Migranteen defendatzaileak, jopuntuan

2014ko apirilaren 11
17:05
Entzun

Tenosique hirian, Guatemalako mugaldetik 60 kilometrora, dago La 72 migranteen aterpetxea, eta han lanean diharduen bi urte hauetan zortzi heriotza mehatxu baino gehiago egin dizkiote Ruben Figueroari paperik gabekoen trafikatzaileek, duela urte batzutatik narkotrafikoaren kartelentzako ari direnek.

Izan ere, agintarien jokabide pasiboa edo konplizea ikusirik, migranteen eskubideen aldeko aktibistak bakarrik jartzen dira migranteen eta agintarien zein krimen antolatuaren gehiegikerien artean. "Gorputzez gorputz aurre egin behar zaio, nahitaez, jende horri. Bestela, jai daukagu. Baldin eta pertsona horien (paperik gabekoen) bizia babestu nahi badugu benetan, arriskuan baitaude", dio damurik.

Mafia horiek erabat kontrolatuta daukate Erdialdeko Amerikakoek egiten duten migrazio ibilbidea, Mexiko ekialdetik Estatu Batuetaraino doana, zeina laburrena baita. Tenosiquen, baina, hainbat gorabehera izan dituzte. "Esana digutenez, ez zuten ibilbidea oso-osorik hartu ahal izan, Tenosiquen aurrez aurre izan gintuztelako gu, haiei aurre egiteko prest. Gurekin lehiatu omen ziren tokia hartzeko borrokan", adierazi du Figueroak.

Hala ere, iazko uztailean, aldendu egin behar izan zuen, eta bere hartan utzi aterpetxea, Figueroak berak sortua dena eta Tomas Gonzalez apaiz frantziskotarra buru duena. Iturri fidagarriek jakinarazia zioten, ez berriro mehatxu egingo ziotela, baizik eta bila joango zitzaizkiola, hiltzeko.

AEE Amerikako Estatuen Erakundeko erakunde bat da Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarra, eta haren jurisdikziopean daude Latinoamerikako herrialde guztiak —Venezuela (2012an irten baitzen) eta Kuba izan ezik—. Figueroarentzako eta anaia Tomasentzako hainbat babes neurri agindu zituen, baina, Figueroak esatera, "Mexikoko Gobernuak ez zituen betearazi". Hala, bada, joan den irailean behin-behinean utzi behar izan zuen herrialdea.

Ez zen lehenbizikoa izan. 2012an ere, arrazoi berberegatik exiliatu behar izan zuen pare bat hilabetean Alejandro Solalinde erlijiosoak. Beste aterpetxe bateko buru da Solalinde; Ixtepecen dago, Pazifikoko kostaldean, eta handik iragan ohi dira Mexikora Chiapastik barrena sartzen diren paperik gabekoak.

Kriminalek jopuntuan zeukaten Solalinde, migranteen eskubideen aldeko borrokaren ikur bihurtu izaki. Baina ez mafiosoek bakarrik.Tokiko agintariak eta Eliza katolikoa bera ere haserre zeukan apaizaren diskurtso giza eskubideen aldekoak.

Mehatxariak, ordea, ez dira kartelak bakarrik. Tomas Gonzalez anaia ekaitza -k ere, hala baiteritzote amultsuki borrokalaria delako, badu nahiko lan egunero "atzemaileei" aurre egiten, aterpetxean sartu ohi baitira ustezko biktimak identifikatzeko asmoz.

Horrez gainera, kontrako hiru salaketa jarriak dizkiote auzitegian: "INM Migrazio Institutu Nazionalak jarriak bi, eta beste bat, erakunde hark erabili zuen biktima batek jarria, tratu txarrak emateagatik".

INMren zeregina eragozteaz akusatu zuten frantziskotarra, eta, are, pertsonen trafikoaz, alajaina. Kasu batean, kamera batez grabatu zituelako migrazio agenteak paperik gabekoei atzetik zebilzkiela trenbidean, eta hala lortu zuelako bere parrokian sartzen ez uztea funtzionario haiei han barruan babestu zirenak atxilotzeko asmoz. Beste kasuan, lagundu egin zituelako Guatemalako herritar batzuk, Mexiko mugaldeko eremu bateko biztanle talde bat, indarkeriak uxaturik beren sorterritik ihesi hara lekualdatua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.