Bi orduko geldialdiak egin zituzten atzo Bilboko metroko langileek, goizez zein arratsaldez, jendearen joan-etorri gehien den ordu tarteetan, hain zuzen. Enpresa batzordearen arabera, langileen %80k hartu zuten parte lanuzteetan.
Raul Mendez LABeko ordezkariak, Metro Bilbaoren jarrera salatu du, eta gutxieneko zerbitzuak ezartzeko orduan «iruzur» egin diela azaldu. Izan ere, %40ko zerbitzua hitzartuta eduki arren, konpainiako trenen %67k funtzionatu zutela dio. Mendezen hitzetan, lanuztea hasi baino lehen abiatutako ibilbidea amaitu behar izan zuten langileek.
Horrela, nahiz eta langile ia guztiek lanuzteekin bat egin, erabiltzaileek ez zuten oso itxaronaldi luzerik egin behar izan. Normalean, goizean goiz, hiru minututik behin igarotzen da metroa Bilboko geltokietatik; atzo, berriz, sei minutuz itxaron behar izan zen batez beste. Erabiltzaile gehienek ez zekiten langileak protestan zirenik, eta, Metro Bilbaoren datuen arabera, %82k normal-normal erabili zuten garraiobidea. Angel Prieto izan zen haietako bat. «Metroa ohi baino beteago heldu da, baina pare bat minutu besterik ez naiz egon zain». Duda barik, greba deialdiak baino buruhauste gehiago sortu dizkiete erabiltzaileei azkenaldiko matxurek.
Dena dela, geltokietako leihatiletan langilerik ez zegoen atzo. Izan ere, sindikatuen arabera leihatiletako beharginen %90ek egin zuten lanuztea. Mendezen esanetan, beste arloetako langileei dagokienez ere, geldialdiek jarraipen handia izan zuten gutxieneko zerbitzuak bete behar izan ez zituztenen artean. Tren gidarien %93k egin zuten protesta, adibidez.
Trenak mantentzeko Sopelako tailerra ere ia guztiz geldirik egon zen, eta 30 bat beharginek elkarretaratzea egin zuten atarian. Egoitza nagusian jarraipena %50ekoa izan zen. Bertan daude enpresako arduradunen bulegoak.
Lan baldintzak, txarrera
Metroko enpresa batzordearen arabera, azken bi urteetan langileen lan baldintzak gero eta eskasagoak dira. Hori dela eta, ekainaren 1ean eta 8an berriz lanuzteak egitekoak dira. Izan ere, batzordearen arabera, lan txanden arteko atseden tarteak laburtu egin ditu metroko zuzendaritzak. Gainera, Basauriko geltokia zabaldu zenetik langileei txanda berriak «inposatu» dizkietela diote, eta mantentze eta geltokien gainbegiratze guneetan hutsik gelditu diren egiturako bederatzi lanpostu bete barik utzi dituztela.
Metroan, ohi baino astiroago
Metro Bilbaon %80ko oihartzuna izan dute lanuzteek; LABentzat, gutxienezko zerbitzuak gehiegizkoak izan dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu