Koronabirusa. Pandemiaren tolesturetan (eta V) Amaia Bacigalupe.

«Mezua hain da sinplea, gizarteari ez dio uzten konplexutasunik garatzen»

Izurriaren kudeaketaren ondorioz osasunean eragiten duten aldagai sozialei erreparatzeko aukera galdu dela uste du soziologoak. Baina ikuspegi horren premia nabarmendu du, COVID-19aren pandemiak bat egin duelakoan gizarte desberdintasunek sortutako gaitzekin.

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2021eko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Solasaldia hasi eta berehala egin du aitortza Amaia Bacigalupek (Portugalete, Bizkaia, 1980): «Ezkor nabil. Ez hainbeste egoeragatik, baizik eta honek utziko duenagatik». Soziologoa da, eta osasun publikoan aditua; eremu horretan garatzen ari da bere lan akademikoa, EHUren OPIK ikerketa taldean, osasunean eragina duten aldagai sozialak aztertzen. Bilbon bizi da, eta Atxuriko auzo elkartean eta eskola publikoaren guraso elkartean ere badabil, komunitatea ehuntzen.

Zure ezagutza arloetatik, zer irakaspen uzten ari da pandemia?

Errazagoa egiten zait esatea zertaz ez garen konturatzen ari. Nik pandemiaren lehen asteetan esperantza izugarria izan nuen, begirada zabalduko genuelakoan hainbat gairen inguruan: osasuna zer den, zerk baldintzatzen duen, eta osasuna babesteko eta sustatzeko zer tresna, neurri eta politika behar ditugun. Uste nuen hori pentsamendu konplexuago batetik aztertzen hasiko ginela, argi baitago ikuspegi biomediko estuak mugak dituela hau guztia ulertzeko. Baina hasierako baikortasunik ez dut jada. Zer ez garen ikusten ari? Bada, behartu gaituzte egun batetik besterako planak egitera, eta horren araberako pentsamendu bat lantzera, eta horrek ez dio uzten espaziorik pentsamendu konplexuari. Hamar hilabete pasatu dira, eta berdin gaude: etengabe esaten digute arduratsuak izan behar dugula, eta mezua hain da sinplea, gizarteari ez dio uzten egoera honek behar duen konplexutasuna garatzen. Nahikoa dugu lau kode sinple eta arau betetzearekin.

Hasiera hartan esaten zen pandemiak hobetu egingo zuela gizartea. Uste duzu eremu kolektiboa indartu egin dela?

Ezta gutxiago ere. Komunitateetan garatu diren zaintza egitasmoez gain, zer proiektu eraikitzaile abiatu dute erakundeek edo administrazioek, kolektiboa den hori zaintzeko? Ezer ez. Politikoki modu antolatu batean bidali diguten mezua izan da bakoitzak bere kabuz atera beharko dituela babak eltzetik. Ez da neurririk egon, adibidez, umeen zaintzaren inguruan, ez konfinamendu garaian, ez udazkenean, haurren berrogeialdietan. Indibidualtasun sentsazioa areagotu egin da, nahita: indibidualagoak gara, demostratu digutelako oso egoera zail eta kritiko batean ez dugula izan babes gehigarririk, gizartearen babesik.

Eta horrek ondorioak izan ditzake aurrerago ere?

Arrastoa utz dezake. Aukera galdu bat da baloreen arloan; publikoa defendatzeko ez ezik, publikoan sinesten ez dutenengan eragiteko: publikoak guztiok zaintzen gaituela erakusteko.

Baina, osasun publikoko adituek diozuenez, pandemia, izatekotan, arazo sozial bat da.

Halaxe da. Krisi honek lagun zezakeen pertzepzio hori sortzen: gizartean nola gauden antolatuta, kolektiboki zer egiten dugun edo ez, horrek guztiak eragina du gure egunerokoan, osasunean eta pandemian. Baina martxotik jasotzen ari garen input guztiak dira hau ardura indibidual bat dela, eta ezin izan dugu sortu kontzientzia sozial bat ulertzeko denok salbatzen ez bagara ez dela inor salbatuko. Ideia horren oinarrian interdependentzia dago—nahiz eta denok ez gauden dependentzia maila berean—, baina uste dut berandu dela ikasgai horiek planteatzeko: jendea ohitu egin da, ideologikoki birkokatu...

Zer hutsune dituzte portaera indibidualetan fokua jartzen duten mezu horiek?

Ez dago apenas jarrera indibidualik ez dena azaltzen, neurri handi batean, baldintzatzaile sozialen bidez: zer jaten dugun, telebistan zer ikusten dugun, zer alderdi politiko bozkatzen dugun... Ez dago ia erabaki librerik ehuneko ehunean. 1980ko hamarkadatik eta neoliberalismotik, ordea, ildo ideologiko bat hauspotu da: «Zure esfortzuarekin eta pentsamendu positiboarekin, nahi duzuna lor dezakezu». Baina ez da hala: patroi sozialetan oinarritzen dira hainbat erabaki eta jarrera. Eta pandemian ere halako aldagaien araberakoa da, adibidez, kutsatzeko arriskua: zer lan dugun, telelana egiteko zer aukera, zer auzotan bizi garen, nolako etxea dugun, zenbat pertsonarekin bizi garen, zer eskolara doazen gure umeak... Horregatik esaten da pandemia hau sindemikoa dela: COVID-19aren izurriak bat egin du osasuneko determinatzaile sozialekin, eta gizarte desberdintasunak askoz ageriago geratu dira. Horrek ez du esan nahi pertsonok ezin diegunik baldintzatzaile horiei aurre egin; baina aterki hori diskurtsotik at uztea arriskutsua da, erruduntasuna eta frustrazioa sortzen dituelako.

Pandemiaren kudeaketan, kontuan izan dira osasunarekin, zientziarekin eta ekonomiarekin lotutako irizpideak. Eta irizpide sozialak?

Oso gutxi. Adibidez: jende askok ezin ditu arauak bete, lana galtzeko beldur delako; hau da, PCR bat egitera joan, gertuko kontaktu bat izanda etxean geratu eta antzeko erabakien atzean badakigu zer baldintzatzaile sozial dauden. Baina zer lan egin dute aztarnariek gizarte langileekin, jendeari gehien kostatzen zaizkion neurriekin laguntzeko, baliabide sozialen berri emateko? Beste adibide bat, baheketen harira: albistegietan entzun izan dut oso parte hartze baxua izan dutela batzuek, iradokiz jendea arduragabea dela; baina Osakidetzak uste al du jendea intuizioz joango dela proba egitera? Lanik egin al dute auzo elkarteekin, osasun zentroekin edo gizarte zerbitzuekin, jakiteko zer egoera dagoen? Baliteke kolektibo batzuk enteratu ere ez egitea, edo ezin probara joatea...

Uda hasieran, gimnasioak zabalik zeuden, baina eskolak, itxita, eta zahar etxeak, bisitarik gabe. Zentzurik al luke kalteberen diren taldeei lehentasuna ematea neurri murriztaileak ezartzean?

Zentzua luke, baina, segur aski, erabakiak hartzen ari direnek ez dute ikuspegi integral hori. Izan ere, administrazioan dena da «hemen amaitzen da nire alorra eta hor hasten da zurea», eta horrek eragina du gure kultura politikoan: nirea hemen amaitzen denean, ez dut harago ikusten, eta, gainera, berdin zait. Aipatu dituzun adibideekin lotuta, eremu mikroan zein makroan, balantza bat dugu: alde batean daude arriskuak, eta bestean onurak;desoreka handia izan da balantzan, pisu guztia jarri delako arriskuak gutxitzeko prebentzio neurrietan, baina onurei ez diegu garrantzirik eman. Begira eskolan: ia kutsatzerik izan ez den zentroetan ere, irailean bezala jarraitzen dute; gurean ez dute probatu nahi jolastokia bestela antolatzen, protokoloak hau eta beste dioelako. Zergatik ezin dugu ausardiaz jokatu, balantza orekatzeko? Segur aski eskolako egunerokoa hobetuko duten gauza asko egin daitezke segurtasun neurriak betez, baina orain, prebentzio neurriak mantentzea bihurtu da azken helburua, ez modu bat gizartean ahalik eta atseginen bizitzeko. Zahar etxeetan, benetan uste dugu adinekoak astean bitan kalera ateratzea arriskutsua dela haientzat, ala ez dugu probatu nahi, egoiliarrak itxita edukitzea errazagoa delako? Eta ez da bakarrik gertatzen administrazioetan, baizik eta herritarron artean ere bai.

Sen ona falta da?

Nolabait, diziplinatu egin gaituzte, ausardia galdu dugu. Sen onez pentsatzeko gaitasuna galdu dugu, gainetik jarri dugulako arauak betetzea, segurtasuna ematen baitigu. Duela gutxi, gauez atera nintzen paseo bat ematera, eta, ez zebilenez inor, ez nuen jarri maskara; gizon batekin gurutzatu nintzen, eta esan zidan elkartasun gutxikoa zela maskara gabejoatea. Batetik, ulertzekoa da ni neu arauak betetzearen aldekoa naiz, baina, bestetik, latza egin zitzaidan kexa termino horietan planteatzea, kontuan izanda bakarrik nenbilela kalean... Foucaultek, biopolitikaz aritzean, esaten zuen gorputzen diziplinamendua politika egiteko era bat zela; horren adibide da pandemia.

Itxialdian zehar umeekin gertatutakoa aztertu zenuen. Zer ondorio atera zenituen?

Egoera zailetara egokitzeko gaitasun izugarria dute umeek; pertzepzio hori dugu iruditerian, eta egia da, baina horren aitzakiapean guztiz utzita egon ziren haurrak martxo-apirilean: ez zitzaien garrantzirik eman helduon begiradatik, eta horrek asko esaten du gure gizarteaz. Dena den, itxialdiak umeengan utzitako inpaktua batez ere desberdintasun sozialetan sumatu da: haur batzuk jarri zituen aurrez zeuden posizioan baino atzerago, eta irailera hala heldu dira. Euskararen arloan, adibidez, hondamena izan da: eskolan ez-presentzialtasunak eragindako kaltea berreraiki behar izan dute lehen hiru hiletan.

Distantzia sozialak eraginik izango al du haien sozializazioan? Ezin lagunak besarkatzeak, ezin jostailuak partekatzeak...

Umeei irakasten zaienaren aurkakoak dira neurri horiek, baina inpaktua pandemiaren luzeraren araberakoa izango da: lehenengo sozializazio prozesuetan ikasten dituzten egiturazko kodeetan eragin handiagoa izango du asko luzatzen bada edo konfinamendu zorrotzera itzultzen bagara. Edonola ere, umeekin lotuta, itxialdian oso argi atzeman genuen beste desberdintasun bat gurasoen artekoa izan zen, aiten eta amen artekoa: apirilerako jada inpaktu handiagoa neurtu genuen emakumeen osasun fisiko zein mentalean eta bizi kalitatean. Eta andreek beste krisi ikusezin bat ere pairatu dute: indarkeria matxistarekin lotutako salaketek behera egin dute, baina biktimen arretarako zerbitzuek dei gehiago jaso dituzte. Baina azaroan konfinamenduaren mehatxua izan zenean, ez nuen inor entzun etxe barruko egoera horietarako neurri berezirik prestatzen; ez umeentzat, ez emakumeentzat. Berdin utzi behar al gintuzten, jakinda aurreko itxialdian zer gertatu zen?

Zaintzarekin lotuta, andreen belaunaldi bat galtzeko arriskuaz ohartarazi dute Europan eginiko azterlan batzuek.

Arrisku erreala da. Ez da bakarrik krisi ekonomikoak langabezia handiagoa ekarriko duela emakumeentzat, baizik eta genero rolen definizioa indartu eta dikotomizatu egin dela: bakoitzak argi izan behar du zein den bere egitekoa kaos sistemiko honetan, eta horrek dakar emakumeok atzera egitea, eta gizonak bere horretan geratzea. Aztertzekoa litzateke, adibidez, eskoletatik nori deitzen dioten umeekin arazorik badago. Eta bada generoarekin lotutako beste kontu bat: zenbat andre ari dira psikofarmako gehiago kontsumitzen bizi egoera zailei aurre egiteko? Lehen ere gehiago hartzen zituzten, baina 2020ko datuek asko esango dute pandemiaren inpaktu emozionalaz.

Horrek esan nahi du gizarte antolakuntza honek bereziki gaixotzen dituela emakumeak?

Duela 30 urte Mabel Burinek jada idatzi zuen buru osasunean desberdintasunak jasaten ditugula andreok, batetik, genero aginduei jarraitzen diegunean, sufrimendua eragiten digulako ezin garatzeak eta diskriminazioa eta bortxa pairatzeak; baina bestetik, aginduoi aurre egiten saiatzeak ere sufrimendua eragiten digu. Beraz, bidegurutze batean gaude. Emakumeen eguneroko bizimodua definitzen duten gauza txikiek ere badute prezio bat osasun fisiko eta emozionalean.

Adinekoak ere bakartuta egon dira hilabeteetan. Ondorioak orain ari dira azaleratzen?

Gai hori ez dut zehatz ikertu, baina inguruan ikusten ari naiz ez ditugula kontuan izan bakartzearen zeharkako inpaktuak, eta ez bakarrik eremu emozionalean, baizik eta fisikoan ere bai. Eta berriz dago neurrien eta onuren arteko balantza: hil ez zitezen bakartu ditugu adinekoak, eta noski, oso garrantzitsua da hori, baina garrantzitsua da, era berean, bizi nahi izateari ez uztea. Eta ez da topiko bat. Nik neuk ingurukoei esan diet ateratzeko, hartzeko metroa, ondo babestuta, baina ez geratzeko etxean. Baina beldur handiz sumatu ditut. Arma politiko oso indartsua da beldurra: atea zabaltzen diogunean, zaila da gero ixtea eta lasai bizitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.