Miarritzeko Udalak 100.000 euro eskatu dizkio etxejabe bati, konpentsazio legea urratzeagatik

Iazko uda arte, jabe horrek etxe turistiko gisa baliatu zituen bi etxe, Miarritzen, baina ez zituen beste bi etxe alokagai jarri. Baionako Auzitegiak salaketa ontzat joz gero, tankera horretako lehen isuna izango da Ipar Euskal Herrian.

Miarritzeko hondartza, 2023ko udan. GUILLAUME FAUVEAU
Miarritzeko hondartza, 2023ko udan. GUILLAUME FAUVEAU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2025eko otsailaren 4a
11:30
Entzun

Tentsio handiko eremuan dauden Ipar Euskal Herriko 24 herrietako batean etxe turistiko baten jabe denak halabeharrez eskaini behar du tankera bereko beste etxe bat alokagai. Bi etxe turistiko dituenak, berriz, bi. Hala dio Euskal Hirigune Elkargoak 2023an onartu zuen konpentsazio legeak, eta hura urratzeak ondorioak dauzka. Horren erakusgarri da Miarritzeko (Lapurdi) etxejabe bati gertatutakoa: Miarritzeko Udalak 100.000 euro eskatu dizkio, konpentsazio legea urratzeagatik.

Etxejabea higiezinen sozietate zibil bat da, eta iazko uda arte bi etxebizitza etxe turistiko gisa baliatu zituen Miarritzen. Ez zituen beste bi etxe alokagai jarri —bizitoki gisa—, ordea. Miarritzeko Udalak emandako abisuei entzungor egin ostean, auzitara jo dute. Udalak 100.000 euroren isuna ezarri nahi dio jabeari —50.000 euro etxe bakoitzeko—, kalte ordain gisa. Baionako Auzitegiak apirilaren 7an emango du aditzera bere erabakia. Etxejabeak isuna ordaindu behar duela erabakitzen badu, gisa horretako lehen zigorra izango da Ipar Euskal Herrian lege hori onartu zutenetik.

Atzo bildu ziren bi aldeak Baionako Auzitegian, eta etxejabeak baieztatu egin zuen Miarritzeko Udalak egozten ziona. Hala ere, esan zuen ez zuela legearen berri, eta ez zela bera arduratu etxeak kudeatzeaz; Airbnb plataformaren bidez eskaini zituen etxe turistiko gisa. Jada salduak ditu bi etxe horiek.

Auzi hori ebatzi ez ezik, apirilaren 7an Baionako auzitegiak beste bi kasu ere aztertuko ditu, biak konpentsazio legearen ustezko urraketekin lotutakoak.

Legea, 2023tik

Konpentsazio legea 2023ko martxoan sartu zen indarrean. Lege horren arabera, bizitegi bat turismorako erabili nahi duen jabeak bestelako lokal bat bizitegi bilakatu behar du, konpentsatzeko; bestela, ez du etxebizitzaren erabilera aldatzeko baimena eskuratuko. Turismorako diren etxebizitzak urte osoko alokairura itzultzea lortu nahi izan du Euskal Hirigune Elkargoak neurri horren bidez. Duela bi urte aurreikusi zutenaren arabera, litekeena da 11.000 bizitegi libratzea datozen urteetan.

Tentsio handiko eremuan dauden Ipar Euskal Herriko 24 herrietan du eragina arau horrek. Miarritze da horietako bat, eta jada nabaritu dituzte ondorio batzuk. Udalaren arabera, 300 etxe turistiko inguru gaur egun «mistoak» dira: ikasleei edo sasoiko turismoari bideratutakoak. Gainera, bigarren etxebizitza gisa erabiltzen zituzten 1.000 etxe inguru gaur egun lehen etxebizitza izendatu ditu Miarritzeko Udalak.

Printzipio sinple bat aplikatzea proposatzen du konpentsazio arauak: bizitegi bat urte guztian turismora bideratua badago, bizitegi hori merktararitzara bideratua dela jotzen da. Ondorioz, lokal komertzial bat bizitegi bilakatzeko eskatzen zaio jabeari. Beren etxebizitza nagusia urtean 120 egunez baino gehiagoz alokatzen duten jabeei eragiten die neurriak, baita bigarren etxebizitza aldi baterako alokairuan eskaintzen dutenei ere. Konpentsatzeko, bizitegia hiri berean eskaini beharko dute, eta gutxi gorabehera ezaugarri berdinak izan beharko ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.