Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak otsailaren 28an gauzatuko dute atzerritarren lan baimenei eta meteorologiari buruzko eskumenen transferentzia. Gobernu biek adosturik zeukaten aurki egingo zutela Gernikako Estatutuak jasotzen dituen eskuduntza horien eskualdaketa, eta eguna jarri diote jadanik. Tranferentzien Aldebiko Batzordean gauzatuko dute, eta, hala, beste urrats bat egingo dute Gernikako Estatutua osorik betetzeko bidean.
Jaurlaritzako bozeramaile eta Autogobernu sailburu Maria Ubarretxenak iragarri du Aldebiko Batzordea noiz bilduko den hurrena, otsailak 28 dituela alegia, eta egun horretan jakinaraziko dituztela eskuduntza horien inguruko xehetasunak. Aurreko asteazkenean, Madrilen bilera egin zuten administrazio bietako ordezkariek, eta batzar horretan itxi zuten hurrengo bi transferentziak egiteko azken akordioa. «Urrats berriak egiten jarraitzen dugu, eta Euskadik beste bi eskuduntza izango ditu aurki», esan du Ubarretxenak.
Espainiako Gorteetarako azken hauteskundeen ondoren Pedro Sanchez Moncloara eraman zuen itunarekin loturik dago Gernikako Estatutua osorik betetzeko Espainiako Gobernua egiten ari den ahalegina: EAJk estatutua osorik betetzeko konpromisoa eskatu zion PSOEri, haren babes parlamentarioaren truke. Aurreko legealdian ere, Sanchezek bazuen hartua konpromiso hori jeltzaleekin, baina ez zuen bete transferentzien kronograma; pandemiaren legealdia izan zen hura. Iaztik, ordea, transferentziek abiadura esanguratsua hartu dute, EAJ-PSOE itunak jasotzen baitu estatutua erabat bete behar dela 2025a amaitzerako. 45 urte bete dira estatutua onartu zenetik.
«Jaurlaritzak atzerritarren aldeko inbertsioa egiten du, Lanbideko ikastaroen bidez. Gai izango gara azken urratsa egin eta haien lan baimenak kudeatzeko»
MARIA UBARRETXENA Eusko Jaurlaritzako bozeramailea
Atzerritarren lan baimenak kudeatzeko eskumenaren harira, Ubarretxenak nabarmendu du «gero eta atzerritar gehiago» daudela «Euskadin bizitzen». Azaldu du Jaurlaritzak «haien aldeko inbertsioa» egiten duela, «trebakuntzan, Lanbideko ikastaroen bidez, adibidez». Hala, eskuduntza hori jaso ondoren, gobernua gai izango da «azken urratsa» egiteko, Ubarretxenak erantsi duenez, eta trebakuntzaren ondotik «atzerritar horien lan baimenak kudeatu» ahal izango du.
Sanchez-Pradales bilera
Iazko azaroaren hondarrean, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek bilera egin zuen Pedro Sanchez Espainiako presidentearekin, Madrilen. Transferentziak izan ziren batzar horren hizpide nagusietako bat, eta atzerritarren lan baimenak kudeatzeko eskumenari erreparatu zion, ziurtatu baitzuen 5.000 direla Lanbideko ikastaroak jasotzen dituzten atzerritarrak.
«Exijenteak izango gara, baita geure buruarekin ere», esan zuen orduan Pradalesek. Autogobernuan sakontzeko garaia iritsi dela azpimarratu zuen. Han bertan hitzartu zuten kostaldea kudeatzeko eta zinema babesteko funtsa eskualdatzea. Abenduaren 16an gauzatu ziren eskunduntza horiek, Transferentzien Batzorde Mistoaren bileran.
Baliteke Gizarte Segurantzaren eskumena izatea Jaurlaritzak eskuratuko duen azken eskuduntza, kezka handiak pizten baititu Espainiako alderdien eta sindikatuen artean
Urtearekin batera, berriz, Mugikortasun Jasangarriaren Saila aldiriko trenak kudeatzen hasi zen, hain zuzen Bilbo inguruko lau linea: Bilbo Abando-Barakaldo-Santurtzikoa (C1), Bilbo Abando-Barakaldo-Muskizkoa (C2), Bilbo Abando-Urduñakoa (C3) eta Bilbo Abando-Balmasedakoa (C4f). Eta Donostiari dagokion beste ibilbide bat: Irun-Donostia-Tolosa-Brinkolakoa.
Horiek horrela, Pradalesek ez du askorik luzatu nahi «Gernikako Estatutuaren karpeta ixteko» negoziazioa. Oraindik 25 transferentzia daude egiteko, eta, urte bukaera arte, administrazio biek azeleragailua sakatu beharko dute martxan dituzten bilera teknikoek emaitzak izan ditzaten. Aurreikus daiteke Gizarte Segurantzaren eskumena izan daitekeela Jaurlaritzak eskuratuko duen azkena, pentsioekin lotutako eskumen horrek kezka handiak pizten baititu Espainiako alderdien eta sindikatuen artean. Edonola ere, Gasteizko eta Madrilgo teknikariak ari dira lehen proposamenak lantzen, eta EAJk garbi esan du Gizarte Segurantzaren eskuduntza ere Gernikako Estatutuak jasoa dagoela.
Mariano Rajoyren aurkako mozioaren ondotik, Sanchez Espainiako presidente izendatu zuten, 2018an, eta ordutik hamasei transferentzia eskualdatu dizkio Madrilek Gasteizi. Tarte horretan, Kataluniak lau baizik ez ditu jaso. 2024. urtean, bost izan dira Gernikako Estatutua betetze aldera Jaurlaritzak jaso dituen eskumen berriak. Hauek dira Sanchezen agintaldietan Gasteizko exekutiboak jaso dituen eskumen batzuk: itsasertzen kudeaketa, zinemagintzaren alorrekoa, aldiriko trenen kudeaketa, bizitzeko gutxieneko errentarena eta errepideko garraioarena. Horiei batuko zaizkie, hil honetan bertan, meteorologiarena eta atzerritarren lan baimenen transferentzia.