OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, gaitz neurologiko ezgaitzaileena da migraina, baita buruko min ohikoena ere. Eritasun hori dutenen eguneroko bizitza errazteko, azken urteetan anitz ikertu da horren inguruan. Gizartean, baina, gaitzak ez du laborategietan duen garrantzi bera. Izan ere, migraina ez da gradu berean azaltzen pertsona guztietan: bakoitzaren arabera, mina eta haren ondorioak aldatu egiten dira. Hortaz, anitzek buruko min arrunt batekin nahasten dute.
Maria Martin Bujanda neurologoa da, eta Nafarroako Unibertsitate Ospitalean egiten du lan. Urteak daramatza migrainaren arloan lan egiten: «Onbera den arren, eritasun bat da. Ez da burmuineko estrukturaren lesio baten ondorioa, neuronen disfuntzio batena baizik». Funtzionamenduaren alterazio hori, gainera, «genetikoki determinatutakoa» izan ohi da. Hau da, aldez aurretiko joera genetikoak eragiten ahal du norbaitek migraina izatea.
2021ean argitaratutako El Libro Blanco de la Migraña (Migrainaren liburu zuria) liburuan jasotzen denez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan biztanleen %12k baino gehiagok dute gaitza, eta Nafarroan, berriz, %7,6k.
Martinek dioenez, migrainari buruz egin diren ikerketetan ikusi ahal izan da gaitza garatzen duten burmuinak «hipersentikorrak» izan ohi direla «hots, argi edo usain gogorrekiko». Ez hori bakarrik: errutina aldaketak eta barauak ere nabarmen eragiten dute gaitz horretan. Horregatik gomendatzen zaie pertsona horiei, ahal duten heinean behintzat, egunero ordu berean esnatzea eta lotara joatea. Egunean bost otordu egitea ere komeni zaie, «migraina anitz janez sendatzen baitira». Eritasuna dutenek ezaugarri komun horiek izan ohi dituzten arren, ez dago frogatuta norbaitek berez dituen bereizgarri jakinek eragiten dutenik gaitz hori.
«Paziente bakoitzean desberdin agertzen da [migraina]. Baina, orokorrean, lau fase bereizi ohi dira», dio Martinek. Prodromoa, aura, zefalea eta postdromoa. Lehenbiziko fasea «mina baino lehenagoko egunak dira; agertzen diren sintometako batzuk hauek dira: suminkor egotea, aho zabalka ibiltzea eta janari jakin bat jateko gogoa izatea». Gaitza lehenbiziko fasean identifikatzen bada, eta botika egokiak garaiz hartzen badira, «krisiak ez du hainbeste desgaituko».
Bigarrena ez da migraina kasu guztietan gertatzen, fase horren presentziak determinatzen baitu gaitzaren sailkapena: aurarik gabeko migrainak eta aura duten migrainak. Auradun migrainetan, ondorioak egoten dira nerbio sistema zentralean. Martinen erranetan, ikusmenean eragina izatea da ohikoena: distirak ikustea edo ikusmenean distortsioak izatea, adibidez. Hala ere, batzuetan aurek lotura izan dezakete gorputzeko atalen batean sentsibilitatea edo indarra galtzearekin. Zefalearen fasean agertzen da mina. Eta postdromoa, berriz, minaren ondorengo egunak dira: «Guztiz osatuta ez egotearen sentsazioa da: nekea nabarmena izaten da, eta guztia mantsoago doan sentsazioa egon ohi da».
Minaren maiztasuna
Faseen araberako sailkapenaz gain, eritasunaren maiztasunaren araberakoa ere badago: noizbehinkako migraina eta kronikoa. «Noizbehinkakoa izanen da pazienteak hilabetean hamabost egun edo gutxiagoz baldin badu buruko mina. Kronikoa izanen da mina hamabost egun baino gehiagoz baldin badu, eta min horietako zortzi, gutxienez, migraina baldin badira». Badira zenbait faktore, gainera, hasieran noizbehinkakoa zen migraina kronikoa bihurtzen dutenak: adina, tiroidearen alterazioak, aldarte aldaketak edo minarendako botika gehiegi hartzea.
«Migraina kronikoaren krisiak ez dira noizbehinkakoarenak bezain bortitzak, baina eragiten duten desgaitasuna handiagoa da, pazienteak min horrekin bizi behar baitu. Arreta handia jarri behar da migrainak pazienteengan sortzen ahal duen desgaitasun arazoan», azaldu du Martinek. Arazo hori ongi tratatzea garrantzitsua dela dio: bai medikuek, eta baita gizarteak berak ere.
Medikuei dagokienez, Martinek azaldu du bi tratamendu mota daudela. Krisi akutuena da lehenbizikoa: «Dosi egokietan, botika egokiekin eta garaiz izan behar da. Triptanak erabili ohi dira, baina egia da askok antiinflamatorioak erabiltzen dituztela, arrakasta handiz. Kasu horietan, eraginkortasuna frogatu behar da beti». Aipatutako tratamendua ongi gainbegiratzea garrantzitsua dela azpimarratu du Martinek.
Horrekin batera, paziente batek krisi anitz baldin baditu, prebentziozko tratamendu bat ezartzea gomendatzen da, Martinen hitzetan. «Hala ere, egia da pazientearen atxikipena txarra izan ohi dela. Batzuetan [tratamenduak], denbora behar du efektua izateko, eta pazienteak utzi egiten du, ez duelako emaitzarik ikusten». Botikekin lotutako prebentzioaz gain, Martinen arabera, farmakologikoak ez diren bertze zenbait neurri ere kontuan izan behar dituzte pazienteek: kirola egitea, hotsak saihestea, eguzkia dagoenean betaurrekoak eta txanoak erabiltzea...
Gizarteari dagokionez, Martinek azaldu du oraindik kontzientziazio lan handia egin beharra dagoela. Izan ere, haren erranetan, migrainak «asko baldintzatzen» du pazientearen bizitza. «Lan arloan baja asko eragiten ahal ditu, baita produktibitatean ere». Kontzientziazio lan horretan, harentzat, garrantzitsuena da paziente bakoitzari bere kasurako egokia den tratamendua ematea, eta ardura guztia ez jartzea haren ekintzetan. Hau da, medikuek, adibidez, ez erratea migraina dutenei ez hartzeko pilula kopuru jakin bat baino gehiago, horrek kalte eginen dielakoan; baizik eta aztertzea pertsona batek zergatik behar duen kopuru hori minari aurre egiteko, eta horren arabera bertze tratamendu bat osatzea harentzat.
Migrainak egoki zaintzearen garrantzia
Hego Euskal Herriko biztanleen %7k baino gehiagok dituzte migrainak. Horietako batzuek tarteka dute mina, baina bertze batzuek eritasunarekin bizi behar dute. Neurologoen iritziz, gaitz horrek eragin zuzena du langileen produktibitatean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu