, kontuan hartu gabe Kanarietako zentroetan eta beste kanpamentu batzuetan «bakarrik utzi» dituztela; bertan, gainera, «ohikoak dira tratu txarren salaketak».
Mugimenduak argi utzi du ezin dutela Atzerritarren Legearen erreforma onartu, besteak beste, mozal legea indargabetu gabe: «Mozal legeak sarekada arrazistak ahalbidetzen ditu migratzaileen, pertsona beltzen eta arrazializatuen kontra». Horrez gain, 500.000 migratzaileren egoera administratiboa erregularizatzeko herri ekinaldi legegilea onartzeko eskatu dute.
«Gizarte gisa, baita erakundeek ere, etxeko lanak ditugu aniztasunari dagokionez»
MARISABEL ALBIZUEllacuria fundazioko zuzendaria
Kongresuan proposamena bozkatu aurretik, EAJk iragarria zuen alde bozkatuko zuela, baita EH Bilduk ere. Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Mertxe Aizpurua EH Bilduren Espainiako Kongresuko eledunak azpimarratu zuen adingabeei eragiten dien neurri bat eztabaidatuko zutela, eta hori «oinarrizko abiapuntu» bat zela: «Batzuetan ahazten zaigu zeri buruz ari garen hitz egiten; adingabeek babesa eta arreta jaso behar dute, giza eskubideei buruz ari gara». Are, adingabeen inguruan sortu den eztabaida guztia «lotsagarria» eta «sumingarria» iruditzen zaio: «Migratzaileen banaketaz hitz egiten da, gauzak balira bezala, eta hori ez da posible». Eskubideak bermatuak izan beharko lituzketela gehitu zuen. «Betebehar soziala, zibikoa eta politikoa da».
Marisabel Albizu Ellacuria fundazioko zuzendariaren ustez, neurri horiek eztabaidatzen dituztenean, «momentuko egoera» besterik ez dute kontuan hartzen: «Ez dago markorik, ezta giza eskubideen ikuspuntua ere». Hori dela eta, argi utzi du: «Gizarte gisa, baita erakundeek ere, etxeko lanak ditugu aniztasunari dagokionez».