Miaketak egin dituzte Tuteran eta Barakaldon, sexu esplotazioaren aurkako operazio batean

Emakumeen salerosketan aritzen zen sare bat desegin dutela iragarri dute Belgikako eta Espainiako poliziek. Zazpi pertsona atxilotu dituzte, eta lau emakume askatu.

Prostituzio sare baten aurkako polizia operazio bat, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Prostituzio sare baten aurkako polizia operazio bat, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Ion Orzaiz.
2024ko urriaren 18a
10:55
Entzun

Emakumeen salerosketaren eta sexu esplotazioaren aurkako operazio bat abiatu dute Espainiako eta Belgikako poliziek elkarlanean, eta Euskal Herriraino iritsi da ikerketa. Operazio horren barruan, poliziak hainbat miaketa egin ditu Belgikako eta Espainiako zenbait herritan, baina baita Barakaldon (Bizkaia) eta Tuteran ere (Nafarroa). Guztira, zazpi pertsona atxilotu dituzte emakumeak prostituziora behartzea leporatuta. Lau biktima ere antzeman dituzte miaketa horietan, eta aske utzi dituzte.

2023. urteko apirilean abiatu zuen ikerketa Belgikako Poliziak: hango etxebizitza batean piztutako eztabaida baten kontura bertaratu ziren agenteak, eta etxe horretan ziren bi emakumek salatu zuten sexu esplotazioaren biktima zirela. Han jasotako informazioak Espainiaraino hedatu zuen ikerketa. Orain, herrialde bateko zein besteko poliziek iragarri dute emakumeen salerosketa sarea desegin dutela.

Espainiako Poliziak berri agentziei adierazitakoaren arabera, talde kriminal horrek iragarkiak jartzen zituen harremanetarako webguneetan, emakumeak sexualki esplotatzeko, eta biktimek irabazten zuten diruaren erdia kentzen zieten. Polizien arabera betiere, sare horretako kide batzuek Belgikan atzematen zituzten emakumeak, eta beste batzuek, berriz, prostituzio iragarkiak argitaratu, bezeroekin tratuak egin eta irabazitako dirua zuritzen zuten Espainian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.