Pastor
Darwin eta gu

'Mi puta novia'

2023ko abenduaren 2a
05:00
Entzun

Aurrean beste mutil bat eta neska bat ditu. «Mi puta novia, mi puta novia ha sacado un puto nueve en el puto examen de euskera y no tiene ni puta idea, porque estudió en castellano», esan die —«nire neska puta horrek, nire neska putak berak bederatzi puta bat atera du euskarazko azterketa puta horretan, eta ez dauka ideia putarik ere, gaztelaniaz ikasi zuen eta!»—.

Mi puta novia, mi puta novia. Bi aldiz esan die unibertsitateko kafetegiko lagunei. Ez dira amorru bizian irtendako hitzak izan. Harridura izan da. Ezusteko negatiboa. Erdeinuz aipatu du neska-laguna. Akaso uste du bera baino gutxiago dela? Hori pentsatuko zuen. Alta, euskarazko azterketa horretan kalifikazio bikaina atera duela ohartuta, zalantzan jarri du bere nagusitasuna? Izan ere, neskak ez omen zuen ideiarik, baina usteak erdi ustel. Gazteak proba gainditu du, eta mutila, poztu barik, asaldatu egin da.

Aurrekoan beste solasaldi bitxi baten berri izan nuen. Bi neska hizketan ari ziren elkarrekin. Horietako baten mutil-laguna noiz etorriko zain zeuden, zerbait hartzera joateko. «Ea lehen aipaturikoa noiz datorren. Ez dakit garaiz helduko den. Agian galdu egingo da. Badakizu, erdi tontoa da eta». Neskak ez zuen txantxetan esan. Lasai botatako baieztapen moduko adierazpena izan zen. Mutila bizikletan ona dela esan balu legez. Zer pentsatuko luke mutil-lagun itxuraz txotxolo samarrak bikotekideak berari buruz nola hitz egiten duen entzungo balu? Nola erreakzionatuko luke lehen aipaturiko horrek?

Adituek diotenez, errespetua da bikoteak erlazioari eusteko oinarri funtsezkoena —maitasuna deitzen dioguna ere tartean baldin badago, jakina—. Duela gutxi arte, behintzat. Gizartea azkar aldatzen ari da. Maitasun harremanak ere bai. Hori dela eta, baliteke, zenbait lagunen ustez, begirunea jadanik beharrezkoa ez izatea erlazio sentimentalen etengabeko eraikitze-prozesuan. Baina amodiorik, maitasun harremanik izan daiteke errespetu barik?

Eta gure mutil ahozabal horrek bere burua erlazio batean ikusiko ez balu, antzinako terminologia eta kontzeptua —andregaia— erabiltzen badu ere? Amaitu da zuria ala beltza dikotomiaren inguruan garatutako mundua. Definizioak mugatu egiten gaitu. Zedarritu. Egunero autodeterminazio ariketa egiten saiatzen da norbanakoa. Eskubide hori sortu eta geureganatu dugu lehen munduko herritar zoriontsuok.

Maitasun harremanak ez daude eboluzio horretatik kanpo. Adin kontua izan liteke. Antzina, maiteminduek bizi artean maitatzen zuten elkar —edo bizi artean elkar maitatzera behartuak ziren, edo horren plantak egiten zituzten—. Egun bestelakoa da kontua: gaur eguerdian oraindik maite zaitut. Gauerdian maitatuko ote zaitudan... Behin-behinekotasun emozionala nagusitu da, eta harremanak ez ei dira harremanak. Bazara, baina ez zara. Hor zaude, baina ez zaude.

Egoera berezi horri situationship deitzen diote —situation eta relationship hitzen arteko nahasketa—. Erlazio hori zehaztugabea da. Eta hala behar du, antza. Le Monde egunkariak duela gutxi argitaratutako artikuluan ageri denez, gero eta gazte gehiago bizi dira eremu lainotsu horretan. Konpromiso hitza beldurgarria, lazgarria dela esan dio horietako batek hedabideari. Kontuz, baina! Zer gertatzen da bikotea ez den bikoteko kide batek benetan bikotea osatu nahi duenean ondoan duen pertsonarekin? Komunikaziorik ez badago, situationship-a toxiko eta mingarri bihur daiteke, adituen iritziz. Trauma emozional bat opari kutxa batean bildua.

Zer pentsatuko luke neska puta horrek mutilak nola deitu dion jakingo balu? Errespetatu ala gutxietsi egiten duela? Haserretu egingo litzateke. Edo ez, mutilaren ezpal berekoa bada. Orduan, neskak lagunekin elkartu eta esango lieke: «Nire mutil puta horrek euskaraz ideia putarik ez daukadala uste zuen eta hara non bederatzi puta bat atera dudan azterketa puta horretan». Lehengoan esan zidan lagun batek: «Hamaika ikusteko jaio ginen. Eta hamabi ikusi ditugu jada».

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.