PSNko eledun Ramon Alzorrizek euskal Y-a eta Nafarroa lotzeko Gasteizen alde egin izanak erantzutera behartu du Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia. Baita gogor erantzutera ere: «Zundaketak hasi ez, txosten teknikorik egon ez, eta arduradun politiko batzuek horrelako adierazpenak egiteak —batzuk fribolitate handiz— asko kezkatzen gaitu». Horregatik, adierazi du bilera bat eskatu diola Oscar Puente Espainiako Garraio ministroari. Eusko Jaurlaritzak, berriz, ez du eztabaidan sartu nahi izan, eta Maria Ubarretxena eledunak esan du txostena eskuan izan arte ez dutela erabakirik hartuko.
Alzorriz argia izan zen: «Gasteiztik pasatu ezean, ez da egingo». Baina ez da gisa horretako adierazpenak egin dituen sozialista bakarra. Javier Hurtado Turismo sailburu eta Arabako PSE-EEko idazkari nagusiak asteburuan gauza bera esan zuen, eta aurrez ere PSE-EEko beste zenbait kargu politiko eta instituzionalek ere babestu izan dute aukera hura. Besteak beste, Eneko Andueza idazkari nagusiak adierazi zuen «jasangarriagoa» dela ingurumenari, ekonomiari eta zailtasun teknikoei dagokienez.
Adierazpen horiek guztiak ez dira kasualitatea, Mendozaren ustez, eta «gardentasuna eta seriotasuna» eskatu du auziari heltzeko: «Kezka dugu ea honen guztiaren atzean ez ote dagoen estrategia bat aurrez hartuta dagoen erabaki bat prestatzeko». Izan ere, Nafarroako sozialistei dagokienez, bilakaera kezkagarri bat atzeman du. Diputatu nagusiaren hitzetan, Gipuzkoako lotunea defendatzen zuten lehen, eta Gasteizkoa aukera bakarra dela adierazi dute orain.
Hala, erantzunak nahi ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta horiek Madrilek ematea nahi du. Izan ere, Mendozak gogoratu du Garraio Ministerioak ez duela txosten teknikorik aurkeztu oraindik. Are gehiago, Eusko Jaurlaritzaren arabera, Madrildik adierazi dute zailtasunak izan dituztela zundaketak egiteko. Gipuzkoak Aldundiaren esanetan, berriz, lanak hasi ere ez dituzte egin Gipuzkoan. Beraz, itxaroteko eskatu du Mendozak, ea noiz prestatuko iazko prest behar zuen txostena.
«Ezinbestekoa»
Euskal erakunde nagusiak bat datoz azpiegitura «ezinbestekoa» dela, baina eztabaida mahai gainean da. Eta Gipuzkoako Foru Aldundiak luzera begiratzeko eskatu du horri heltzeko: «150 urteko ibilbidea izango duen azpiegitura batez ari gara». Eta horrekin batera, gehitu du Ezkio-Itsasoko lotura dela onena lehiakortasunaren eta ingurumenaren ikuspegitik. Mendozak zehaztu duenez, hala uste dute EAJko eta PSE-EEko ordezkariek: «Diputatu guztien izenean ari naiz». Halere, horiek ez dute adierazpenik egin egunotan.
Eusko Jaurlaritzaren jarrera beste bat da, Ubarretxenak azaldu duenez: «Txosten eta xehetasun guztiak mahai gainean izan arte, Eusko Jaurlaritzak ez du baloraziorik egingo». Argudiatu du «milaka milioi euroko azpiegitura bat» dela, eta asmatu beharra dagoela erabakiarekin.
Ubarretxenaren esanetan, hala adierazi izan du Susana Garcia Chueca Mugikortasun Jasangarriko sailburuak ere. Halere, azken egunetan, haren alderdikideek egin bezala, Garcia Chuecak azaldu du lotura Gipuzkoatik egiten ez bada ez dela «mundua eroriko», eta Ezkioko geltokiak berak ere ez lukeela «zentzurik» galduko: «Geltoki hori inolaz ere ez zen Ezkio eta Nafarroa lotzeko diseinatu eta programatu».