Dokumentazio guztia bidaltzeko. Eskari hori egin dio fiskaltzak Donostiako Elizbarrutiari, Juan Kruz Mendizabal apaizak eginiko sexu abusuen kasuan. Herenegun hizketan aritu ziren Jose Ignacio Munilla gotzaina eta Juan Kalparsoro EAEko fiskal nagusia; Munillak kontatu zion nola gizon bat joan zitzaion bulegora goizean, eta xehetasunez salatu zion Mendizabalek 1994an egindako erasoa. Kalparsorok BERRIAri adierazi dionez, gotzainari eskatu dio bidaltzeko fiskaltzari informazio osoa: bai bi gazteen salaketaren ondorengo prozedura kanonikoarena, bai bi gazte horiek aipatutako hirugarren kasuarena, bai azken salaketarena. Hasiera-hasierako fasean daude fiskalaren diligentziak, eta, oraingoz behintzat, ez dute deklaratzera deituko apaiza.
Asteazkenean ireki zituen diligentziak Gipuzkoako fiskalburuak, Idoia Zuriarrainek. Bezperan, astearte arratsaldean, bi ohar atera zituzten Mendizabalen abusuei buruz: bat, bi gaztek, 2001 eta 2005ean apaizak eraso egin ziela berri emateko; bestea, gotzaindegiak, abusu horiengatik Mendizabal zigortu zutela jakinarazteko. Hori ikusita hasi zuen prozedura fiskaltzak. Bi kasu gehiagoren berri jakin dute ordutik. Bat, aurreko bi gazteek gutunean aipatua: aditzea zutela beste biktima bat bazegoela. Bestea, atzo BERRIAn hitz egin zuen gizonarena —gotzainarekin herenegun izan zen—.
Bideragarritasun juridikoa
Ikusteko dago esparru juridikoan nolako bideragarritasuna daukaten salaketa horiek. Izatez, oraingoz ez dago salaketarik auzitegietan: fiskalak ofizioz hasitako ikerketa bat bakarrik. Horregatik, oraingoz behintzat ez dute deklaratzera deituko Mendizabal bikario ohia. Sexu abusuen delituak iraungita ote dauden, hori da giltzarria. BERRIAn agertutako lekukotasunari dagokionez, Kalparsorok emantzat jo du iraungita dagoela, 1994ko erasoa delako; 13 urte zituen orduan gizonak. Beste biekin, erabat argitzeko dago; sexu abusuak geroago eginak dira —2001ean eta 2005ean—, eta gogoan izan behar da 2004an Espainiako Zigor Kodea aldatu zuela delituen iraungitze epeak atzeratzeko —adingabeen aurkako delituen kasuan, gaztetxoak 18 urte betetzean hasten dira epea zenbatzen; sexu abusuen kasuan, bost-hamar urteko epea da—. Fiskalak hori aztertu behar du orain, epea indarrean dagoen edo ez. Gotzaindegiaren oharraren arabera, epea amaitu da.
Elizako prozedura
Ohiko justiziaren bidearen alboan, ekinbideak hasiko ditu Elizak ere. Aurreneko bi abusuengatik uztailean zigortu zuten Mendizabal: hiru urtez ezin du ardurarik eduki Elizan —bikariotzatik eta Donostiako San Ignazio parrokiaren arduratik kendu zuten—, eta tratamendu psikologikoa eta «espirituala» jasotzen ari da. Udatik ari da zigorra betetzen, baina ez zuten horren berri eman. Izatez, itxuraz bizitza normala egin du; batetik, meza ematen aritu da —ez zuen galarazia hori, nahiz apaiz baten baimena behar zuen—, eta, bestetik, elkarrizketak ematen ere bai —aurreko asteetan eginiko elkarrizketa bat kaleratu zuen atzo Puntua aldizkariak, eta abusuei buruz ere mintzo da: «Guk horrelakoak ez ditugu ezagutzen».
Azken salaketak egoera aldatu du. Batetik, behin-behineko neurriak hartu ditu Munilla gotzainak, salaketak «egiantzekotasun handia» duela ikusirik. Monasterio batean itxi dute apaiza. Prozedura kanoniko bat abiatuko dute orain. Aurrekoan ez zioten jarri, baina ez da baztertzekoa orain zigor nagusia jartzea: egoera klerikala galtzea, elizgizon izateri uztea. Sexu abusu larriak izatea eta Mendizabalena portaera jarraitua izatea litzateke horretarako zioa.
Elizaren esparrutik kanpo apenas izan du erreakziorik abusuen gaiak. Atzo, kazetariek galdetuta, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak esan zuen Elizari dagokiola prozesua. «Ez dagokit inolako baloraziorik egitea».
Sexu abusuak Eliza katolikoan
Mendizabal apaizaren sexu erasoei buruzko informazioa galdegin dio fiskalak gotzainari
BERRIAn agertutako kasuko delitua iraungita dagoela uste du fiskaltzak; beste bi gazteen kasua ikertzen ari da. Azken kasuaren ondorioz, apaiz kargua gal dezake Mendizabalek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu