Frantziako Poliziak Didier Borotra Miarritzeko auzapeza galdekatu zuen atzo, egun osoz. 08:00 jota sartu zen Borotra Baionako polizia etxean, eta iluntzean auzitegira eraman zuten. Diru publikoa desbideratzea egotzi diote. Aske utzi du epaileak, akusaziopean. Salaketaren oinarrian Miarritzeko udaltzainen sindikatuaren salaketa dago. Haren arabera, Borotrak 3.600 isun bertan behera utzi zituen arrazoirik gabe.
Poliziaren arabera, 70.000 euroko galera eragin dio auzapezak Miarritzeko Herriko Etxeari. Borotrak nabarmendu du zaila dela Miarritzen aparkatzea, eta horregatik, udan eta bestetan bereziki, bertan behera utzi dituela isun batzuk, nagusiki erizain, elbarritu eta adineko jendeei jarririkoak.
Michel Veunac Miarritzeko auzapezordeak sostengua helarazi dio Borotrari, eta Poliziaren galdeketa «neurriz kanpokoa» dela salatu du. Borotrak 76 urte beteko ditu, eta hau du azken agintaldia. Heldu den urteko udal hauteskundeetara ez dela aurkeztuko jakinarazi zuen. Veunacek jakinarazi zuen isunak bertan behera gelditu ziren unean 28.000 pasa ezarri zituztela Miarritzen. Hala ere, udaltzaingoak nabarmendu du barkatutako isunen kopurua handiegia dela, batez bestekoa baino hamar aldiz handiagoa baita Miarritzen bertan behera gelditzen diren isunen kopurua.
Borotraren aurkako salaketa auzapezaren eta udaltzainen arteko liskar batetik abiatu zen. 2012ko udan Borotrak zigorra ezarri zien herriko hamabost udaltzaini, uko egin ziotelako autokarabanei ezarritako ordainsaria jasotzeari. Udaltzainek argudiatu zuten ez zela haien eginkizuna. Isunen aferak eta autokarabanenak ez dute loturarik, baina erakusten dute dagoen tentsioa.
Udaltzainen sindikatuak auzapezaren aurkako salaketa ezarri zuen 2012ko uztailaren 2an. Miarritzeko udaltzainen burua auziperatua da, horren ondorioz, eta orain, auzapeza, galdekatua.
Miarritzeko alkatea libre utzi dute, akusaziopean
Egun osoan galdekatu dute, Miarritzeko auto gidariei ezarritako 3.600 isun bertan behera uzteagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu