Miarritzeko Herriko Etxeak 'La Négresse' auzo izena aldatu beharko du

Bordeleko Administrazio Auzitegiaren erabakia izan da, eta herriko etxeak Estatu Kontseilura joko du. Oroimenak eta Partekatzeak elkarteak abiarazi zuen izenaren aldatzeko prozedura, arrazista eta sexista dela kontsideraturik.

Miarritzeko 'La Négresse' auzoko denda baten aitzinaldea.  GUILLAUME FAUVEAU
Miarritzeko 'La Négresse' auzoko denda baten aitzinaldea. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko otsailaren 6a
15:05
Entzun

Azkeneko emaitza jakinarazi dute Bordeleko Administrazio Auzitegian: Miarritzeko La Négresse auzo izena aldatu beharko du herriko etxeak ondoko hiru hilabeteetan. Urtarrilaren 16an Bordeleko Dei Auzitegian iragan zen epaiketan, txostengilea jadanik Oroimenak eta Partekatzeak elkartearen galdearen alde agertu zen —gehien-gehienetan, txostengilearen iritziari jarraikitzen diote epaileek—; Paueko Administrazio Auzitegian kontrako jarrera ukan zuten.

«Erabaki historikoa da», Karfa Sira Diallo Oroimenak eta Partekatzeak elkarteko buruaren ustez —beltzen trafikoaz eta esklabotzaz oroitzeko lan egiten du elkarte horrek—: «Lehen aldikoz borroka antirrazisten historian, auzitegian erabaki dute izendapen baten erabilpen problematikoa baliogabetzea». Auzibidearen hatsarre-hatsarretik salatu zuten izendapena «arrazista eta sexista» dela; elkarteak berak abiatu zuen izenaren aldatzeko prozedura, eta, azkenekoz, beraz, Bordeleko Administrazio Auzitegiak ebatzi du baietz, «giza duintasunari» eragiten diola.

Militanteek uste zezaketen 2015etik irauten duen borroka eta 2020an abiatu zen ibilbide juridikoa borobilduko zituela erabakiak, baina Maider Arostegi Miarritzeko auzapezak jakinarazi du Estatu Kontseilura joko dutela: «Justiziak ez du atxiki auzo izenaren azalpen historikoa, eta aro garaikideari baizik ez zaio erreparatu. Négresse, nègre izendapenek historiaren garai bat kontatzen dute, osoki itsusia izan zena: esklabismoa; termino horren ezabatzea hura gauzatu zen errealitate historikoaren ezabatzea da».

Artean, eta gaurko erabakiari jarraikiz, Oroimenak eta Partekatzeak elkartearen izenean, Diallok  «izendapen hori berrerabiltzen duten auzo horretako komertzio orori» galdegin die «izendapenari uko egitea». Horrez gainera, azaldu du heldu den astelehenean joanen direla autobideak kudeatzen dituen Vinci enpresakoengana, Miarritzeko hiriaren heinean dagoen autobidearen ordainlekua ere La Négresse izendatua delako —komunzki erabilia da, gainera—: «Justizia erabaki bat dago tartean; beraz, denei dagokie izendapen horren aldatzea».

Auzoaren izenaren ordezkatzeko, adibidez,  aukera balukete euskarazko Harausta izenarekin aldatzeko, auzoaren berezko izena baitzen 1861ean aldatu zuten arte. Beste aukera bat litzateke auzo horretan lanean aritu omen zen eta delako izendapena inspiratu omen zuen emazte beltzaren egiazko izena atzematea; zenbait elkartetan militatzen duten hainbat historialarik lan horri ekin zioten duela zenbait urte.

Elkarretaratzea egin dute 15:30ean Bordeleko Auzitegi aitzinean, eta emaitzaren ospatzeko izan da, azkenean.

Egiazko izenak

Herritar anitz kexu agertu ziren auzoaren izendapena aldatzeko arriskua zela eta. Miarritzeko Herriko Etxeko sarreran duela zenbait egun ezarri zuten kexu kaierean ere, hain zuzen, herritarrek beren iritzia idatzi dute: bete diren 50 orrietan, auzoaren «betiko» izena, «izendapen historikoa» aipatzen da behin eta berriz, baina gezurra da izendapen hori betikoa delako ustea —segur aski jakin gabe idatzitakoa—, auzoak euskarazko izena baitzuen lehenago.

2000. urtean aurkeztu zuen tesi lanean, Hector Iglesias ikerlariak xehe-xehe ikertu zituen Baionako, Angeluko eta Miarritzeko leku izenak. Erakutsi zuen euskaldunek Harausta, Harrausta, Heustarre edo Eguastarre deitzen ziotela Miarritzeko geltokiaren inguruko auzo horri, baita dokumentuetan ere. XIX. mendean Napoleonen soldaduek auzoa La Négresse izendatu ondoan, 1968an herriko etxeak ofizialki egin zuen aldaketa, kolpe bakarrez bi kondena jarrita: euskarazko izena ezabatu eta La Négresse izendapen gutxiesgarriarekin ordezkatu zuen.

Zehazki, XIX. mendean auzo horretako ostatu batean lanean ari omen zen emazte beltz bati dagokio La Négresse izendapena, Napoleonen soldaduek jarria. Auzoaren izena justifikatzeko edo, behin eta berriz argudiatu izan dute emazte horren «ohoretan» egin zela izendapena; Miarritzeko Herriko Etxearen abokatuak berak erabili zuen hitz hori. Bordeleko Administrazio Auzitegiari hala iruditu zaio: «Dimentsio historikoa edozein izanik ere, gaur egun, La Négresse terminoak ofizialki identifikatua izan ez den emazte baten arraza jatorria ekartzen du gogora, modu gutiesgarrian».

Eta emazte hura egiazki existitu bazen ere, négresse ez zen haren izena izanen, horregatik da hain garrantzitsua haren egiazko izenaren atzematea. Vincent Hiribarren historialariaren ustez —Afrikaren Historia irakasten du Londresen, baina Donibane Lohizunekoa da sortzez (Lapurdi)—, zeren haren «ohoretan» egin behar bada auzoaren izendapena, «haren egiazko izena ezarri behar zaio, emazte [beltzen] eskubideen ikuspegitik».

Kontua da oso konplikatua dela delako emazte horren aztarnak atzematea: «Garai hartan jadanik [1861ean auzoari izena aldatu ziotelarik], emazte horren istorioak 50 urte zituen, eta jada ez zuten emazte horren izenik. Horregatik da konplikatua: zenbait nabigatzaileren izenak xerkatzen ari gara, Haitira joan zirenak, Santo Domingora, eta, agian, emazte horrekin itzuli zirenak gero, esklaboa zena aitzinetik eta libre geratu zena... Baina hipotesiak baizik ez dira».

Aukeretako bat litzateke auzoari zegokion euskarazko izena berrezartzea: Harausta. Erabaki hori Miarritzeko Herriko Kontseiluaren esku dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.