Miarritzeko Ohakoa haurtzaindegiak diru arazoak ditu, eta laguntzeko deia egin du

Ohakoa euskal haurtzaindegia egoera ekonomiko dorpean da. Irekirik segitzeko, dirua biltzeko kanpaina bat abiatua du sarean, janari saskiak direla medio.

Hendaiako Txiki Txoko euskal haurtzaindegia, ekainean. GUILLAUME FAUVEAU
Hendaiako Txiki Txoko euskal haurtzaindegia, ekainean. GUILLAUME FAUVEAU
Iñaki Etxeleku.
2024ko abenduaren 10a
16:30
Entzun

2022. urtetik diru arazoei buru egin behar die Miarritzeko (Lapurdi) Ohakoa murgiltze ereduko euskal haurtzaindegiak. Aitzineko bi urteetan, nola edo hala lortu du zutik irautea. Aurten, dirua biltzeko kanpaina bat egitea erabaki dute burasoek, haurtzaindegia ez ixteko. Tokiko kalitatezko ekoizpenez osatu saskiak erostea proposatzen diete herritarrei, Interneteko Helloasso plataformaren bidez, ostegun arte. «Ontsa litzateke 20.000 euro biltzen bagenitu» aitortu du zintzoki Marie Dol Ohakoa haurtzaindegiko zuzendariak. Jakinik ez dela aski izanen diru arazoetarik ateratzeko. «Egiazki, 60.000 euro eskas ditugu aurten».

Duela 26 urte zabaldu zituen ateak Ohakoa euskal haurtzaindegiak, Miarritze erdigunean. Gaur egun, 30 bat haur hartzen ditu, osoki euskaraz. Euskarazko zerbitzua proposatzen duen haurtzaindegi bakarra da Miarritzen, eta Ipar Euskal Herrian murgiltze ereduan ari diren hiruetarik bat, Baionako Luma eta Lakarrako (Nafarroa Beherea) Ttinka haurtzaindegiekin batera.

Haurtzaindegia haurrez betea da, eta diruz ongi izateko baldintza guztiak betetzen ditu, baina, pandemiaz geroztik, egoera aldatu da. Gizarte laguntzako erakundeetatik diru gutiago sartzen da, eta gastuak emendatu dira azkarki. Horren ondorioz, 2022. urtea 47.000 euroko zuloarekin bukatu zuen Ohakoak, eta 2023. urtea, berriz, 53.000 eurokoarekin. Erran behar da horra arte Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseilutik jasotzen zituen 17.000 euroak kendu dizkiotela Ohakoari. Departamenduak ezarri murrizketa bera pairatu dute haurtzaindegi guziek. Horri gehitu zaizkio energia gastuen handitzea, inflazioa eta hilabete sarien emendatzea.

Lan hitzarmenari jarraikia zaio elkartea, haurtzainen sarien behar zen heinean ezartzeko. «2024an, hitzarmen kolektiboan aldaketa handi bat izan da, lansariak emendatzeko. Beharrezkoa zen, zeren eta lehen haurtzaroko lansariak zinez ttiki-ttikiak ziren», esplikatu du Dolek. Haurtzaindegi guziei berdin eragin die aldaketak. Ohakoak kanpoko aholkulari batengana jo zuen aterabideen bilatzeko, eta adierazi die langile kopurua ttipitu beharko dutela. Egun hamar langile dira. Bat bere baitarik joan berri da, eta beste bat erretretara joanen da. Erabaki dute ez ordezkatzea. «Duela zenbait urte, elkarteak hautatu zuen jende pixka bat gehiago izatea haurrekin, harrera ahal bezain ona egiteko». Orain gutiagorekin ari beharko dute, beraz.

«Ontsa joateko eta segitzeko, 100.000 euroren diru laguntzak behar genituzke urtero, egin ditugun murrizketekin ere».

MARIE DOLOhakoa haurtzaindegiko zuzendaria

100.000 euroko erronka

Ohakoak ez dezake goititu haur bakoitzeko harrera saria, CAF Familia Laguntzen Kutxak baititu prezioak finkatzen. Egoera ikusirik, langile taldeko moldaketen bidez saiatuko dira gastuen ttipitzen. Miarritzeko Herriko Etxeari ere galdetu diote indar baten egitea. Izan ere, Ohakoak 28.000 euroko alokairua ordaintzen dio urtean herriko etxeari, haren egoitza batean izanki. Herriko etxeak baietz erantzun dio eta alokairurik ez altxatzea erabaki 2023tik 2027ra arte. Onartu du berogailu eta mantentze gastuen bere gain hartzea ere. Horrez gain, udalak 70.000 euroko diru laguntza ematen dio haurtzaindegiari. Zailtasunak ikusirik, haurtzaindegiak galdegin dio 2025erako laguntza hori 85.000 euroraino hupatzea. «Ez dakigu ukanen dugun», aitortu du Dolek, Miarritzeko Herriko Etxeak hautatu baitu mementokotz diru laguntzen izoztea, Frantzian gobernua osatu eta aurrekontu bat adostu arte. Erdietsirik ere, Ohakoan ez lukete aski irauteko. «Ontsa joateko eta segitzeko, 100.000 euroren diru laguntzak behar genituzke urtero, egin ditugun murrizketekin ere».

Ohakoak ohiz kanpoko diru laguntza eskatu zion iaz Familia Laguntzen Kutxari, eta 25.000 euro erdietsi zituen. Aurten, 55.000 euro galdegin dizkio. Laguntza hori banatzen duen kutxako batzordea bildu da, eta haurtzaindegia erabakiaren beha da orain. «Urte bukaera aitzin jakinen dugu».

Horren beha egon gabe, haurtzaindegi euskalduneko burasoak mobilizatu dira. Dirua biltzeko kanpaina bat zabaldu dute Interneten, abenduaren 12ra arte hazkurri saskiak salgai ezarririk.

Pribatizazioaren mehatxua

Kinka gaiztoak egonkortzeko arriskua zuela ikusirik, murgiltze ereduko euskal haurtzaindegi gisa, Ohakoak Euskal Hirigune Elkargora jo zuen —erakunde horrek hizkuntza politika bat bozkatua baitu—, baita EEP Euskararen Erakunde Publikora ere, diruz laguntzea galdegiteko. Errefusa ukan du bietan. Miarritzeko Herriko Etxeak erabaki zuen lehen haurtzaroaren arloa atxikitzea elkargoa sortu ondoan. «Miarritze da, ondorioz, dagokigun erreferentziazko erakundea», erran du Dolek. EEPko ordezkariak joan den urtean bildu ziren Ohakoakoako kideekin, eta erran zieten ez zutela diru gehiagorik banatzeko. «Pixka bat harrigarria da, zeren eta euskaraz ari gara, eta EEPtik ez dugu deus errezibitzen. Lehen bagenituen laguntza ttipi batzuk jarduera batzuentzat, eta badu hiruzpalau urte kendu dituztela».

«Pixka bat harrigarria da, zeren eta euskaraz ari gara, eta EEPtik ez dugu deus errezibitzen. Lehen bagenituen laguntza ttipi batzuk jarduera batzuentzat, eta badu hiruzpalau urte kendu dituztela»

MARIE DOLOhako haurtzaindegiko zuzendaria

Horretarako eskumena duen erakundeak, hau da, Miarritzeko Herriko Etxeak ez badu bere gain hartzen eskas dena ezartzea,  arriskua bada burasoek arlo probatura jotzeko egun batez. Beste haurtzaindegi batzuek egiten dute. Enpresa batzuei diruz laguntzea galdetu, eta haurtzaindegiak ordainez tokiak atxiki behar ditu enpresa horretako langileen haurrentzat. Ohakoaren egitasmoaren kontrakoa litzateke hori, Dolek argiki erran duenez: «Ohakoaren egitasmoa murgiltze ereduan baita, eta elkarte bat garenez, burasoen inplikazioa galdetzen baitu». Enpresa batentzat tokiak atxiki behar izateak egitasmoa hautsiko luke, eta kanpo utziko lituzke beren haurra euskarazko murgiltzean eskolatu nahi luketen beste buraso batzuk. «Nahiago dugu burasoen zinezko hautua izatea beren haurra euskaraz errezibitua izan dadin, enpresa batek tokia erreserbatua duelako egitea baino». Gainera, haurtzaindegiaren pribatizatzea litzateke, eta Ohakoaren hastapenetako xedearen kontrakoa litzateke bide hori, Dolen ustez: «Mementoko hola ez bada ere, guk uste dugu zerbitzu publikoa izan beharko lukeela»; haren erranetan, ez lukete «xuxen» atzemanen batzuk «lehentasunez pasatzea» enpresa batek ordaindu duelako.

Bizkitartean, Ohakoako egungo bulegoko burasoek argiki erran diete herriko etxeari eta CAFi ez dutela horretan sartu nahi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.