Miarritzeko Topaketak laudatu ditu apezpikuak

Biziaren Akademiak Miarritzen antolatu topaketen kalitatea nabarmendu du, eta prentsari errieta egin

Biziaren topaketen aurka larunbatean Miarritzen egin protesta. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Marc Aillet Baionako apezpikuak arrakastatsutzat jo ditu joan den larunbatean Miarritzen egindako Nazioarteko Biziaren Aldeko Topaketak, eta garrantzia kendu dio sexu bereko pertsonen ezkontzaren inguruan sortutako tirabirari. «Duela urte eta erdi ekin genion topaketen antolaketari, eta ez dugu ulertzen zergatik sortu den horrelako zurrunbilo mediatikoa», erran zuen atzo egindako agerraldian. Ariketa zaila burutu nahi zuen apezpikuak, topaketen bilduma egitea, prentsak bere interpretazio propioa egin ondoren.

Parte hartzeari dagokionez, topaketen bi egunetan 800 pertsona bildu zirela nabarmendu zuen Ailletek. Nazioarteko eragile «ospetsuak» izan zirela gogorarazi zuen, prentsak horri «aski garrantzirik» eman ez diola gaineratuz. Eskuin muturrarekin lotura hertsiak dituzten eragileen kasua ez zuen aipatu, bai ordea Elizak, Erromak, sostengua adierazi ziela topaketei, eta ez zuela talde bakartu batek antolatu. Homosexualen ezkontza eta adopzio eskubidea onartzeko lege xedea parlamentuan aztertzen ari direlarik topaketak egitea «kasualitate hutsa» izan da beraz.

Biziaren aldeko diskurtsoan muturreko ikuspegiekin bat egin zuen atzo Ailletek. «Gurearen gisako demokrazia batean ez da onartzen heriotza zigorra, baina harrigarria bada ere, abortuaren kasuan heriotza zigorra dugu indarrean». Iruñeko, Bilboko eta Donostiako apezpiku edo kideak izan ziren topaketetan. «Ondoko urteotan txandaka antolatzeko prestasuna helarazi digute».

Liskarra kazetariekin

Prentsak okerreko mezua zabaldu zuela erran zuen Ailletek. Apezpikuaren komunikazio arduradunak urrats bat gehiago egin zuen, erranez «haien iritziz» kanpoan ez zirela 300 pertsona elkarretaratu protestetan. «Gehienik 250 edo, ez gehienok aipatu dituzuen 500 edo 600 manifestari». Galderen txandan kazetariek kargu hartu zioten apezpikuari; Informazio Orokorreko Poliziak 900 manifestari zenbatu zituen topaketen aurkako bi elkarretaratzeetan. Gainera, prentsaren mezuak zein izan behar duen deliberatzeko kazetariak aski helduak eta profesionalak direla ihardetsi zioten. «Ez gaituzu hona ekarri topaketen bilduma egiteko, zuk gure hedabideetan nahi duzun mezua azaltzeko. Kopuruak direnak dira; Frantziako Barne Ministerioak emanik, zuk ematen dituzun datuak plazaratzea datuen manipulazioa litzateke», erran zion argazkilari batek atzo.

Kontent ez bazen erantzuteko eskubidea baliatzeko erran zion bertze kazetari batek, edota auzitara jotzeko. Guztia gaizki ulertua zela erran zuen Ailletek: «Kanpoan gehiago baziren, erran nahi du uste genuen baino indartsuagoak garela eta horregatik lortu zutela jende kopuru hori erakartzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.