«Mezu arrazistengatik eta transfoboengatik» ikertutako EHUko irakasleak esan du sarean identitatea ordezkatu ziotela

Farmazia Fakultateko irakasleak errektoretzari jakinararazi dio Ertzaintzan salaketa jarri duela, sare sozialetako kontuak «lapurtu» dizkiotelako. Esan du ez dagoela ados bere izenean zabaldutako mezuekin.

EHUren Gasteizko campusa, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
EHUren Gasteizko campusa, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko otsailaren 10a
12:11
Entzun

EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasle Kontseiluak eta Ikamak joan den astean salatu zutenez, EHUko Farmazia Fakultateko irakasle batek «mezu arrazistak, transfoboak eta faxismoaren aldekoak» zabaldu ditu bere sare sozialetan; unibertsitate publikoak ikerketa zabaldua du, eta Joxerramon Bengoetxea errektoreak esana du irakaslea ez dela campusera itzuliko zer gertatu den argitu arte. Bada, gaur unibertsitateak ohar baten bidez iragarri du irakasleak «hasiera-hasieratik» esan duela berak ez dituela mezu horiek idatzi; hots, «identitatea ordezkatu» diotela eta sare sozialetako kontuak «lapurtu» egin dizkiotela. Alabaina, ziurtatu dute gertatutakoa argitu arte «neurri egokiak» hartzen jarraituko dutela.

Unibertsitateak prozesuaren nondik norakoen gaineko informazioa eman du. Azaldu dutenez, lehen urratsa zera izan zen: bitartekaritza lana abian jartzea eta kasua ikertzen hastea, «unibertsitateko komunitate osoaren interesak defendatzeko». EHUko errektoretza taldeak eta Farmazia Fakultateko dekano taldeak irakaslearen mezu bat jaso dute, eta bertan adierazi die ostiralean salaketa bat jarri zuela Ertzaintzan. «Gertatutakoa eraso zibernetikotzat jo du, eta bere profiletik zabaldutako mezuen aurka agertu da». Irakasleak nabarmendu du «erasoak» ez duela inolako loturarik EHUk sustatzen dituen balioekin, ezta egiten duten jarduera akademikoarekin ere. Hortaz, sentitzen duela esan du: «Erasoa nire kontrolpetik guztiz kanpo gertatu da, eta biziki sentitzen dut nire borondatearekin bat ez datozen gertaera horiek zuen artean eragozpenak eta nahasmena sortu izana».

Ikerketak zabalik jarraitzen du, eta EHUko errektoretza taldeak gaur goizean ohar bat helarazi dio unibertsitateko komunitate osoari, «egoera azaldu eta lasaitasuna eskatzeko». Halaber, ziurtatu dute «neurri egokiak» hartzen jarraituko dutela gertatutakoa argitu arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.