Bataila juridikoa bururaino eraman nahi du Miarritzeko (Lapurdi) Herriko Etxeak, La Negresse auzoari izena aldatzeko aginduari izkin egin ahal izateko. Izena arrazista dela salatu zuen Oroimenak eta Partekatzeak, eta otsail hasieran arrazoi eman zion Bordeleko Administrazio Auzitegiak. Estatu Kontseilura jotzeko asmoa iragarri zuen Maider Arostegi auzapez errepublikanoak. Orain, beste helegite bat ere jarri dute, argudiatuz auzoari izena eman zion erabakia ez dela existitzen.
Izan ere, administrazio auzitegiaren erabakiaren funtsa da 1861ean auzoari izena emateko herriko etxeak hartu zuen deliberoa bertan behera uztea. Baina herriko etxeak orain dio delibero hori ez dela inon ageri eta, beraz, ezinezkoa dela haren kontra egitea. «Historialariek ez dute aurkitu auzoari izena aldatzen dion deliberorik, eta are gutxiago 1861ekorik», adierazi dio Arostegik Sud Ouest egunkariari.
Karfa Sira Diallo Oroimenak eta Partekatzeak elkarteko buruak agiri batean salatu du Miarritzeko Udalaren jarrera. «Prozedurak iraun duen bost urteetan ez dute sekula aipatu halakorik, eta orain erraten dute erabakia ezin dutela bete, deliberoa ez dutelako aurkitzen. Printzipio errepublikanoen aurkakoa da».