Brebetako zientzietako azterketa berarentzat bi nota izanen dituzte Seaskako kolegioetako ikasleek aurten. Lehena, ofiziala, Frantziako Hezkuntza Ministerioko zuzentzaile erdaldunek emandakoa: batez bestean 5/50eko nota baino gutiago atera dute ikasleek. Bigarrena, sinbolikoa, Euskal Hirigune Elkargoaren babespean zuzentzaile euskaldunek emandakoa, askoz ere altuagoa. «Gure zuzenketen arabera, hogei bat puntu gehiago lortu dituzte, eta batez bestekoa gainditu dute; ez ikasle guziek, baina bai kolegio guzietan. Badute maila gure ikasleek. Badakite azterketa bat egiten euskaraz, badakite zientziak tratatzen, baina nota ofiziala biziki txarra da», esplikatu du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak.
Joan den asteartean antolatu zuen Seaskak euskaraz erantzundako brebetako zientzietako azterketan zuzenketa Baionan, Euskal Elkargoaren babesarekin. Gaur, ekitaldi ofiziala egin dute, elkargoaren egoitzan, ikasleei dagokien nota emateko. Ekitaldi sinbolikoa, baina zentzuz betea, egindako lanagatik dagokion nota eskuratu baitu ikasle bakoitzak. Amane Iriarte eta Liloia Behotegi mintzatu dira ikasleen izenean. «Ez dugu onartzen, ez dugu ulertzen nola posible den hizkuntza batean ikastea eta azterketak beste hizkuntza batean egin behar izatea. Ez dugu ulertzen zergatik zigortuak garen. Zeren bai, zigor bat da: guretzat, gure hizkuntzarentzat eta gizarte osoarentzat». Esplikatu dute euskaraz ikasteko hautua haien familien izan zela, baina azterketak euskaraz erantzutea beraiek erabaki dutela. «Gure hizkuntza idaztea gure eskubidea delako. Eskubideak defendatzen dira edo galtzen dira; guk defendatzea erabaki dugu».
Mobilizazioen bidez lortutako sostengua eskertu dute ikasleek, eta deitoratu dute Frantziako Gobernuak «entzungor» egiten duela oraindik ere. «Dei zabala egiten dugu, Euskal Hirigune Elkargotik Parisera: azterketa guziak euskaraz egiteko eskubidea onar dezatela behingoz!».
Parisera begira
Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoak zeremonian parte hartu du, eta babesa helarazi dio Seaskari. «Euskal Hirigune Elkargoaren egoitzan gaude, eta honek hizkuntza politikaren konpetentzia hartu zuen, euskara eta okzitaniera babesteko. Eskualdeko bi hizkuntzak babestuak dira gune honetan», adierazi du. «Ez ditugu [Frantziako] Hezkuntza ministroaren eta Bordeleko errektoretzaren jarrera ulertzen. Ez da normala zientzietako azterketa euskaraz egin ahal ez izatea. Hori da Seaskak eskatzen duena, eta Euskal Hirigune Elkargoan ere ere babesten dugu».
Gaurko ekitaldiari garrantziari kendu gabe, urrunago joateko beharra azpimarratu du Jorajuriak. «Ez dugu lortu gure zuzenketak ofizialki onartuak izan daitezen, eta brebetarako kontuan hartuak izan daitezen. Hala ere, ikasle guziek lortu dute brebeta», azpimarratu du. «Denak prest gara urrunago joateko. Baina diplomak, euskararen ezagupena, Paristik etorri behar dira. Neurriak hartu behar dituzte euskararen alde. Azken urteetan gibelka ari gara. Erakutsi behar dute haizea zentzuz aldatu dela, eta orain dela garaia euskara garatzeko. Paristik aginduak eman behar dituzte».