Juan Kruz Mendizabal Gipuzkoako bikario nagusi ohiak 13 urteko gazte batez abusatu zuen sexualki 1994ko udan, aste honetan Donostiako Elizbarrutiak aitortutako erasoak gertatu baino zazpi urte lehenago, beraz. Berria Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak jakinarazi zuen prentsaren aurrean atzo arratsaldean, biktimaren lekukotasun zuzena goizean, bere bulegoan, entzun ondoren.
Mendizabal 1992an egin zen apaiz, eta oso lotuta egon zen, hasieratik, gazteen inguruko taldeekin. Hain zuzen ere, eskaut gazteen udako topaketa batean gertatu zen orduko erasoa, eta protagonistek gaur arte isilpean gorde dute gertatutakoa. Testigantza honek frogatzen du, beraz, denbora luzez adingabeei sexu erasoak egin zizkiela egun Elizak zigortuta dagoen gizonak. Laugarren kasu bat argitzeke dago oraindik. Elizbarrutia ikertzen ari da.
Munilla gotzainak zuzentzen duen Donostiako Elizbarrutiak Mendizabalen kontrako bi salaketaren berri eman zuen asteartean. Ohar ofizialaren arabera, 2001ean eta 2005ean bi adingaberi «ukitze desegokiak» egin zizkien apaizak. Elizbarrutiaren aitorpena Mendizabal bikario nagusiaren kargutik kendu eta ia hamar hilabetera etorri da, gazteen gurasoek kasua publikoki salatu behar zutela iragarri dutenean, hain justu. Abusuak jasan dituzten pertsonak gertaerak salatzera animatu dituzte senideek.
Mendizabalek, urte hauetan guztietan, ardurak izan ditu Gipuzkoako hainbat gazte talde eta antolamendutan. Hain zuzen ere, 1994an Euskalerriko Eskautak taldeko Gipuzkoako Elizaren ordezkaria zen bera, eta 1996an Donostiako Gotzaindegiko Gazte Pastoraltzaren arduradun izendatu zuten. 2006ra arte egon zen lan horretan. Orduan, Bergarako Santa Marina elizaren ardura hartu zuen. 2008an, Antzuolako eta Bergarako San Pedro elizako parroko izendatu zuten.
Mendizabal, era berean, oso ezaguna zen Donostiako Alde Zaharreko kristauen artean, bereziki gazteen artean.
13 urterekin
1994an, M.A.-k 13 urte zituen. Urte hartako uztailaren 13tik 23ra, Espainia osotik iritsitako hainbat eskaut talde elkartu ziren Burgin (Nafarroa), kanpamentu handi batean. Tartean ziren Euskal Herriko eskaut taldeetako kide ugari. M.A., garaiko gazte asko bezala, gurasoek bultzatuta sartu zen Gipuzkoako ekialdeko eskualde bateko eskaut taldean, eskolaz kanpoko ekitaldi ugari antolatzeaz gain, errespetua, adiskidetasuna eta, orokorrean, humanismo katolikoa lantzen zelakoan. «Larunbatero elkartzen ginen herriko lokalean, tailerrak lantzeko, antzerkiak prestatzeko edo kantatzeko, adiskidetasun giroan», gogoratu du. «Horrez gain, eskaut taldearen bizitzaren parte garrantzitsua ziren mendira egiten genituen irteerak, batez ere udakoak, luzeagoak zirelako. Geure kabuz nola baliatu ikasten genuen, kanpamentuak eraikitzen genituen, bazkariaz arduratzen ginen. Lagun handiak egin genituen, eta oso ondo pasatu genuen».
Burgiko topaketa hura ibaitik gertu dagoen makaldi batean egin zen. 13 eta 16 urte bitarteko umeak elkartu ziren. Antolaketa errazteko, kanpatzeko eremua banatu egin zuten, eta eremu bakoitzean hainbat tokitako gazteak elkartu zituzten, harremanak lantzeko. Irekiera ekitaldia egin zenean, ez zen meza falta izan.
«Erreferentzia zen guretzat»
Gau batez, Juan Kruz Mendizabal hurbildu zen M.A. zegoen eremura. Garai hartan, Mendizabalek Euskalerriko Eskautak Gipuzkoako taldean Elizaren kontseilariaren kargua betetzen zuen. «Ondo ezagutzen genuen, urtero ospatzen zen Gorka Deunean, eskauten egunean, behin baino gehiagotan topo egin genuelako. Oso atsegina zen, hurbila eta alaia. Ez zen beste apaizak bezalakoa, erreferentzia zen guretzat. Horregatik miresten nuen, beste apaizak bezalakoa ez izateagatik. Niretzat, lagun bat zen. Denok Kakux deitzen genuen. Orduan, 32 urte zituen».
Gau hartan, kantatzen eta gitarra jotzen aritu ziren luze gazte guztiak eta begiraleak. Uztaila zen, gau giro ederra zegoen. M.A.-k gogoratzen du nekatu samar sentitu zela, eta kanpin dendan sartzea erabaki zuela, bakarrik. Lokartu egin zen. Gainerako guztiak kanpoan geratu ziren, gaua atari zabalean igarotzeko asmoz.
«Halako batean, esnatu, eta bihotza geratu egiten zitzaidala sumatu nuen», kontatu du. «Esku bat nabaritu nuen lo-zaku barruan, zakila eta barrabilak ukitzen zizkidala. Ezin nuen sinetsi. Norbait arnasestuka sentitu nuen denda barruan, beste eskuarekin masturbatzen zen bitartean. Berehala jakin nuen bera zela. Jakin nuen, besterik gabe, aurpegira begiratu behar izan gabe. Duda izpirik gabe jakin nuen. Bat-batean». Mugitzen hasi zela dio. Lo balego bezala, baina mugitu; eta atzean zeukanak eskua atera zuela, azkar, lo-zakutik. «Lo plantak egiten jarraitu nuen, zer egin pentsatu bitartean. 'Azkar, pentsatu zerbait, pentsatu zerbait!', esaten nion neure buruari».
Egoera horretatik nola atera erabaki bitartean, eskua berriro lo-zakuan sartzen zuela nabaritu zuen gazteak. «Eta masturbatzeari ekin zion berriro. Berriro lo deserosoa banu bezala mugitzen hasi nintzen, marruka, eta eskua atera egin zuen atzera lo-zakutik. Banekien bakarrik nengoela berarekin denda barruan, eta handik atera behar nuela. Ura eskatzen hasi nintzen. Ahapeka hasieran, gero eta altuago gero. Denda astintzen hasi nintzen eskuekin, paretak edo ateak balira bezala. 'Ura... Ura! Ura!!!', gero eta ozenago. Berak esan zidan: 'Lasai, nik emango dizut ura. Lasai!'. Denda irekitzen hasi zenean, salto batez, dendatik atera nintzen».
«Amesgaiztoren bat»
Hainbat begiralek baieztatu dute dendatik kanpo lagunen babesa bilatu zuela gazteak, urduri eta bere onetik kanpo zegoela, eta Mendizabali oldartu zitzaiola. «Irainka hasi nintzaion, garrasika, nola egin zezakeen horrelakorik». Begirale batek bere eremutik ehun bat metrora aurkitu zuen gero, hanka-hutsik, negar batean. Lasaitzea lortu zuenean, Burgiko taberna batera eraman zuten. Han elkartu ziren beste begirale batzuekin, eta kanpamentuan ardura zuen apaiz bat hurbildu zitzaion gazteari. «Asko sentitzen zuela esan zidan. Eta laguntzarik behar izatekotan, esateko». Hurrengo egunean etxera bidaltzea erabaki zuten denen artean. Juan Kruz Mendizabali azalpenak eskatu zizkiotenean, hark adierazi zien «amesgaiztoren bat» izan zuela gazteak, oihuka esnatu zela.
M.A.-k etxean pare bat egun zeramatzan, eta lasaiago zegoela ikusirik, gurasoek erabaki zuten onena izango zela ahal bezain laster normaltasunera itzultzea. Begiraleek ziurtatu zietenean Mendizabal jada ez zela han egongo, gaztea Burgiko kanpamentura itzuli zen, hamar eguneko ibilaldia hasi behar zuelako bere taldeak Pirinioetan zehar. Kanpamentuaren azken egunean, gau hartan laguntza eskaini zion apaizak eman zuen azken meza. «Jauna hartzera hurbildu nintzenean, esan zidan asko pozten zela ni berriro han ikusita. Eskuak hartu zizkidan, maitasun handiz. Eskertu nion keinua, bere laguntza. Inoiz ez zait ahaztuko». Hura izan zen M.A.-k jauna hartu zuen azken aldia.
Behin kanpamentua eta ondorengo ibilaldia amaituta, begiraleak gurasoekin elkartu ziren berriro, gaztearen etxean. Nabarmendu zuten Mendizabalek dena ukatzen jarraitzen zuela, ez zela ezer gertatu berresten zuela. «Bere hitza nirearen kontra zen, ez baitzegoen lekukorik», dio M.A.-k. «Publiko eginez gero ondorioak ekarriko zituela komentatu zen, prentsa eta abar, eta horrek eragina izan zezakeela nigan. Nik negar besterik ez nuen egiten. Sekulako disgustua nuen. Gurasoek, zerbait puntuala izan zela ikusirik, erabaki zuten onena zela gaia ez haizatzea. Disgustu txar bat, esperientzia txar bat, pasatuko zitzaidala. Haiek pentsatu zuten hori zela ni babesteko modurik onena. Hor geratu zen dena».
Urriaren 1ean, handik bi hilabete pasatxora beraz, Euskalerriko Eskautak Gipuzkoa taldeko zuzendaritzak egin zuen ohiko batzarrean, Juan Kruz Mendizabalek Elizaren kontseilari gisa jarraitzen zuen. Berak gidatu zuen batzarra.
«Izen-abizenak jarri dizkiot»
Gaur egun, 36 urte ditu M.A.-k. Iaz, Spotlight filma ikusi zuen. 2016ko Oscar sari nagusiak irabazi zituen filmak azaltzen du nolako kazetaritza ikerketa egin zen Bostonen, AEBetan, 70eko eta 80ko hamarkadetan Eliza katolikoaren inguruan gertatutako sexu abusuen gaia hartuta. Dioenez, filmak eta antzeko kasuen inguruko salaketek barrenak mugitu dizkiote. Berriki, duela hilabete eskas, senitarteko baten hiletan, Juan Kruz Mendizabal ikusi zuen aurrez aurre. Begiradak gurutzatu ziren istant batez, eta ezin izan zion eutsi. Dena berpiztu zitzaion.
«Urteak pasatu eta inork ez dit lagundu bidean, dena nik egin behar izan dut: gertatutakoari forma eman, izen-abizenak jarri. Baina ez nekien zer izango zen zabor hau barruan hainbeste urtez eramatea. Ez zen bortizkeria fisikorik egon; ez ninduen lotu; ez ninduen behartu. Baina egin zuena egin zuen ni adingabea nintzelako, ume bat, aprobetxaturik bakarrik nengoela, aprobetxaturik konfiantza nuela berarekin, maltzurkeriaz, aldez aurretik prestatuta inor gure ondoan egon ez zedin. Eta zuzenean horra jo zuen. Zuzenean. Horrek izen bat du: sexu abusua adingabe bati. Eta abizena: Elizako kide batek egina».
Bere buruarekin zor bat kitatu nahi duela sentitu du. Horregatik erabaki du orain dena publiko egitea. «Neska-lagunari esan nion nire barruan zerbait ez zegoela ondo. Zerbait egin behar nuela, ez nuela honekin bizitza osoa eman nahi. Gurasoekin berriro hitz egin dut honetaz, 22 urte isilean barnean gorde ondoren. Konturatu bainaiz ume, gazte edo jada helduak diren beste batzuk egongo direla, seguru asko, nire egoera berean, pertsona berarekin gauza bera sufritu dutenak. Pentsatzeak ez naizela bakarra izan, horrek are gehiago kezkatu nau, eta indarrak eman dizkit aurre egiteko. Izan ere, ez baitut inolako zalantzarik ni ez nintzela bakarra izan».
Sexu abusuak Eliza katolikoan
«Mendizabalek sexualki abusatu zuen nitaz 1994an»
Juan Kruz Mendizabal apaizarekin lotutako beste salaketa baten berri eman zuen atzo Jose Ignacio Munilla gotzainak. Duela 22 urte udako kanpamentu batean sexu abusuak jasan zituen gazte hark lekukotza eman dio BERRIAri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu