Iñaki Eizmendi. Gizarte hezitzailea

«Mezu positiboak eman eta euskararen presentzia zaindu behar dute gurasoek»

Euskarak etxean behar duen babesa du hizpide, besteak beste, Iñaki Eizmendik. Hitzaldi sorta bat ematen ari da, seme-alabekin hizkuntza anitzeko testuinguru batean nola jokatu behar den argitzeko.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jon olano
2012ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hezkuntzako aurrematrikulazio kanpaina abian dela, hitzaldi sorta bat ematen ari da Iñaki Eizmendi (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1973), Arabako Foru Aldundiak eskatuta. Guraso erdaldunek D ereduarekiko izan ditzaketen beldurrak kendu nahian dabil Eizmendi, eta argi du zein den etxean hizkuntza aniztasuna bermatzeko bidea: lehenik eta behin, etxekoa zaintzea.

Iragan astean hasi zinen gurasoei hitzaldiak ematen. Zein jarrera izan dute?

Gurasoen kezkak identifikatuta dauzkagulako ari gara egiten hitzaldi sorta hau. Orain, aurrematrikulazio garaia da, eta beldur batzuk sumatzen ditugu gurasoen artean. Joan den astean, hitzaldi ugari egin genituen, eta etxeko lanetan guraso erdaldunek umeei laguntzeko moduari buruzkoak bildu zuen jende gehien. Guraso erdaldun askoren kezka da hori: seme-alabak D ereduan matrikulatuz gero, lagundu ahal izango dieten etxeko lanak egiten. Beldur horiek uxatu nahian etortzen dira gehienak, eta, normalean, gustura hartzen dituzte aholkuak. Euskara ikasten ari direnekin egin dugu beste hitzaldi bat, eta orduan ere jende dezente elkartu zen.

Nola lagun diezaiekete guraso erdaldunek seme-alabei eskolako lanekin?

Guraso euskalduna edo erdalduna izan, laguntzeko era antzekoa da. Ikasteko ohiturek, motibazioek, arduratsuak izateak eta halakoek dute garrantzia. Horiek dira gurasoek aintzat hartu beharrekoak seme-alaben ikasketa prozesuan. Beste kontu bat da etxeko lan jakin batzuekin lagundu nahi badiete, baina, epe ertainera edo luzera, askoz garrantzitsuagoak dira lehen aipatutakoak. Lan zehatzetan laguntzeko mugak dituzte guraso erdaldunek, baina badaude tresna batzuk horretarako; umeek zer lan egin behar duten jakin behar du gurasoak, eta, horren arabera, ulermenarekin, buruz ikastearekin edo komunikazioarekin lagundu.

Eskola Kontseiluaren arabera, D ereduak ere ez du ziurtatzen euskaraz egiteko gaitasuna. Eskola ere ez bada nahikoa, nola bermatu euskarazko gaitasuna euskaraz egiten ez duten etxeetan?

Eskolak mugak dituela nabarmentzen dut, eta hori dioten datuak erakusten dizkiet gurasoei. Etxean erdaraz egin eta eskola bada soilik euskara jasotzeko gunea, ez dute sekula gaitasun bera izango euskaraz eta gazteleraz. Gaitasuna beti izango da altuagoa gazteleraz, kaleko eta etxeko erabilera altuagoak izango direlako. Asko nabarmentzen diet gurasoei eskolaz kanpoko jardueren garrantzia; izugarri interesatzen zaigu jarduera horiek euskaraz izatea. Jarduera dinamizatzen duen pertsona bat dugu hor—musika irakaslea, kirol begiralea—, eta, jarduera dinamizatzen duen heinean, euskararen erabilera ere landu dezake. Talde batzuetan gaztelera nagusi bada ere, elementu bat dugu hor euskararen erabilerak gora egitea ahalbidetzen duena. Euskaraz dakiten gurasoei esaten diet etxean transmititzeko, gutxi dakitenei dakiten hori erabiltzeko eta, telebistaren, irratiaren, musikaren, aldizkarien eta abarren bidez, euskarari etxean lekua egiteko. Umeek izan dezatela euskara inguruan.

Umeak euskaraz daki, baina gurasoek ez. Nola jokatu etxean?

Egun, euskaraz batere ez dakiten gurasoak ez dira hainbeste. Zerbait dakite gehienek. Ezer ez dakitenei gomendatzen diet esaldi batzuk ikasteko eta lasai erabiltzeko, umeak ikus dezan hizkuntza jakin gabe ere euskararekiko jarrera zein den. Euskararen presentzia zaindu eta mezu positiboak transmititu behar dituzte. Askok, ordea, badute euskaraz egiteko oinarrizko gaitasuna. Horiei eskatzen diegu dakitena erabiltzeko, oso jarrera positiboa transmititzen baitute.

Etxeko ama hizkuntza atzerrikoa denean, eta etxea hizkuntza horri eusteko esparru bakarra denean, nola uztar daitezke etxean ama hizkuntza eta euskara?

Lehenbizi, etxeko hizkuntza zaintzeko aholkatzen diegu gurasoei, izan errumaniera, gaztelera edo arabiera; mimatu, transmititu ama hizkuntza, eta saiatu afektiboki ere hizkuntza horrekiko harreman ona ematen. Gaztelerarekin ez dago arazorik, ziur ikasiko baitute umeek, baina mezu bera helarazten diegu gurasoei, etxeko hizkuntza edozein dela ere.

Ondorengo egoera jorratu duzu hitzaldietako batean. «Zer egin euskaraz ez egiteko eskatzen badit umeak?». Bada, zer egin?

Oso egoera ohikoa da hori, eta normala da. Egoerak eta pertsonak hizkuntzekin identifikatzen ditugu. Batzuk ez dira eroso sentitzen identifikatutako egoerak nahasten dituztenean. Transmititu behar duguna da ez dela ezer gertatzen, hizkuntza ikasi eta erabili nahi dugula, baina umearen jokabidea ulertu behar dugu.

Hizkuntzak ez nahasteko eta komunikazio gaitasunak hobetzeko ideiak emango dituzue.

Guraso euskaldunek bi kezka nagusi dituzte: hizkuntzaren erabilera eta aberastasuna —haurrek nahikoa baliabide izango ote duten—. Gizarte eleaniztun batean bizi garela gogorarazi nahi diegu gurasoei, eta umeak prestatu behar ditugula gizartean eroso bizitzeko; horretarako,bertakoa zaintzea izango da abiapuntua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.