Mendizabal senataria borraz kolpatu zuteneko auziak aurrera egingo du

Hala erabaki du Donostiako epaile batek; ertzain bat inputatu gisa agertzen da.Duela bi urte gertatu zen, Herrira-ren kontrako operazioaren ingurumarian.Zortzi puntu eman zizkioten buruan

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2015eko irailaren 30a
00:00
Entzun
Duela bi urte izan zen. Gaurkoaren moduko egun batean, 2013ko irailaren 30ean, Herrira euskal presoen eskubideen defentsan aritzen zen elkartearen kontrako polizia operazioa agindu zuen Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Guardia Zibilak 18 pertsona atxilotu zituen, eta elkarteak Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Hernanin zituen egoitzak miatu eta itxi zituen.

Berak nahi gabe ere, Amaiurrek Espainiako Senatuan duen ordezkari Amalur Mendizabalena (Zizurkil, Gipuzkoa, 1979) izan zen egun hartako irudi esanguratsuetako bat: ertzainen aurrean, burua odoletan, senatari agiria eskuan zuela. Zauriturik suertatu zen Ertzaintzaren oldarraldi batean, Hernanin (Gipuzkoa), Guardia Zibilak zenbait lagun atxilotu eta Herrira-ren egoitza miatu eta gero. Orain, eraso horren inguruko auziak aurrera egingo duela erabaki du Donostiako 5. Instrukzio Epaitegiko epaileak, plazaratutako ebazpen batean.

Mendizabalek ondo gogoan du orduan gertatutakoa. «Herritar mordo bat bildu zen Herrira-ren egoitzaren inguruetan, eta hautetsi talde bat ere han egon ginen. Arratsalde osoan giroa oso lasaia izan zen. Gu izkina batean geunden, eta ertzainek han egoten utzi ziguten inolako arazorik gabe. Baina iluntzean, atxilotuak ateratzen hasi zirenean, badirudi iskanbilaren bat egon zela, eta ertzainek atzerago joateko esan ziguten. Gure asmo bakarra zen atxilotuak nola zeuden ikustea; horregatik hurbildu nintzen ertzainengana, senatari agiria eskuan, hori adieraztera».

Une hartan, ertzain batek borra atera eta buruan jo zuen Mendizabal. «Ni harrituta geratu nintzen. Ez dakit zer gertatu zen, nik ez nuen horrelakorik inondik inora espero, oso lasai geundelako». Burutik behera odoletan zegoela nabaritu zuen. Txartela erori egin zitzaion, eta bera ere lurrera jausi zen. «Erorita nengoela, ertzain batek ibili ninduen lurrean, azkenean beste batek altxatu ninduen arte». Zaurian zortzi puntu jarri behar izan zizkioten.

Beste hautetsi batek lagunduta, han zeunden ertzainen buruari eskatu zion borraz jo zuen agentea identifikatzeko, baina hark ez zion ertzainaren zenbakia eman nahi izan. Dena dela, epaileak plazaratutako ebazpenean ertzain bat agertzen da inputatu gisa: «Zorte handia izan nuen, kamera eta kazetari askok jaso zutelako gertatutakoa. Ez dakit horri esker lortu ote duten edo bestelako biderik erabili ote duten, baina azkenean ertzaina identifikatu dute».

Mendizabalek dioenez, Barne saila ez da inoiz berekin harremanetan jarri, eta ez dio azalpenik eman gertatutakoaren inguruan. «Galdetu ere ez didate egin zer gertatu zen egun hartan». Mendizabalek salaketa jarri zuen, eta orain jakin du epaileak, hainbat diligentzia egin ostean, auzibidearekin aurrera jarraitzea erabaki duela, gertatutakoa «ustez lesio delitu bat» izan daitekeelakoan, epaileak idazkian adierazitakoaren arabera.

Orain, «babesgabeago»

Auzibidea zertan amai daitekeen ez daki oraindik Mendizabalek, eta, auziak aurrera jarraitzea «albiste ona» dela pentsatzen duen arren, gertaturikoak beste gogoeta bat sortzen dio: «Geroztik, mozal legea deritzona onartu dute Espainiako Gorteetan, beste gauza askoren artean polizien jardueren irudiak hartzea galarazten duena. Horrek esan nahi du aurrerantzean beste inori gertatzen bazaio niri gertatutakoa askoz babesgabeago egongo dela, nire kasuan behintzat bideo bat dagoelako».

Donostiako herri harresi izenekoan gertatutakoa ere aipatu du Mendizabalek: «Neska batek salaketa jaso zuen, ertzain bati eraso egin ziolakoan, baina azkenean irudiak aurkeztu zituen, eta frogatu ahal izan zuen alderantziz izan zela, neskari egin ziotela eraso ertzainek, eta auzia bertan behera gelditu zen. Baina aurrerantzean herritarrok ez dugu irudien babes hori izango», esan du.

Orain, zain dago Amalur Mendizabal, jakiteko ea fiskaltzak epaiketa egiteko eskatzen duen ala ez eta epaileak zein erantzun ematen ote dion fiskaltzaren txosten horri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.