Mendozak indarra hartu du EAJn Gipuzkoako ahaldungai izateko

EH Bilduren oinarriek Maddalen Iriarte eta Juan Karlos Izagirre berretsi dituzte. Araban, EAJk zerrendaburuak aukeratzeko prozesua bukatzen ari da, inkesta bat eskatu ondoren

Eider Mendoza Gipuzkoako foru bozeramailea eta Markel Olano ahaldun nagusia, Batzar Nagusietako bilkura batean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
xabier martin
2022ko urriaren 19a
00:00
Entzun
EAJk oraindik ez ditu argitu 2023ko udal eta foru hauteskundeetan aurkeztuko dituen zenbait hautagairen izenak, baina luze gabe jakinaraziko ditu. Gipuzkoako ahaldungai nagusi izateko nor lehiatuko den, galdera horrek piztu du arreta, lurralde horretan espero baita lehiarik estuena. EH Bilduk Maddalen Iriarte aurkeztu du, Eusko Jaurlaritzako lehendakarigai izandako parlamentaria, eta ez dira gutxi uste dutenak koalizio abertzalearen erabaki horrek, batera edo bestera, izan duela eraginik EAJren hautagaitzaren prozesuan.

Hain zuzen, EH Bilduren oinarriek botoen %97 inguruko babesarekin berretsi dituzte Juan Karlos Izagirre Donostiako alkategai gisa eta Iriarte bera Gipuzkoako ahaldungai nagusi gisa. Markel Olano egungo ahaldun nagusiak 2021eko irailean iragarri zuen ez zuela jarraituko, eta, horren ondotik, Gipuzko Buru Batzarrak Iriarterekin lehiatu beharko den hautagaia aukeratzeko prozesua ireki zuen, baina oraindik ez du jakinarazi nor izango den. Izen dantza ez da txikia hedabideetan. Jaurlaritzako Ekonomia Garapeneko sailburuaren izena kaleratu dute zenbait hedabidek, Arantxa Tapiarena, baina aukera hori ia baztertuta dago, BERRIAren iturrien arabera. Agertoki ekonomikoa gero eta zailagoa da, eta inflazio handiaren aroan ez du logikoa ematen Jaurlaritzak Tapiaren garrantziko sailburu bat galtzeak. Segurtasun eta gertutasun handia ematen die enpresei, eta ez da garairik onena haren ordezko bat jartzeko.

Baina Tapiaren izena agertu izana ez da kasualitatea. Ia segurutzat jo daiteke EAJren Gipuzkoako ahaldungai nagusia emakumea izango dela. Ekonomia sailburuaren izenarekin batera Eider Mendoza Gipuzkoako Aldundiko bozeramailea agertu da indarrez azken asteetan, eta, gaur-gaurkoz, hura litzateke aukera gehien lituzkeena. Olanoren errelebo naturaltzat ere jo daiteke, urte askoan harekin eskuz esku aritu ondoren. Beste gauza bat da egungo foru bozeramaileak Iriarterekin lehiatzeko nahiko sendotasun politikorik ote duen.

Izan ere, Jaurlaritzaren Soziometroaren arabera, lehia estua egongo da EAJren eta EH Bilduren artean Gipuzkoan. Botoen %36,4 eman dizkio EAJri inkesta horrek eta %33,5 EH Bilduri. Gipuzkoako nagusitasun politikoa jokoan da berriro, emaitzen ondoren EAJren eta PSEren arteko akordioek erabaki dezaketen arren gobernua nork osatuko duen. EAJk ere, Mendozaren sendotasunaren inguruko galderari erantzun behar izan dio, eta Gipuzko Buru Batzarrak badu erantzuna: hautagaia erabakita legoke jada, eta tarterik egokienaren zain leudeke hura aurkezteko.

Noiz izan daiteke une egokia? Egun gutxi barru, urrian edo azaroko lehen egunetan, beranduenez. Ezin da ahaztu Araban ere ezagutarazteko dituela EAJk haren zerrendaburuak, bai Arabako Aldundirako, bai Gasteizko Udalerako, eta litekeena da alderdiak Gipuzkoako eta Arabako hautagaiak batera aurkeztea, edo bata bestearen jarraian behintzat.

Araba Buru Batzarrak bukatzear dauka hautagai nagusien prozesua, izen jakinen inguruko galdeketa bat egin ondoren, eta laster jakinaraziko du Gorka Urtaran egungo Gasteizko alkatea alkategaia izango den ala ez. Ramiro Gonzalez egungo ahaldun nagusiak segitzea ere ez du baztertu alderdiak, ezta beste politikariren batek hartzea hautagaitza bietako baten ardura.

Urtaran, Gonzalez eta...

Esaterako, Jaurlaritzako Justizia sailburu Beatriz Artolazabali buruz ere galdetu dute alderdiak eskatutako inkestan. Arabako EAJk oso kontuan hartu beharko du lehia estua aurreikusten dela Gasteizko Udalerako. EAJren eta EH Bilduren artean berdinketa teknikoa egongo dela dio Soziometroak, zazpina zinegotzirekin, eta hirugarren indarra PSE izango dela, sei zinegotzirekin.

Bizkaian, argi daude gauzak. Unai Rementeria egungo ahaldun nagusiak ez du jarraituko, eta Elixabete Etxanobek hartuko du haren lekukoa, egungo Administrazio Publikorako foru diputatuak, betiere Soziometroak Bizkaian aurreikusi duena bete eta EAJ aise nagusitzen bada (botoen %44,6). Bilboko alkategaia Juan Mari Aburto izango da, egungo alkatea. Soziometroak ia gehiengo absolutua eman dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.