EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle batek «mezu arrazistak, transfoboak eta faxismoaren aldekoak» zabaldu ditu bere sare sozialetan, EHUko Ikasle Kontseiluak eta Ikamak atzo salatu zutenez. Are, atzo bertan Iñigo Ugedo Ikasle Kontseiluko lehendakariak kexa formal bat aurkeztu zion errektoreari. Horren harira, Joxerramon Bengoetxea errektoreak gaur adierazi du irakaslea ez dela campusera itzuliko zer gertatu den argitu arte. EITBn egin ditu adierazpenak, azpimarratuta «bitartekaritza» bat abiatu dutela zer gertatu den argitzeko eta «horren inguruan zer neurri har daitezkeen» ikusteko.
Ugedok aurkeztutako oharra X sare sozialaren bidez zabaldu zuen; erran zuen irakasleak zabaldutako mezuak «onartezinak» direla, eta, hortaz, hiru eskaera egin zizkion errektoreari. Lehenik, beharrezko neurriak hartzeko, hala nola «irakaslea irakaskuntzatik baztertzea». Bigarrenik, zer gertatu den argitzeko, «barne ikerketa sakon bat» eginez. Eta, hirugarrenik, hartzen diren neurriak edozein direla ere, «ikasleengan eraginik ez izatea irakaskuntzaren kalitateari dagokionez» . Salatutako irakasleak Arabako campuseko Farmazia fakultatean ematen ditu eskolak. Ikasleek zenbait batzar ireki antolatu dituzte: astelehenean, 13:00etan eta 18:00etan, eta mobilizazio bat ere eginen dute asteartean, 14:00etan.
Ikasle elkarteek salatu dutenez, zenbait mezu iraingarri idatzi ditu irakasle horrek; besteak beste, LGTBI kolektiboaren aurkakoak eta Franco diktadorearen aldekoak: «Ezkerrari botoa ematen dioten bollerek kandela batek baino argi gutxiago dute»; «Gizon batekin hobeto bizi ginen». Horrez gain, behin baino gehiagotan bere sostengua adierazi die Vox alderdiari eta alderdi horren buruzagi Santiago Abascali, eta baita Israelgo Estatuari ere.
Ohar batean, Ikama elkarteak atzo gogorarazi zuen hura ez dela iruzkin «faxistak, transfoboak, arrazistak eta frankistak» egiten dituen EHUko irakasle bakarra: «Ikasturte hasieran, Leioako EHUn irakasle faxista baten berri izan genuen. Bagenekien ez zela kasu bakana izango, eta horrelako beste egoera batzuei aurre egitea egokituko zitzaigula». Ikasle mugimenduaren irudiko, orain azaleratutakoa ere «gaur egungo olatu faxistaren eta balio erreakzionarioen gorakadaren ondorio zuzena» da. Halakoei aurre egiteko deia ere egin du Ikamak: «Mundu ikuskera aurrerakoi eta ezkertiar bat defendatzen dugunok erasotzat hartu behar ditugu; halakoen aurka irmo jokatu eta alternatibak mahaigaineratu behar ditugu». Erantzun «kolektibo» bat emateko beharra ere nabarmendu dute, eta iragarri datozen egunetan mobilizazioak eginen dituztela, «irakasle hau kanporatua izan arte».