Mezua eta mezularia

Mikel Bujanda.
2015eko abenduaren 6a
00:00
Entzun
MEZUA. 25 urte egunez egun, tantaz tanta, Euskal Herri nazioan murgildu gaitu EGUNKARIAk, BERRIAk. Komunikazio zerbitzu honen erabiltzaileari gelditzen zaion ideia nagusia nazioarena da.

Ez da jokalekurik errazena interesa sortzeko. Hurbilekoena izan ohi da erakargarriena. Etxe ondokoak kuriositatea pizten du. Horregatik medio lokalek, tokiak, tokikoek duten abantaila. Nork bere herrikoa izaten du jakingai, askotan huskeria izan arren. Axaleko kontuak nahi bada, txokokeriak, tribialitateak, baina gertu-gertukoak. Interesgarriena ez baita garrantzizkoena. Nazioarena urrunxkoago gelditzen da, abstraktuago, transzedentalago. Garrantzitsua, baina erakarmen gutxiagokoa. Nazioaren esparruan jokatzen du euskarazko prentsak. Tokitasunaren konplementarietatea nahi eta ezinaren tartean galtzen da. Saiatzen jarraitu behar da.

Naziogintza garrantzizkoa da, Euskal Herria naziotzat duenarentzat. Horregatik egungo antolaketa politiko administratiboen gainetik nazioa garela dioenak balioa aitortu beharko dio euskarazko prentsa idatziari, naziogintzan, aberrigintzan nahiago bada, egiten duen ekarpenagatik.

Modu berean, naziogintzan ari den guztiak eroso sentitu ahal eta behar lukeeuskarazko prentsan.

MEZULARIA. Egunez egun, euskaraz, EUSKALDUNON EGUNKARIAk ia 3.800 zenbaki atera zituen. Ez zioten horrenbesteraino iristen utzi. Egunkari berriak gainditu du 3.800ekoa. Produkzio ugaria.

Euskarazko letretan hainbesteko kopurua sortu duen besterik ba al da?

Zenbatekoen gainetik dago, hala ere, kalitatea: komunikazio tresna zehatza, ulergarria, funtzionala, doitua bihurtuta dago euskara. Hori lorpen handia da. Badakigu munduaren berri euskaraz ematen. Azken urteotan prosa periodistikoak izan duen aurrerabidea oso nabarmentzekoa da. Ez da ziurrenik EGUNKARIAk eta BERRIAk esklusiban ekarritakoa, baina hein handi batean berari zor zaio.

Eta bada gehigarri bat: beste hedabideetako komunikatzaileentzat erreferentzia lagungarria gertatzen da egunkari honetan landu den hizkera eredua. Irratian edo telebistan esandakoak, bota ahala, haizeak eramaten ditu. Hemen ez, hortxe ditugu iraunkor, finko. Egunerokoa eta idatzizkoa izatetik datorkio balio gehigarri hori. Hedabide baten lana besteren probetxuzkoa gertatzen da, eta gizartean oihartzun zabala du ondoren. Eragin biderkatzailea esaten zaio horri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.