Mendoza: «PAI ezarri zen batere aurreikuspenik eta planifikaziorik gabe»

Nafarroako Hezkuntza kontseilariak uste du «arretaz aztertu» behar dela egokia den ingelesezko programa halako erritmoan ezartzen jarraitzea

Jose Luiz Mendoza kontseilaria atzoko agerraldian. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2015eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
PAI Ingelesez Ikasteko Programa Nafarroako eskoletan «aurreikuspenik eta planifikaziorik gabe» ezarri zela salatu zuen atzo Jose Luiz Mendoza Nafarroako Hezkuntza kontseilariak Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldi batean. Horrek ikasleen curriculumean zuzenean eragin duela ohartarazi zuen: «Ez onerako, preseski». 2013ko otsailean egindako balorazio txosten bat erabili zuen datuak azaleratzeko, eta beste ebaluaziorik egin ez izana leporatu zion aurreko gobernuari. «Ez dakigu ez duten baloraziorik egin, edo emaitza txarrak gordetzeko ezkutatu egin duten». Urtebeteko etena egin, eta PAIren errentagarritasuna sakon aztertu behar dutela esan zuen.

«Gure seme-alabei ez diegu txertorik jartzen albo ondorioak izan ditzakeen jakin gabe. Gauza bera hezkuntzan ere. Ezin dugu programa bat martxan jarri, ikasleek behera egiten badute». Era berean, Mendozak gaitzetsi du PAI arautzeko legedia «beharrak sortu diren heinean» eratu dela, programaren ardatz nagusiekiko —curriculuma, irakasleen prestakuntza eta baliabide teknikoak—inolako aurreikuspenik gabe.

Kontseilariak berretsi du garrantzitsua dela ikasle nafarrak ingelesez komunikatzeko gai izatea, baina horretarako bide egokiena topatu nahi dute. Hizkuntzen Trataera Bateratua proposatu du, Nafarroako bi hizkuntzak zein atzerrikoak era integratuan irakasteko metodo posible gisa. PAI 2013 txostenaren arabera, oso irakasle gutxik zuten ingeleseko C1 titulazioa PAI ezartzen hasi zirenean, eta horrek B2ra jaitsi zuen maila. Halaber, Mendozak kritikatu du ikastetxe berrietan programa sartzen jarraitzea, PAIk Nafarroan diagnosi txarra izan arren. Bigarren hezkuntza alde batera utzi izana ere gaitzetsi du. ELA sindikatuak, bestalde, ohar baten bidez egin du kritika: «PAIren inposizioa edozein irizpide teknikoren aurka ezarri zen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.