Miel A. Elustondo kazetari eta idazle azpeitiarrari eman diote aurtengo Rikardo Arregi kazetaritza saria, BERRIAn argitaratutako Tonban ehortzirik elkarrizketa sortagatik. Komunikazio saria, berriz, Enpresabidea.eus webguneak irabazi du.
Euskal kazetaritzari aitortza bat egiteko asmoz banatzen dira sari horiek, eta, aurten, bi sariez gain, «ohorezko mugarriak» ere banatu dituzte, sarituen ibilbideak aitortzeko. Elixabete Garmendia kazetariak eta Patxi Baztarrika Rikardo Arregi sarien sortzaileak jaso dituzte mugarri horiek.
Andoaingo Bastero kulturgunean egin zuten atzo sari banaketa, eta, ekitaldiaren hasieran, Polonian preso dagoen Pablo Gonzalez euskal kazetariaren aldeko adierazpen bat irakurri zuen Alaitz Mendoza aurkezleak. Elustondok harrituta jaso zuen saria: «Finalista geratu naizen hirugarren aldia da, eta ez nuen espero oraingoan saria jasotzea». Saria espero ez zuenez, ez zekarren hitzaldirik prestatuta; baina paperik gabe ere, Arregigatik daukan miresmena adieraztea lortu zuen, hunkiturik: «Rikardo Arregi irakurtzen dut, hasieratik amaiera arte. Barruraino sartzen zait, eta min egiten dit. Horregatik idazten dut idazten dudana». Jarraian, Rikardo Arregiren heriotzagatik auhenez poema irakurri zuen, Gabriel Arestik Arregiri eskainitakoa.
Enpresabideako Maite Reizabal ere igo zen taula gainera saria jasotzera, eta hark ere onartu zuen «sekulako sorpresa» izan zela saria jasotzea. Azaldu zuen webgunea «ekonomia etxeko giroan» egiteko helburuz sortu zutela, eta bide horretan jarraituko dutela, «diruaren hotsa euskarazkoa ere izan dadin ekarpena egiten».
«Ohorezko mugarria» jaso duen Patxi Baztarrikak, berriz, sariek «garai berrietara egokitzeko izan duten gaitasuna» azpimarratu zuen, eta eskerrak eman nahi izan zizkion 1989an berarekin batera sariak sortu zituen Andoaingo orduko udal taldeari. Elixabete Garmendia kazetariari eman diote beste mugarria. Hark ere ondo ezagutzen du saria: lehen bost urteetan epaimahaikide izan zen, eta 2000. urtean Kazetaritza saria jaso zuen ETB1eko Bertatik bertara saioak, bere gidaritzapean. Aste honetan zendu den Pilar Iparragirre kazetaria izan du gogoan Garmendiak: «Berarengana luzatu nahiko nuke aitorpen hau».