Hilberria

Michel Tubiana hil da, giza eskubideen aldeko militante eta bakegilea

LDH Giza Eskubideen Ligak eman du haren heriotzaren berri, gaur. Euskal Herriko hainbat eragilek omendu dute, bake prozesuan izan duen rol funtsezkoagatik.

Michel Tubiana, bakegintza foroan, 2018an. BOB EDME
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko urriaren 2a
15:38
Entzun

Giza Eskubideen Ligako idazkari nagusi eta lehendakari izan eta, ohorezko lehendakari izendatu zuten Michel Tubiana (Aljer, 1952). Ofizioz abokatua zen, eta Euskal Herriko gatazkaren konponbidean funtsezko rola izan zuen. Bakegileen mugimenduan parte hartu zuen, eta Luhusoko (Lapurdi) armagabetzearen prozesuan ere inplikatu zen. BERRIAri kontatu zionez, hura ere Luhusoko etxean egotekoa zen, baina ez zen iritsi, eta ez zuten atxilo hartu. Giza Eskubideen Ligak eman du haren heriotzaren berri, gaur. «Militante nekaezin» gisara oroitu dute, eta munduan zehar giza eskubideen alde egin duen lana goraipatu dute.

Ipar Euskal Herriko hainbat eragilek berehala omendu dute Tubiana. Anaiz Funosas Bake Bideko lehendakariak honela adierazi du, sare sozialetan: «Zure ekarpenaren neurrikoa da gure samina, handia! Euskal Herriak artisau bat galdu du, lagun bat». Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak ere honela oroitu du: «Michel Tubiana desagertzea galera handia da giza eskubideen aldeko ekintzaileentzat. Kausa humanitario handien defendatzaile nekaezina; bake prozesuan Euskal Herriarentzako hutsik gabeko laguntzailea izan zen».

Bestalde, Bake Bideak ohar baten bidez doluminak helarazi dizkie haren hurbilekoei. Gogoratu dute Euskal Herriko bake prozesuan bidelagun izan dutela Tubiana. «Azken hamarkada honetako gertakari garrantzitsu guztien partaide izan da, Aieteko Konferentziatik: armagabetzea, ETAren desegitea, baina [Frantziako] Ministerioarekin elkarrizketak izaten dituen Euskal Herriko delegazioko kidea ere izan da. Pertsonalki parte hartu zuen Luhuson 2016ko abenduaren 16ko ekintzan adibidez, eta ekintza horrek armagabetzea desblokeatzeko aukera eman zuen eta, azkenean, borroka armatuaren bukaera ekarri zuen Euskal Herrian. Geroztik, Michelek Bake Bidearekin eta Bakegileekin lan egiten zuen, euskal preso politikoen arazoa konpontzeko eta bake prozesua indartzeko. Agurtu eta omendu nahi dugu Euskal Herrian ekarpen historikoa egin duen gizon hori».

Josu Urrutikoetxearen epaiketen harira ere hitza hartu zuen Tubianak. Thomas Lacoste zinemagilearen Hypothèse Démocratique, une histoire du conflit basque filmean (Hipotesi demokratikoa, euskal gatazkaren historia bat), elkarrizketa egin zioten, eta honela mintzatu zen: «Gudariak gudari gisa aitortzen ditut, ez biktima gisa. Josu Urrutikoetxeak enfrentamendu militarretik ateratzea ahalbidetu duen heinean —izan dituen hildakoekin, izan dituen torturekin, izan dituen urraketekin, baita legeen zaintzaile direnen aldetik ere—, kontuan hartu behar dugu. Kausa horren hautuan izan duen ausardia kontuan hartzen dugun hein berean, gatazkaren eta haren ondorioen konponbideari ekarpena eginez izan duen indar morala ere kontuan hartu behar da. Alde horretatik erraten dut keinuak egiteko espazioa dagoela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.