Metsolak txosten bat eskatu du europarlamentuan euskara, katalana eta galegoa erabiltzeari buruz

Txosten horrek, bertzeak bertze, hau aztertuko luke: itzultzaileen kostua zein den, edo zein izanen liratekeen ondorio politikoak gutxiengo linguistikoak dituzten Europako bertze herri batzuek gauza bera egin nahiko balute.

Roberta Metsola, Europako Parlamentuko presidente izendatua izan ondoren, Estrasburgon. RONALD WITTEK / EFE
Roberta Metsola, Europako Parlamentuko presidente izendatua izan ondoren, Estrasburgon. RONALD WITTEK / EFE
Isabel Jaurena.
2024ko urriaren 7a
20:35
Entzun

Europako Parlamentuko presidente Roberta Metsolak txosten bat eskatu du ganberako osoko bilkuretan euskara, katalana eta galegoa erabiltzeari buruz. Txosten horrek, bertzeak bertze, hauek aztertuko lituzke: itzultzaileen kostua zein den; zein izanen liratekeen ondorio politikoak gutxiengo linguistikoak dituzten Europako bertze herri batzuek gauza bera egin nahiko balute; eta gaelikoaren kasu zehatza aztertzea, anitzetan zaila baita hizkuntza horretarako itzultzaileak aurkitzea.

Lana eskatu badute ere, ez dute zehaztu noizko eginen duten. Parlamentuko lehendakariordeek eginen dute txostena, administrazio lanetan aritzen diren bertze zenbait eurodiputaturekin batera. Berri agentziek azaldu dutenez, iaz Metsolak antzeko txosten bat eskatu zuen —ondorioen berri ez du eman—, baina dokumentu berriarekin bertze pauso bat emanen dute: eurodiputatuak berak izanen baitira txostena eginen dutenak.

Eskaera, baina, ez da bat-batean iritsi: Espainiako Gobernuko Atzerri ministro Jose Manuel Albaresek hirugarren gutuna igorri zion irailean Mersolari, aipatutako hiru hizkuntzak erabiltzeko modua eman zezala eskatuz. Erabakia, baina, ez dago Albaresen eskeen mende, bertzelakoa baita prozesua: Europako Batasuneko Kontseiluan aztertu behar dute eskaria. Hasieran, europarlamentua kontseiluaren erabakiaren zain zegoen, baina oraindik ez dira bozkatzen hasi.

Bertzeak bertze, herrialde batzuek kostua azpimarratzen dute, eta bertze herrialde batzuek aipatzen dute beste hizkuntza batzuk ofizial bihurtzeko eskariak bultzatuko ote diren horrela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.