Michel Berger politikari eta militantea hil da

Arkitektoa eta Milafrangako auzapeza izan zen Berger. Giza eskubideen aldeko militantea zen, baita Ipar Euskal Herriko ekonomiaren bultzatzaileetarik bat ere.

Michel Berger. SYLVAIN SENCRISTO
Michel Berger. SYLVAIN SENCRISTO
Xalbat Alzugaray
2024ko abuztuaren 9a
16:17
Entzun

Asteazkenean hil zen Michel Berger, 93 urte zituela. Neuilly-sur-Seine (Frantzia) herrian sortu zen, 1931n. Lanbidez arkitektoa, euskal departamenduaren aldeko aldarrikapenak eraman zituen luzaz. Milafrangako (Lapurdi) auzapeza izan zen 1977 eta 1983 bitarte.

Parisko Arte Ederren Eskolan diplomatu zen, eta, ondotik, arkitekto aritu zen Baionan, 1963tik aitzina. Bertzalde, Milafrangako auzapez zela, 1981ean, euskal departamendua sortzeko elkarteko lehen presidentea izan zen. Hainbat hautetsik osatzen zuten elkarte hori. 2015ean 66 auzapez ohik sinatu zuten Euskal Hirigune Elkargoaren aldeko agirian ere parte hartu zuen.

Lekuko hauteskunde frankotan hautagai aurkeztu zen Berger. 1982an, kantonamenduetako hauteskundeetan etiketarik gabeko taldean sartu zen.1992ko kantonamenduetako hauteskundeentzat, berriz, Mouvement Unitaire Abertzale taldearekin aurkeztu zen. Frantziako Asanblearako hauteskundeetan ere parte hartu zuen. Abertzaleen Batasunarekin aurkeztu zen 1993an, 5. hautesbarrutiko hautagai gisa.

Lurraldearen ekonomiarako ekarpenak egin zituen Bergerrek. Hain zuzen, Hemen Elkartea taldearen sortzaileetarik bat izan zen, 1979an bertako presidente izatera heldurik. Egoitza Angelun du (Lapurdi), eta urte luzaz enpresa ttipiak sortzeko eta garatzeko xedea izan du.

Engaiamendu frankotan izanik ere, 1984an Jean Claude Koko Abeberrik eta Bergerrek berak sorturiko Euskal Herriko Giza Eskubideen Babeserako Batzordeko (CDDHPB) lehendakari izan zen 2000 bitarte. Han, Jakilea berripapera idazten zuen, eta bake prozesuan engaiatu zen.

2013an, Eusko Ikaskuntza-Baiona hiriko Ohorezko Saria irabazi zuten hark eta Marie Claude Bergerrek. Bien ikerketa lanak sariztatu zituzten.

Erreakzioak

Hainbat erreakzio izan dira Berger omentzeko. EH Bai alderdi politikoak «bidelagun» gisa definitu du, «bakearen aldeko engaiamenduan eta baita ezagupen instituzionalean izan inplikazioagatik». Anaiz Funosas Bake Bideko bozeramaileak adierazi du «gizon umila bezain leiala» izan zela. «Ohorea» izan da harekin bidea egitea, Funosasen arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.