Mendizabal apaiza auzitegian salatu dute, abusuak egotzita

BERRIAn lekukotasuna eman zuen gizonak Gipuzkoako fiskalburuaren aurrean deklaratu du. Ofizioz hasitako diligentziak martxan ditu fiskalak

Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2017ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Beste pauso bat eman du. Orain bi aste BERRIAn Juan Kruz Mendizabal apaizaren abusuak salatu zituen gizonak salaketa jarri du auzitegian. Gipuzkoako Fiskaltzak ikerketa abian du abusuen harira, eta gizonari deklarazioa hartu dio fiskalburuak, Idoia Zuriarrainek. Salaketa ere jarri du gizonak. Diligentziak ofizioz hasi zituen fiskalak, elizbarrutian sexu erasoen salaketak zeudela ikusita. M.A.-k jarritako salaketa da auzitegira iritsi den lehena; ez dira heldu Elizak Mendizabali jarritako zigorraren oinarri izan ziren bi kasuak.

M.A.-k BERRIAn kontatu zuenez, 1994an abusuak egin zizkion Mendizabalek, Burgin (Nafarroa), kanpaleku batean. 13 urte zeuzkan gizonak. Kanpin dendan sartu zitzaion Mendizabal; gizonak kontatu duenez, zakila eta barrabilak ukitu zizkion, eta, aldi berean, masturbatzen hasi zen apaiza. Kontakizun hori egin dio fiskalari.

Munillak, sinesgarritasuna

Jose Ignacio Munilla Donostiako Elizbarrutiko gotzainari ere kontatu zion gizonak ordukoa. Orain bi aste egon zen gotzainarekin; hura entzun ondoren atera zen hedabideen aurrera Munilla. Lekukotasunari sinesgarritasuna eman zion, eta behin-behineko neurriak hartu zituen Mendizabalen kontra; besteak beste, ezin daiteke apaiz jardunean aritu eta itxita daukate monasterio batean.

Horren aurretik, beste bi salaketa jaso zituen gotzaindegiak. Bi mutilek jakinarazi zuten Mendizabalek abusatu egin zituela 2001 eta 2005ean. Martxoan jarri zuten salaketa Elizan, eta uztailean zigortu zuten apaiza: karguak kendu zizkioten hiru urterako, eta tratamendu psikologikoan jarri zuten. Isilean gorde zuten dena, harik eta orain bi aste gazteek gutun bat ateratzea erabaki zuten arte —susmoa dute pertsona gehiagok ere jasan zituztela abusuak—.

Hedabideetan berriak ikusita, diligentziak hasi zituen fiskalak. Testigantzak hartzen ari da. Gotzaindegiarekin ere harremanetan da, informazioa bidaltzeko. Delituak iraungita dauden, hori izango da aurrera egiteko gakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.