Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Donostiako Udalak Erraza Daaplikazioa jarri dute martxan, merkatariek eta ostalariek aukera izan dezaten euskarazko oinarrizko hiztegia ikasteko. Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak aurkeztu du proiektua gaur, eta esan du aplikazioaren helburua dela «lehen urratsak erraz egiteko beste aukera bat eskura jartzea». Era berean, «lurralde honetara lanera eta bizitzera datozen herritarrei» euskara hurbiltzen laguntzea ere badu xede.
Donostiako Udalak 2019an sortu zuen egitasmoa; euskarri fisikoekin hasi ziren. «Hiztegi txiki batetik abiatu ginen, eta, ondoren, webgunea sortu genuen, jende gehiagorengana iristeko», zehaztu du Jon Insausti Donostiako Udaleko euskara zinegotziak. Orain, Eusko Jaurlaritzak bat egin du proiektuarekin, eta aplikazioa sortu dute, egitasmoa Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara zabaltzeko.
Bi hiztegi jasotzen ditu Erraza Da aplikazioak: bata «orokorra» eta bestea «ostalaritzakoa». Eduki guztiak HABEk gainbegiratu ditu. Dobaranek adierazi duenez, aurrerantzean, ostalaritzako langileei ez ezik, beste sektore batzuetako langileei ere zabaldu nahi diete aplikazioa.