Argia sariak

Merezimenduko Argia saria eman diete Gure Irratia, Irulegiko Irratia eta Xiberoko Botzari

«Herrigintzaren ekarpen balios eta behar-beharrezkoak» dira Ipar Euskal Herriko hiru irratiak, Argia-ren arabera. Artxipelagoa podcastak eta Pantailak Euskaraz egitasmoak jaso dituzte irratiko eta kanpaina onenaren Argia sariak.

Hiru irratietako ordezkariak, sariak eskuetan. DANI BLANCO / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko otsailaren 5a
17:00
Entzun

Emititzen hasi zirenetik lau hamarkada igaro direnean, Argia-k aitortza egin die Gure Irratiari, Irulegiko Irratiari eta Xiberoko Botzari, Merezimenduko Argia saria emanda. Jojo Bidart (Irulegi Irratia), Julen Guiresse (Xiberoko Botza) eta Arantxa Idiederrek (Gure Irratia) jaso dute saria, hiru irratien izenean.

«Duela 40 urte ukandako ausardia eta orduz geroztik Euskal Herriari, euskarari eta euskaraz bizi nahi dugun herritarroi egindako ekarpena saritu nahi dugu merezimenduzko sari honen bidez», adierazi du hedabideak, saria ematearekin batera. Izan ere, «1980ko hamarkadan bezala gaur egun ere», hiru irratiak «herrigintzaren ekarpen balios eta behar-beharrezkoak» direla nabarmendu du.

«Antena bat tontor baten gainean kokatu, FM irrati-igorle bat eskuratu, bolondres baten etxean mikrofono pare bat entxufatu eta abiatu ziren, ahal bezala», gogora ekarri du Argia-k. Zenbaitek orduan «ameslaritzat» hartuko zituzten arren, eskertu egin die «ametsari lotua eta honen gauzatzeko ausardia ukan» izana.

Ordutik, baina, «handitu eta profesionalizatu» egin direla azaldu du, «betiere, entzuleekiko hurbiltasuna bermatuz». Hiru irratiak elkartu egin ziren 1997an eta Euskal Irratiak federazioa sortu zuten. Gerora, Antxeta Irratiak ere egin zuen bat harekin.

Irratikoa, distopia bati

Irratiko Argia Saria eta kanpaina onenarena ere banatu dituzte egunotan. Artxipelagoa fikziozko podcastari eman zioten lehenengoa. Irrati-nobelak edo antzerki-nobelak tradizio izan direla gogoratu zuen Argia-k, eta halakoak egungo podcastekin alderatu. «Saritzen dugun fikziozko podcast honek osagai klasiko guztiak ditu: akzioa, onak, gaiztoak, borrokak, heroiak... Dena, 2103. urteko giro apokaliptikoan ondo blaitua».

Hiru olatuk Europa ia osorik urpean utzi osteko garai distopikoa irudikatzen du Artxipelagoa-k, itsasoaren maila 500 metro igo, eta salbu geratu diren lur apurrak hiri-estatuetan antolatu direnekoa. Horietako bat da Euskal Artxipelagoa. «Distopia zaharra da sormenaren historian, baina sasoi batzuetan besteetan baino indartsuago ageri zaigu, eta COVID garaiak edo bizi dugun larrialdi klimatikoak indar berezia ematen diete gisa honetako lanei. Lan hau fikzioa da, ez da oraindik Euskal Artxipelagorik, baina begirada zabalduz, egia borobiletik ere badu, urak haien lurrak mendean hartuta, munduko milaka lagun ari baitira ihesi lur seguruagoen bila, tartean gurera hurbilduta», azaldu zuen Argia-k.

Kanpainarik onenaren saria, berriz, Pantailak Euskaraz egitasmoari eman zion. «XXI. mendean euskarak aurrera egingo badu –eta, beraz, euskaldunok komunitate gisa–, euskarazko ikus-entzunezkoak normaltasunez kontsumitu ahal izateko bideak behar ditugu. Pantaila guztietan. Ahalik eta plataforma gehienetan, etxetik hasita». Egitasmoaren sustatzaileek «milaka euskaltzaleren sentimenduei hitzak jarri» dizkietela azaldu zuen Argia-k, eta «egoera honetan ardura zuzena dutenak mugiarazteko olatua» sortzen ari dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.