Irungo Harrera Sareak eman du gertatutakoaren berri, Antxeta Irratian eginiko elkarrizketa batean. Sareak jakinarazi duenez, 20 urteko migrante bat zauritu egin da Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga inguruan, Frantziako Poliziarengandik ihes egin nahian zebilela. Zehazki, azaldu dutenez, Lapurdira pasatzeko ahaleginetan gertatu da ezbeharra. Gaztea larunbateko ordu txikitan saiatu zen muga igarotzen. Ordea, Frantziako Poliziak eragotzi egin zion aitzina egitea, eta gazteak ihes egin zuen orduan, Irunera (Gipuzkoa) bidean atzera ere. Ihesean zela, trenbidera iritsita, migratzaileak istripu bat izan zuen, eta femurra hautsi zuen.
Lesioa dela eta, ebakuntza egin diote Bidasoko Ospitalean. Bost egun pasatu beharko ditu zentroan, arta jasotzen. Dena dela, oraindik ere ez da argi zer gertatuko den epe hori igarota, eta, hain justu, Harrera Sarekoek kezka azaldu dute hori ikusirik. «Hiru hilabete inguru beharko ditu osatzeko, eta, logikoa denez, igeltsua hankan eta makuluekin ezingo du muga pasa», adierazi du Harrera Sareko kide Josune Mendigutxiak Antxeta Irratian esandako hitzetan. Oñatiko (Gipuzkoa) harrera aterpetxean har dezaten galdegin du.
Halaber, Irungo Harrera Sareak zehaztu du ez dela azken egunotan Bidasoko Ospitalean artatu duten migratzaile bakarra. Igandean bertan beste bat hartu zuten zentroan. Mendigutxiaren esanetan, «erabat akituta zegoen, ezin ibili», eta odol transfusioa egin behar izan diote.