EH Bilduk Nafarroako Gobernuari eskatu dio merezimenduen dekretua gaitzesteko

Gobernua presatu du aintzat har dezan Euskararen Nafar Kontseiluak ostegunean adostutakoa, eta proposamen bat egin du administrazioan euskara era efektiboan erabiltzea bermatuko duen dekretu bat sortzeko.

(ID_13967590) NAV ELECCIONES EUROPEAS
Nafarroako EH Bilduko parlamentari Adolfo Araiz, Nafarroako Parlamentuaren Mahaiak eta Eledunen Batzarrak egindako bilera baten ostean. VILLAR LOPEZ / EFE
inaki rubio
2024ko irailaren 16a
17:00
Entzun

Bost urte joan dira epaileek Nafarroako Gobernuaren euskararen dekretua kamustu zutenetik. Uxue Barkosen gobernuak 2017an onartu zuen arau hori, eta, besteak beste, zehazten zuen euskarak zenbateko pisua izan behar zuen administrazioaren lan deialdi publikoetan. Dekretu hori partzialki baliogabetuta, arduradun politikoek nabarmendu zuten beste bat «lehenbailehen» onartzeko beharra zegoela. PSN agintera iritsita, baina, bere gain hartu zuen dekretu berria ontzeko prozesua, eta emaitzak inor gutxi asebete du: euskalgintzak behin baino gehiagotan salatu du «atzerapauso handia» izanen dela, eta arauaren zirriborroak protesta handiak eragin ditu kalean.

Nafarroako Gobernuaren barrenean ere tirabira asko eragin ditu merezimenduen dekretuak, PSNren eta Geroa Bairen artean, hain zuzen. Irailaren 12an iritsi zen dekretua Euskararen Nafar Kontseilura, eta hark ere ez zuen ontzat jo: arauak aldeko boto bakarra jaso zuen (PSNrena), sei abstentzio, eta kontrako hamabi boto. Orain, EH Bilduk Gobernuari eskatu dio  aintzat har dezala Euskararen Nafar Kontseiluaren gaitzespena.

Alderdi abertzaleak mozio bat aurkeztu du gaur Nafarroako Parlamentuan, eta, Nafarroako Parlamentuaren Mahaiaren eta Eledunen Batzarra amaitu ostean, Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentariak hartu du hitza. Araizen arabera, EH Bilduk bere egiten ditu Behatokiak eta Kontseiluak egindako aldarriak, balorazioak eta kritikak, baita dekretuak murrizketak dakartzala salatu duten eragileenak ere.

Mozioaren edukia

Talde parlamentario horrek aurkeztutako mozioak hiru puntu ditu. Lehenbizikoan, gobernuari eskatu dio aintzat hartzeko Euskararen Nafar Kontseiluak egindako txostena. Halaber, foru dekretuaren proposamena onartu ez, eta gobernua presatu du beste bat ondu dezan: «Gobernuari eskatzen diogu mahaigaineratu dezala Nafarroako administrazioan euskara era efektiboan erabiltzea bermatuko duen dekretu bat, euskararen normalizazioa eta eskubide linguistikoak era efektiboan planteatuko dituena». Azkenik, araudia aldatzeko eskatu du EH Bilduk, Euskararen Nafar Kontseiluan lortutako akordioak lotesleak izan daitezen.

UPNko bozeramaile Javier Esparzak, bestalde, «kezka» adierazi du EH Bilduk aurkezturiko mozioa dela eta: «EH Bildu PSN estutzen ari da, eta bide ematen ari zaio lehen eta bigarren mailako herritarrak bereizi nahi dituen hizkuntza politika bati; izan ere, euskaraz dakiten nafarrei lehentasuna emanen lieke funtzio publikora sartzeko, eta aukera berdintasuna apurtzen du horrek».

Halaber, adierazi du Euskararen Nafar Kontseiluaren erabakiak ez direla lotesleak, eta gobernuak erabaki dezakeela zer egin. Bestalde, euskara koofiziala dela azpimarratu du Esparzak, eta ezin dela inposatu: «Euskara ezin da izan funtzio publikora sartzeko pribilegio bat». Dekretuaren zirriborroaren inguruko ziurgabetasunaz ere mintzatu da Esparza: «Guk ikusia dugun zirriborroan ez da zehazten zer puntu izanen dituen, ezta euskara zer postutarako baloratuko den ere; sindikatuen negoziazio kolektiboaren esku uzten du dena, eta baliteke horrek ziurgabetasun juridikoa eragitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.