Koronabirusa. Mendeko pertsonak. Mikel Malkorra. Elkartu-ko ordezkaria

«Mezua izan da familia dela zaintzaren ardura duena»

Izurriak agerrarazi egin ditu urritasunak dituztenen zaintzan dauden gabeziak: Elkartu federazioak horren gaineko txosten bat egin du. Malkorrak gogoratu du arazoa egiturazkoa dela.

GORKA RUBIO / FOKU.
arantxa iraola
2020ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Gipuzkoan desgaitasun fisikoa duten pertsonen federazioa da Elkartu, eta itaunka jardun dute konfinamenduaren harira: urritasunak dituzten pertsonei eta haien familiei galdetu diete zer-nola antolatu dituzten aldi honetan zaintza lanak. Federazioko ordezkari Mikel Malkorraren aburuz (Tolosa, Gipuzkoa, 1976), oinarrizko arazo bat areagotu besterik ez du egin osasun krisi honek, eta agerian geratu da hori erantzunetan.

Laguntza behar duten mendekoei kalera irteteko ordua ipini diete: adineko pertsonekin batera. Zer gogoeta eragin dizue?

Bai, urritasunak dituzten pertsona zenbaitek laguntza behar dute kalera ateratzeko. Baina gure kolektiboan badira kirolariak ere, edo gurasoak, edo erosketak egitera ateratzen diren pertsonak; beste edozeinek bezala egin ditzakete jarduera horiek. Adi erreparatu behar zaie, halaber, egoitzetan dauden pertsonei; deskonfinamendu aldi honetan kontuan hartu behar lirateke haien beharrak, eta haien egoera gogorra. Gogorra da deskonfinamendua etxean pasatzea, baina egoitza batean, gela batean, are gogorragoa.

Zuek asteotan eginiko azterlanaren arabera, familiek aparteko zama hartu behar izan dute...

Ondorio nagusietako bat hori izan da: beren gain hartu dute familiek urritasunak dituzten pertsonen zaintza.Badago gizarte zerbitzuen sistema bat, laguntzak eta zerbitzuak badira, baina, praktikan, egoera honetan, argi ikusi da familia dela zaintzen ardura hartu duen erakundea. Alde horretatik, beharrezkoa da senideen zaintza duintzea.

Eguneko zentroak, zentro okupazionalak... itxi egin dira. Nola egin diete aurre familiek horrek ekarritako zaintza premiei?

Bai, itxi egin dira zentro asko. Kasu batzuetan ikusi dugu, halaber, etxez etxeko laguntza zerbitzuari uko egin diotela hainbat erabiltzailek, beldurrarengatik. Horrek guztiak ekarri du familiek hartzea beren gain zaintzaren ardura. Egon dira erakunde publikoen hainbat programa ere horretara bideratuta. Adibidez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren proposamena, zeinak eman baitu modua egoitzetan dauden pertsonak etxera itzultzeko. Mezua izan da, praktikan, familia dela zaintzaren ardura hartu behar duen erakundea. Horrek guztiak, halaber, agerian utzi ditu gabeziak: laguntzaile pertsonalen falta, etxez etxeko laguntzaileen zerbitzuko hutsuneak...

Aldarri zaharrak dira, ezta? Krisi honek gordinduak...

Bai, guk urteak eta urteak daramatzagu mahai gainean jartzen sistemaren gabezia batzuk. Orain, asko ari dira, esaterako, egoitzen ereduari buruzkoak. Bada, berrogei urte bete ditu jada federazioak, gauza asko aldarrikatu ditugu urteotan, eta ikusi dugu, esaterako, nola 1980ko urteetan Jaurlaritzara txosten bat bidali genuen agerraraziz egoitzetarako gure eredua: makroegoitzen ereduaren aurka, etxean egindako zaintzen eskubidea bermatzeko eskatuz... Hainbat gauza. Hala ere, gaur, askotan esaten da jendeak egon behar duela egoitzetan etxean bezala. Eta, ez, ez; jendeak egon behar du etxean. Eta pentsatu behar dugu zergatik ez dagoen etxean. Etxeak ez direlako irisgarriak, ez dagoelako laguntzaile pertsonalen baliabiderik bermatuta, jendeak ez duelako baliabide nahikorik etxean egoteko... Horren inguruan egin behar da hausnarketa, eta bermatu behar dira baldintza guztiak jendea etxean egoteko. Argi dago hori beti ez dela posible izango; behar dira egoitzak: baina beste eredu batekin.

Asteotan jaso dituzuen bizipenetan zer-nolako arazo motak agertu zaizkizue, batez ere?

Ez da hitz egin batere gaiaz, baina familiak direlarik zaintzaileak, beti egon da beldurra zaindua edo zaintzailea kutsatzeko, baina ez zaizkie eskura jarri segurtasunerako baliabideak. Ezta laguntzaile pertsonalei ere...

Horrek kezka handia sortu du zaintzaileen artean, zaurgarriak direlako urritasunak dituzten zenbait pertsona...

Hori da, konfinamendu egoeran familiek hartu behar izan dute, hein handian, zaintzaren ardura, eta hor hainbat egoeratan arriskua egon da zaintzen katea hausteko, eta hori, gainera, zer eta ingurumari zail batean, eguneko zentroak-eta itxita baitaude. Egon dira arazoak. Egon dira, adibidez, laguntzaile pertsonalak uko egin diotenak egoera horretan lan egiteari, edo kutsatu egin direnak... Ez dago, ordea, baliabide publikorik mendekotasuna duen pertsona batek laguntzaile horiek bilatu ahal izateko. Joan behar du baliabide informaletara: ez dago baliabide publiko bat, poltsa publiko moduko bat. Urte pila bat daramagu beste eredu baten alde: bizimodu independentearen eredua da. Urritasuna duen pertsona batek aukera dezala nola bizi nahi duen; ez dezala bizi sistemak ezarritako bizimodu bat. Gure inguruan badira pertsona batzuk bizimodua independentean; ikusi beharko da nola pasatu duten haiek egoera hau eta alderatu beharko dira egoitzetan bizi direnen kasuekin.

Irakurri gehiago: Mendeko pertsonen mintzoa: «Beti gaude maila apalagoan»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.