Microsoft erori egin da mundu osoan, eta arazoak eragin ditu Euskal Herrian ere

Eusko Jaurlaritzaren mendeko ekipoen %70etan arazoak egon dira. Horren ondorioak Osakidetzan nabaritu dira, besteak beste. Segurtasun informatikorako Crowdstrike plataformaren eguneraketa batek eragin du arazoa.

Microsoften logoa, artxiboko irudi batean. FAZRY ISMAIL / EFE
Microsoften logoa, artxiboko irudi batean. FAZRY ISMAIL / EFE
Irati Urdalleta Lete - Jokin Sagarzazu
2024ko uztailaren 19a
10:14
Entzun

Eguneratze informatiko baten ondorioz, Microsoft erori egin da mundu osoan, eta ondorioak ez dira nolanahikoak: arazoak daude, besteak beste, aireportuetan, enpresetan eta administrazio publikoan. Zibersegurtasunerako Crowdstrike plataformaren eguneraketak eragin du anabasa teknologikoa. Arazoa Ameriketako Estatu Batuetan antzeman dute lehenengo, eta, handik, mundu osora hedatu da. Crowdstrikek berak ukatu du eraso informatiko bat izan dela.

Eragina nabaritu da Euskal Herrian ere. Administrazio publikoari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteko zuzendari kudeatzaile Asier Saez de Bikuñak eman ditu gertatutakoaren inguruko azalpenak. Haren esanetan, 07:00etatik antzeman dituzte arazoak. Crowdstrike ez zebilelako ondo. Saez de Bikuñaren hitzetan, «zaila» da zehaztea zenbateko eragina izan duen, baina goizeko lehen orduan, erabiltzaileen postuen %70etan zituzten arazoak, eta, egunak aurrera egin ahala, konponduz joan dira: gutxi gorabehera postuen erdietan zituzten gorabeherak 10:00etarako.

Halaber, zehaztu du huts horrek ez duela «segurtasun arazorik» sortu, eta, orain, gertatutakoari buelta eman nahian ari direla: «Ekoizleak behin betiko irtenbidea eman arte, baliabide guztiak mobilizatzen ari gara ahalik eta lanpostu gehien berreskuratzeko, Osakidetza lehenetsita». Ziurtatu du Eusko Jaurlaritzako webguneetan ez dutela ia arazorik izan, eta «zerbitzurik kritikoenak» jada berreskuratu dituztela. Lehendakaritzako iturrien arabera, Osakidetzan ez da segurtasun arazorik; sistemek motelago funtzionatzea soilik eragin du hutsegiteak.

Alabaina, Aitor Montes medikuak X sare sozialean salatu du ezin dutela jakin pazienteek botikei alergia dioten edo ez. Gainera, zailtasunak daude Osakidetzan ordua hartzeko ere. Administrazioen identifikazio elektronikorako Izenpe plataforman ere izan dituzte arazoak: goizeko lehen orduetan ezin izan dituzte dokumentuak sinatu.

Arazoak ez dituzte soilik Eusko Jaurlaritzan izan: «Software hori asko erabiltzen da mundu zabalean, enpresen inguruneetan; horregatik, arazoa mundu osoan dago, eta, gure inguru hurbilean, goizeko lehen ordutik egiaztatu dugu erakunde gehiagori eragiten ziela, besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiari, Bilboko Udalari, Kutxabanki, Laboral Kutxari, eta Mercedesi», aipatu du Saez de Bikuñak. Arabako Foru Aldundian ezinean ibili dira urrutitik konektatzeko modua ematen duen aplikazioarekin.

Aitzitik, Nafarroako Gobernuko Telekomunikazio eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusiak jakinarazi du hutsegite informatikoak ez duela eragin administrazio horren zerbitzu publikoetan, hala nola osasungintzan. Osasun pribatuan, ordea, egon da zailtasunik. Nafarroako Unibertsitatea klinikak txiokatu du arazoak izan dituela, eta 14:00etarako gaineratu teknikariak «normaltasun osoa berreskuratzeko lanean» zihardutela.

Gainera, AENAk kudeatzen dituen aireportuetako sistema informatikoak ere huts egin du: kudeaketak eskuz egiten ari dira, eta Iruñeko aireportuko bi hegaldik eta Loiuko aireportuko (Bizkaia) 30 inguruk hogei minutu inguruko atzerapenak izan dituzte. Halere, ari dira arazoak konpontzen pixkanaka. Espainiako Gobernuko Garraio ministroa, Oscar Puente, Gasteizen egon da, eta, bertan esan duenez, atzerapenak soilik egon dira: «Gehienbat fakturazioan izan du eragina, baina, oraingoz, ez dago arazo handirik». AENAk 14:30ean azaldu du bere sistema nagusiak lehengoratu dituela.

Bankuak eta industria

Bankuetan ere nabaritu da eragina: Kutxabanken eta Laboral Kutxan, besteak beste. Dena den, «guztiz normal» ari dira orain, bi banku horietako iturriek azaldu dutenez.

Kutxabanken, sistema ez da erori «tarte batean ere», baina «mantsoago» ibili da. Hasieran online zerbitzuetan nabaritu da gehien, hala nola Bizum sisteman, eta kutxazainetan. Bulegoak irekitzean ere, «urduritasuna» zabaldu da langileen artean. Baina, azaldu dutenez, 10:00etarako «zerbitzu guztiek» ohi bezala funtzionatzen zuten. «Zorte puntu bat ere izan dugu, arazoa lehen orduetan izan baita», adierazi dute Kutxabankeko arduradunek. Gaineratu dutenez, oraindik goizegi da kaltea zenbatekoa izan den jakiteko, «uztaileko ostiral goiz arrunt batean egiten diren operazioak eta gaur egin ahal izan direnak neurtu ahal izateko».

Laboral Kutxan, berriz, eragina «desorekatua» izan da. Gertakariak finantza eragina izan du erakunde horrek erabiltzen dituen Microsoften zerbitzu batzuetan, «baina ez denetan». Bereziki, bulegoetan eta kutxazainetan. Zenbait kasutan, sistema erabat erori da. «Ez dakigu denetan gertatu den, baina bai askotan». Online zerbitzuek, berriz, «une oro» funtzionatu dute, baina «poliki». Haien kasuan 09:30erako «konponduta» zegoen arazoa, eta, ordutik, «erabat normal» ari dira lanean. «Gertatutakoak frogatu du Laboral Kutxaren sistema gai dela horrelako egoera bati aurre egiteko», azpimarratu dute.

Txartelen bidez eta online egiten diren ordainketetako bitartekari nagusiak, hau da, Redsysek jakinarazi du «guztiz normal» ari direla. Hala ere, aitortu du erabiltzaile batzuek «arazo puntualak» dituztela Visa txartelekin eta Bizum plataformarekin egindako eragiketetan, eta arazo horiek eragindako bezeroak finantza erakundeekin lanean ari direla ondorioak eta kalteak konpontzeko.

Bizumek ere azaldu du gertakariak ez diola bere sistema osoan eragin, baina onartu du arazoak egon direla banku batzuen aplikazioekin. «Hala ere, Bizumek eta gure erakunde gehienek normal funtzionatzen dute. Orain, jarduera monitorizatzen ari gara, eta berreskuratuta eta egonkor dago».

Industrian ere izan du eragina: Gasteizko Mercedesek —Euskal Herriko fabrikarik handiena da, Iruñeko Volkswagenekin batera— ekoizpena geratu behar izan du. Hortaz, egun bat aurreratu dute lantegiaren itxiera. Izan ere, bihartik abuztuaren 25era arte produkzioa etengo dute ABEE enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente baten ondorioz, eskarien jaitsierarengatik. Arazoak egon dira, halaber, Repsolen gasolindegietan.

New Yorkeko burtsan, Nasdaq indize teknologikoa abiatzearekin batera, Crowdstrike enpresaren kotizazioa %12 apaldu da, nahiz eta Euskal Herrian arratsaldeak aurrera egin ahala apur bat gorantz egin duen —18:00etan, %9 ari zen galtzen—. Halere, burtsako inbertitzaileek ez dute Microsoft zigortu —%0,4 merkatu da akzioa 18:00etan—.  

Arazoak mundu osoko aireportuetan

Etenaldia mundu zabalean gertatu da: hainbat aireportutan ondorioak nabari dituzte, eta Parisko Olinpiar Jokoetako sisteman ere izan da eraginik. Arazoak hegaldietan nabaritu dira gehienbat. Datuekin diharduen Cirium konpainiaren arabera, 3.340 hegazkin ez dira aireratu mundu osoan; hau da, programatutako bidaien %3 bertan behera gelditu dira hutsegitea dela medio.

Gainera, Flight Aware datu plataformaren arabera, atzerapenak egon dira 16.000 hegalditan. Hegaldien jarraipenerako Flight Radar 24 webguneak erakusten duenez, Europako aireportuen artean, Heathrow (Londres), Berlin, Venezia eta Amsterdam dira kalterik handiena izan dutenak. AEBetako hainbat hegazkin konpainiak —Delta, United eta American Airlines, besteak beste— bertan behera utzi dituzte hegaldi guztiak goizeko lehen orduetan.

Microsoften akatsa munduan
Jendetza Berlingo Schonefeld aireportuan. Microsoften hutsegiteak atzerapenak eragin ditu mundu osoko hegaldi askotan.  CLEMENS BILAN / EFE

Hegazkin konpainietan hainbat modutan eragiten ari da arazo informatikoa. Batzuetan, operazio zentroek arazoak dituzte aireportuekin komunikatzeko. Halaber, bidaiari asko ezin dira sartu erreserba sistemetara, ezta online fakturazioko zerbitzuetara ere. Konpainia batzuk eskuz fakturatzen ari dira, eta horrek ilara luzeak eta atzerapenak eragin ditu.

Azaldu dutenez, sistemak normaltasunera itzuli ohi dira halako etenaldien ostean, baina jakinarazi dute hainbat egun behar izaten direla berriz zerbitzua normal eman ahal izateko, hegazkinak eta tripulazioak beste leku batzuetan daudelako. Distantzia luzeko hegaldiak bertan behera uzteak, gainera, domino efektua eragin dezake egun batzuetan.

Hegazkin konpainiei dagokienez, Ryanair etenaldiak erregistratzen ari da sare osoan, eta erreserbak eta fakturazio sistema ez daude erabilgarri. Air Francek ohartarazi du bere operazioetan etenaldiak izango direla. Wizz Air konpainiak bezeroei abisatu die dagokien hegaldia hartu baino hiru ordu lehenago iristeko aireportura. KLMk adierazi du hegaldi asko bertan behera utziko dituela, eta Eurowingsek ere atzerapenak eta hegaldiak bertan behera uztea aipatu ditu.

Itxuraz, gainera, ezingo da kalte ordainik eskatu. Europako legediaren arabera, bertan behera utzitako hegaldiak erreklamatzeko eskubidea dute bezeroek, «ezinbesteko kasuetan salbu». Adituen arabera, salbuespena bete da oraingo honetan; izan ere, hegazkin konpainien eta aireportu kudeatzaileen eskumenetik kanpoko arrazoiengatik eten dira bidaiak.

Asiako hego ekialdean ere arazoak dituzte, batez loturetarako erabiltzen diren bi aireportu nagusitan: Changin (Singapur) eta Don Mueangen (Thailandia).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.