KAZETARITZA

Miel A. Elustondok BERRIAn argitaratutako erreportaje sorta, Rikardo Arregi sarietan finalista

Azaroaren 30ean banatuko dituzte sariak, Andoainen, eta «ohorezko mugarri» bana entregatuko diete Elixabete Garmendiari eta Patxi Baztarrikari

Miel A. Elustondo, artxiboko irudian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ion Orzaiz.
2022ko azaroaren 8a
11:13
Entzun

Rikardo Arregi Kazetaritza sariaren epaimahaiak izendatuak ditu aurtengo finalistak. Azken urteetan bezala, bi sari nagusi emanen dira, bederatzina mila eurokoak: Kazetaritza saria eta Komunikazio saria. Kazetaritza saria irabazteko finalisten artean dago Miel A. Elustondo kazetari eta idazle azpeitiarrak BERRIAn argitaratutako Tonban ehortzirik erreportaje sorta. Ez da Elustondoren lehen izendapena: 2020an ere, finalistetako bat izan zen erreportaje sail horrexegatik, eta aurreko urtean ere hautagai izan zen, BERRIAn argitaratutako Zozoen elean elkarrizketa sortagatik.

Elustondorekin batera, Kazetaritza sariko beste hiru hautagaiak dira Amaia Lekunberri Ansolaren Anorexia, bestelako gerturapen bat: Zer dio jateari uzten dionak, jateari uzten dionean? monografikoa (Argia aldizkariko Larrun gehigarrian argitaratua), eta ETBren bi saio: Aske bizi dokumentala eta Biba zuek magazina. Komunikazio atalean, berriz, Enpresabidea.eus, Aiaraldea proiektua, Aiora Probatxoa-ren Youtube kanala eta Aikotaldea.eus webguneek jaso dezakete saria.

Azaroaren 30eko sari banaketan jakinaraziko dute zortzi finalista horietatik zeintzuk izanen diren bi saridunak. Urtero bezala, Andoainen eginen dute ekitaldia (Gipuzkoa), Bastero kulturgunean. Ohiko sariez gain, ordea, omenaldi berezia eginen diete beste bi pertsonari, beren ibilbideagatik: Elixabete Garmendiari eta Patxi Baztarrikari. «Ohorezko mugarri» izendatuko dituzte biak ala biak. Garmendiari, «euskarazko kazetaritzan izandako ibilbide oparoa» aitortu nahi izan diote antolatzaileek. «Zeruko Argia-ren zuzendari izan zen, eta berari esker aldizkari zorrotz, moderno eta irekia plazaratzen zen asterik aste. EITBn ere aritu zen luzaz, telebistan nahiz irratian, baina asko izan dira bere partaidetzarekin kontatu eta kontatzen duten hedabideak». Patxi Baztarrikari, berriz, Rikardo Arregi saria sortzeko bidean eginiko ekarpena saritu nahi izan diote antolatzaileek. «Berak sortu zuen teknikoki Rikardo Arregi Kazetaritza saria, 1988an, Andoaingo Udaleko euskara teknikari gisa. Sari hauen sorrera landu, bideratu eta hauspotu zuen, eta hari zor zaio sariari behar beste eduki eta irismen eman izana».

Hauek osatu dute finalistak izendatu dituen eta sariak erabakiko dituen epaimahaia: Itxaro Borda eta Aingeru Epaltza idazleek, Pantxika Maitia kazetariak, Miren Gabantxo EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasleak, Ion Muñoa Dustuko Unibertsitateko Komunikazio graduko irakasleak eta Jon Sarasua Mondragon Unibertsitateko Huheziko irakasleak. Epaimahaiburua Andoaingo Udaleko Euskara zinegotzi Alexander Huitzi da, eta idazkaria, berriz, Arantza Aguado euskara teknikaria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.