Miarritzeko larunbateko giza katean parte hartzera deitu dute

Ipar Euskal Herriko hainbat lagun ezagun, atzo, Miarritzen, larunbateko ekinbidearen alde. GUILLAUME FAUVEAU.
enekoitz esnaola
2019ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko alor askotako 60 lagun ezagunek dei egin dute «bake prozesua bultzatze aldera» Miarritzen (Lapurdi) larunbatean egingo den giza katean parte hartzeko, eta 300en batek sinatu dute deialdia. Euskal presoak lehentasun hartzez gain, biktimak ere izan dituzte gogoan, Miarritzen egindako prentsa agerraldi batean. «Lehen egunetik diogu: prozesuaren bi elementu nagusiak biktimak eta presoak dira», adierazi du haien denen izenean Anne Marie Bordesek.

Batetik, «salbuespenezko» neurriak kentzeko eskatu diote Frantziako Estatuari: DPS estatusak erretiratzeko euskal presodenei; preso guztiak hurbiltzeko; eta baldintzapeko aske uzteak onartzeko, larri dauden presoak askatzeko eta zigorren komutazioa onartzeko Frederic Haranburu, Jakes Esnal eta Ion Paroten kasuan —hirurek 30. urtea dute preso—. Bestetik, «konponbide orokor eta erabatekoa» galdegin dute: preso eta iheslari guztien gizarteratzea, eta biktima denekiko ezagutza, egia eta erreparazioa.

«Euskal Herriko bake prozesuak atzera egiterik» ez duela azaldu dute idatzian. «Aldebakartasuna izanen da elkarbizitza lasaitu eta demokratikoaren motore». Bake bidearen eraikuntzan «alde guztiak» beharrezko direla deritzote, eta nabarmendu dute eragile asko engaiatu dela bide horretan azken urteetan. «Izan gaitezen denak bakegile, bake justu eta iraunkor baten alde, iragana errepikatu ez dadin».

Hotel du Palais eta Birjinaren haitza lotuko ditu giza kateak. 16:00etan hasiko da eta hiru kilometrokoa izango da, sei eremutan banatuta. Ostiralean, berriz, Gure elkarbizitza eraikitzekotopaketa izenpean, solasaldiak izango dira Miarritzen, Bellevue kasinoan, 19:00etan.

Marina Bernado, aske

Marina Bernado presoa (Mallorca, Herrialde Katalanak) aske utzi dute behin-behinean. Rennes (Bretainia) espetxean egon da urteetan, baina ostiralean Espainiaratu egin zuten. Atzo, Auzitegi Nazionalean, epaileak erabaki zuen behin-behinean eta bermerik gabe libre lagatzea. Irekita duen auziko epaiketa egin arte, astean behin sinatzera joan beharko du. 2006an atxilotu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.