Mbolo Moye Doole elkarteko kidea

Boubacar Diouf: «Merezi dugu bertze gizakiak bezala tratatuak izatea: ez gara animaliak»

Senegaldarrak eta kaleko saltzaileak babesten ditu Mbolo Moye Doole elkarteak. Kexu da Diouf, gero eta baldintza zailagoetan lan egiten dutelako.

Boubacar Diouf, Mbolo Moye Doole elkarteko kidea. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Boubacar Diouf, Mbolo Moye Doole elkarteko kidea. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Xalbat Alzugaray
Bilbo
2024ko apirilaren 30a
05:00
Entzun

2015ean iritsi zen Boubacar Diouf (Dakar, 1971) Euskal Herrira. Mbolo Moye Doole elkartearen sortzaileetako bat da. Senegalgo migratzaileei laguntzeko elkartea da. Inor Ez Da Ilegala proiektuan ere parte hartzeaz gain, gaur egun Senegalgo kaleko saltzaileen eskubideen alde borrokan ari da. Kontzentrazioa egin zuten apirilaren 18an, Bilbon, kaleko saltzaileen kontrako jazarpen poliziala salatzeko.

Zer da Mbolo Moye Doole elkartea?

Senegalgo migratzaileen plataforma da Mbolo. Kaleko saltzaileen elkartea gara. Elkarte hau sortu zen gure eskubideen alde borrokatzeko. Izan ere, Euskal Herrira etorri, eta legez kanpokoak gara; ez dugu paperik, ezta eskubiderik ere. Elkartean anitz gara, eta, hilabetero biltzen garelarik, jende andana juntatzen da. Sare bat osatzen dugu, Senegalgo migratzaileei etxebizitza lortzen laguntzen diegu eta administrazioko izapideak egiten.

Zer egoera dago Senegalen? Europaren presentzia handia da?

Bai, biziki handia. Kolonialismo berri baten menpe bizi da Afrika. Multinazional anitz han daude, dena ebasten. Europarrak ebasle anitzez handiagoak dira, hona kalean saltzera etortzen direnak baino. Itsasoa, baliabide mineralak eta, oro har, baliabide guziak suntsitzen ari dira. Duela hogei egun, boterera heldu zen Senegalgo lehendakari berria. Emmanuel Macron Frantziako lehendakariak X sarearen bidez goresmenak eman zizkion, eta Frantziaren eta Senegalen arteko lankidetza berritzeko prest agertu zen. 2021etik gaur arte, Senegalgo biztanleria oldartu da, eta biztanle anitz desagertu dira, hildako anitz izan dira, baita preso franko ere. 1960tik plantan zegoen erregimen politikoa uzkaltzeko. Frantziak eragin biziki handia izan du Senegalen gaur arte. Orain, aldiz, nola aurreko sistema politikoa deuseztatu den, ikusiko da. Baina Frantziako 250 enpresa daude Senegalen, eta ohartu gara horiek ez dituztela zergak pagatu ere egiten: Frantzian ordaintzen dituzte. Nik itsasoan lan egiten nuen, eta jende anitz herrialdetik joan da Europako itsasontziengatik: ez zituzten arrantza eremuak errespetatzen, ezta arrantza kuotak ere. Ingurumena suntsitzen dute, eta bertako jendea kanporatzen: hau da kolonizazio berria.

«Kolonialismo berri baten menpe bizi da Afrika. Nik itsasoan lan egiten nuen, Senegalen, eta jende anitz herrialdetik joan da Europako itsasontziengatik: ez zituzten arrantza eremuak errespetatzen, ezta arrantza kuotak ere»

Senegalgo migratzaileentzat Euskal Herria helmuga edo iraganbidea da? 

Denetarik dago. Batzuk pasatzen dira, eta Frantziako, Alemaniako edo Italiako bidea hartzen dute. Europako bertze herrietara joaten dira anitz, lagun edo haurride batengana. Ene kasuan, 2015ean etorri nintzen, eta hemen gelditu naiz, lagun bat neukalako Euskal Herrian. Zortea ukan nuen, bisa batekin etorri nintzelako. Erran badaiteke, nik ohiko bidaia egin nuen. Bertze kide batzuek, aldiz, bidaia biziki luzeak egiten dituzte: basamortuak, mendiak eta muga anitz zeharkatu behar izaten dituzte. Irun [Gipuzkoa] eta Hendaia [Lapurdi] artekoa biziki latza da, adibidez, Poliziaren kontrol anitz daudelako.

Eta zergatik Euskal Herria?

Bueno, bizitza duin baten lortzeko etortzen gara hona. Kaleko salmentari esker lorturiko dirua familiari igortzen diogu anitzetan. Geroz eta zailagoa da egoera, jendeak gutiago erosten baitu, eta zaila zaigu bizirik irautea.

Paperak lortzeko, erakundeen arrazakeria handia da?

Erakundeen aldetik arrazakeria betidanik egon da. Begira, hiru urte behar dituzu etxebizitza bat lortzeko tramitazioa hasteko. Lan egiteko eskubidea lortzeko ere frogatu behar duzu etxebizitza batean egon zarela hiru urtez. Eta hori biziki zaila da. Etxebizitza lortzeko zailtasun handiak ditugu, eta denbora anitz galtzen da, hilabeteak, edo batzuetan urtea ere bai, helbide bat lortu arte.

Eta gizartean, oro har, arrazakeria anitz sumatzen duzue?

Arrazakeria beti sufritu izan dugu. Hala ere, erranen nuke arrazakeria geroz eta gehiago nabaritzen dugula, dudarik gabe. Bezeroak, oro har, jatorrak dira, ez dago arazorik. Baina geroz eta maizago ikusten dugu jendeak deitzen duela salatzeko kalean zehar saltzen ari garela. Udaltzaingoa datorrelarik, seguru gaude pertsona batek deitu diola aitzinetik. Kasu horietan, anitzetan gure salgaiak kentzen dizkigute. Haien argudio nagusia da ezin dela kalean saltzen aritu, ondoko saltokien salmentei kalte egiten omen diegulako. Badakigu kalean saltzea legez kanpokoa dela, baina, gu hona etortzean, kaleko salmenta dugu baliabide bakarra bizirik irauteko dirua lortzeko.

«Ohiko kasuetan, Ertzaintzak ez digu deus erraten. Baina, udaltzainei doakienez, haien lana da gu kanporatzea edota gure salgaiak debekatzea. Erranen nuke pandemiaz geroztik errepresioa emendatu dela. Orain, zafratuak gara»

Geroz eta bortizkeria handiagoa nabaritzen duzu kale saltzaileen kontra?

Ohiko kasuetan, Ertzaintzak ez digu deus erraten. Pasatzen dira gure aitzinetik, eta kito. Baina udaltzainei doakienez, haien lana da gu kanporatzea edota gure salgaiak debekatzea. Gure aurkako bortizkeria ez da berria, baina erranen nuke pandemiaz geroztik errepresioa emendatu dela. Iazko uztailean eta agorrilean, Poliziak kaleko saltzaileen biltegi batera joan ziren, eta hango salgai guziak bahitu zituzten. Aurtengo apirilaren 4an, aldiz, hemen, Abandon, kaleko saltzaileak bortizki jazarriak izan ziren. Bat-batean, ertzainen eta udaltzainen auto pila bat etorri zen, karrika hetsi zuten eta salgaiak bortizki bahitu zituzten. Iragan asteko larunbatean berriz gauza bera gertatu zen, baina saltzaile bat atxilotu zuten. Orain, zafratuak gara, bat belaunean zauritu zuten, bertzeari sakelako telefonoa hautsi zioten. Zakur anitzekin etorri ziren azken bi polizia operazioetan.

Aberetuak sentitzen zarete?

Bai. Ez dugu ulertzen zergatik zakurrekin heldu diren orain; bortizkeria handia da. Gu gizakiak gara; merezi dugu bertze gizakiak bezala tratatuak izatea: ez gara animaliak. Bederatzi urte daramatzat hemen, eta ez ditut nehoiz ikusi zakurrekin etortzen, baina orain bai. Saldu egiten dugu, besterik ez; ez dugu mandilkeriarik egiten, nehondik ere. Biziraun nahi dugu, bertzerik ez.

Kaleko saltzaileak atxilotzen dituztenean, zer gertatzen da?

Anitzetan galdeketa egin digute, eta askatzen gaituzte. Hala ere, batzuetan gertatu izan da kanporatze agindua ematea. Nik ezagutu nituen bi pertsona, besta batean ohiko salmenta egitera joan zirenak; haiek, adibidez, atxilotu zituzten, eta segidan kanporatze agindua eman zieten.

Mbolo Moye Dooletik zer aldarrikatzen duzue?

Guk sostengua ematen diegu kaleko saltzaileei, zer gerta ere. Bertzalde, Poliziaren errepresioa salatzen dugu, eta elkarretaratzeak egiten ditugu. Bakean utz gaitzatela eskatzen dugu; bizitza duin bat nahi dugu, eta oinarrizko errespetua bakarrik. Salmenta egiten dugu ahal duguna lortzeko, ez baitugu paperik, ezta, ondorioz, lanposturik lortzen ahal ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.