Azken bost urteetan, eztabaida bizia eragin du Nafarroako Gobernuaren 97/2024 Foru Dekretuak, merezimenduen dekretu deritzonak, alegia. Administrazioko oposizio lehiaketetan, lekualdatzeetan eta mailaz igotzeko prozesuetan hautagaiek hizkuntzak jakiteagatik zenbateko puntuazioa jaso dezaketen zehazten du arau horrek. Euskalgintzak gogor kritikatu izan du, besteak beste traba handiak jartzen dituelako euskara baloratzeko tenorean. Dekretua onartuta eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, baina, ez dirudi eztabaida aurki bukatuko denik. AET Administrazioan Euskaraz taldeak beste kritika bat egin du, testua aztertu eta letra txikia irakurri ostean: Nafarroako Gobernuko lan deialdiei ez ezik, udalek eginikoei ere eraginen die, eta «zeharo» murriztuko du eremu mistoko toki entitateek euskara baloratzeko duten gaitasuna.
Ikusi gehiago
«Dekretu honek aldatu egiten du, besteak beste, 215/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako erregelamendua, eta horrek udalei ere eragiten die», azaldu du taldeak, ohar batean. Gai hau arautzen zuten aurreko dekretuek —Uxue Barkosen gobernuak 2017an onartutakoak, kasurako— ez zuten halako aldaketarik jasotzen. «Gauzak horrela, merezimenduen dekretu berriaren arabera, legez kanpokoak izanen lirateke 2015etik aurrera eremu mistoko udalek egin dituzten 147 lan deialdi, euskara gehiegi puntuatzeagatik», gehitu du elkarteak.
AETren ustez, «euskararen eta udalen autonomiaren aurkako araua» da Nafarroako Gobernuak berriki onartutakoa, eta udalei gogorarazi die aukera dutela dekretuaren aurka errekurtsoa aurkezteko: urtarrilaren 22an bukatuko da horretarako epea.
Ikusi gehiago
Dekretua indarrean denetik, oposizio lehiaketetako puntuazio osoaren %30 dagokio merezimenduen balorazioari; ehuneko horren barruan, euskararen gehienezko balorazioa %7 da eremu mistoan, eta %11 eremu euskaldunean. «Hortaz, gehienez ere, euskarak %2,1eko balorazioa izanen du eremu mistoan, eta %3,3koa eremu euskaldunean», azaldu du AETk. Euskararen Legeak eremu ez-euskaldun gisa definitzen duen horretan, hautagaiek ez dute puntu bakar bat ere jasoko euskara jakiteagatik. «Izugarrizko triskantza da».
Euskalgintzaren arbuioa
Aurretik ere, euskalgintzak ikuspegi ezinago ezkorra agertu du merezimenduen dekretuaren inguruan. Herritarren arteko kohesioa apurtzea egotzi dio Euskalgintzaren Kontseiluak, eta Euskararen Nafar Kontseiluak ere kontrako irizpena eman zuen 2022an eta aurtengo irailean. Salatzen dute, besteak beste, dekretuak euskara jartzen duela ingelesaren, frantsesaren eta alemanaren azpitik.
Adibide bat: Europako beste hizkuntza ofizialei dagokienez, dekretuak ez du mugarik ezartzen: Nafarroa osoko lan deialdietan izan daitezke merezimendu. Euskara, berriz, eremu euskalduneko lanpostuetan eta eremu mistoko bakan batzuetan soilik, «postuaren ezaugarrien arabera». Beste adibide bat: Nafarroako Auzitegi Nagusiak 2019an ebatzi zuenez, euskara meritu gisa baloratzeko tenorean aintzat hartu behar zirela lanpostu bakoitzaren ezaugarriak; hau da, langile horrek aurrez aurreko arreta eskainiko duen ala ez. Hala ere, dekretuan ez diete baldintza hori jarri gainerako hizkuntzei, soilik euskarari.