Mezu eta jarrera misoginoen aurka «batasun sozial eta politikoa» eskatu du Jaurlaritzak

Azaroaren 25eko erakunde adierazpenean, indarkeria matxista ukatzen duten mezuak kolektiboki geldiarazi behar direla ohartarazi du, eta gazteengan jarri du arreta berezia.

'Indarkeria matxista ukatzea haren alde egitea' lelopeko kanpainaren aurkezpena, duela egun batzuk, Lehendakaritzan. RAUL BOGAJO / FOKU
'Indarkeria matxista ukatzea haren alde egitea' lelopeko kanpainaren aurkezpena, duela egun batzuk, Lehendakaritzan. RAUL BOGAJO / FOKU
2024ko azaroaren 19a
16:10
Entzun

Datorren astelehenean, azaroaren 25ean, izango da Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna. Horren harira, erakundeak adierazpenak eta kanpainak plazaratzen ari dira egunotan. Gaur, indarkeria matxistaren aurkako erakunde adierazpenak egin dituzte Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Arabako Foru Aldundiak.

Gaurko mezuak joan den astean Jaurlaritzak, aldundiek eta Eudelek iragarri zuten kanpaina bateratuaren ildo berekoak dira. Jaurlaritzak ohartarazi duenez, «feminismoaren eta berdintasunaren aurrerapenen aurrean erreakzio bat dago mundu osoan». Erresistentzia horrek «misoginia gero eta normalizatuagoa izatea dakar, batez ere esparru digitaletan». Ukapen kanpaina horien hartzaile nagusiak, gainera, gazteak direla ohartarazi du. Joera arriskutsu horri aurre egiteko modu bakarra, kanpainaren sustatzaileen arabera, «batasun soziala eta politikoa da».

Erakundeek zein beste eragileek Azaroaren 25erako antolatzen dituzten ekitaldietan parte hartzera deitu du Eusko Jaurlaritzak. «Herritarrak animatu nahi ditugu indarkeria matxistaren aurrean gaitzespena publikoki adieraz dezaten, emakumeen aurkako indarkeria gizarte osoaren arazoa dela erakusteko», dio adierazpenak.

Matxismo digitala

Gipuzkoako Foru Aldundiak ere gaur onartu du erakunde adierazpena. Horrek erresistentzia antifeministetan eta genero desberdintasunari buruzko diskurtso ezeztatzaileetan jartzen du arreta. Irune Berasaluze foru bozeramaileak azaldu duenez, «ideia eta jarrera matxistak ingurune digital berrietara nola egokitzen diren» bistaratu nahi dute, «genero desberdintasunak betikotzen dituzten diskurtso matxistak nola anplifikatzen eta eraldatzen diren kanal hauetan». Horri aurre egiteko, Berasaluzeren esanetan, «beharrezkoa da matxismo digitala deskodifikatzea eta jarrera eta eraso matxistak prebenitzeko lan egitea».

Arabako Foru Aldundia bat dator mezu horrekin. «Borroka eta aurrerapen feministei zilegitasuna kentzen dizkieten diskurtsoak kaltegarriak dira. Desberdintasunak, sufrimendua eta bidegabekeria betikotzen dituzte, eta gizarte bidezkoago eta berdinzaleago bateranzko aurrerapena geldiarazi», dio adierazpenak. Bizkaiko Foru Aldundiak, bestalde, kanpaina bat diseinatu du bereziki gizonezko gazteei begira; egindako ikerketen arabera, «gizon batzuek gero eta gaitzespen handiagoa erakusten dute feminismoarekiko eta berdintasunarekiko». 

Nafarroako Gobernuaren kanpainan ere, indarra jarri nahi izan dute indarkeria ukatzen duten mezuen aurkako borrokan. Ez diezazutela alderantziz esan, diskurtso ukatzaileak indarkeria matxista diraleloa du aurtengo kanpainak.

Gizonen konpromisoa

Euskal Herriko Mugimendu Feministak joan zen astean eman zuen antolatuak dituzten protesten berri. Ez bazara konponbidea, arazoa zara leloaren bueltan elkartuko dira bost hiriburutan eta zenbait herritan egingo dituzten manifestazioetan. Mezu hori gizonentzat da. Haien iritziz, «gizon gehienek oraindik ez dute konpromisorik hartu konplizitatea, justifikazioa eta indarkeria matxista desagerrarazteko eta salatzeko; zuentzako mezua zuzena da: ez bazarete konponbidea, arazoa zarete». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.